Migratzaileak

Paperik gabeko migratzaileen kanporatzeak azkartzea adostu du Europako Batasunak

Batasunaren kanpo mugak indartuko dituzte estatu kideek. Hesien eraikuntza finantzatzeko eskatu dute hainbat herrialdek, besteak beste Austriak eta Greziak.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen, bart gauean, Bruselan. OLIVIER HOSLET, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko otsailaren 10a
10:01
Entzun

Bi urte eta erdi daramatza Europako Batasunak Migrazio eta Asilorako Europako Akordio bat itxi nahian, baina blokeatuta dago oraindik ere. Aldiz, ados jarri dira paperik gabeko migratzaileen kanporatzeak azkartzean. Europar Kontseiluaren bi eguneko bilera baliatu dute zenbait estatu kidek gainontzekoak estu hartzeko.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek bart aurreratu zuen «lanean» jarraituko dutela migraziorako ituna adosteko, baina bien bitartean badaudela zenbait neurri «berehala» indarrean jar daitezkeenak, eta horietako bat litzateke kanporatzeak azkartzearena —gaur egun, kanporatze aginduen %21 betetzen dira—.

«Migrazio fluxua kontrolatu eta kudeatzeko neurri sorta bat lantzea adostu dugu», azaldu du Europar Kontseiluko buruak, Charles Michelek. Neurri horietan, nagusia da Bruselak konpromisoa hartzen duela Batasuneko mugetan dauden herrialdeekin «elkarlanean» aritzeko, «mugak sendotu eta horiek zaintzeko azpiegiturak indartzeko».

Hitzartutako testuak eskatzen dio Batzordeari finantza ditzala EBren «kanpo mugen kontrolerako» estatu kideek hartzen dituzten «neurriak», baita muga horiek kudeatzeko proba pilotuak eta migratzaileek EBra sartzeko baliatzen dituzten herrialdeetako mugetako segurtasuna hobetzeko neurriak ere. Horrez gain, galdegiten dio Bruselari «berehala» eman dezala modua ekonomikoki estatu kideek euren mugetako segurtasuna hobetu ahal izateko, lurreko eta aireko zaintza neurriak indartuz. Dena den, Von der Leyenek zehaztu zuen neurri horiek guztiek «inbertsio nazionalak» ere beharko dituztela.

Burdin hesi gehiago

Austria eta Grezia izan dira akordioa bultzatu duten herrialdeetako bi. Bruselak hormigoizko nahiz burdinezko hesi gehiagoren eraikuntza finantzatzea eskatzen zuten Atenasek eta Vienak, baita ekialdeko zenbait estatu kidek ere. Hala, lortutakoarekin pozik agertu zen Austriako kantziler Karl Nehammer: «Batzordeak konpromisoa hartu du Bulgaria eta Errumaniako proiektu pilotuak babesteko».

Die Welt egunkariak zabaldutako Europako Batzordearen txostenaren arabera, Austria izan da azken urtean migratzaile gehien jaso dituzten herrialdeetan laugarrena; horietatik %40 Bulgariatik sartu dira hara. Horregatik jarri dio Vienak betoa Bulgaria eta Errumania Schengen eremuan sartzeko proposamenari. Arrazoi beragatik, Vienak 2.000 milioi euroko laguntza eskatu dio Bruselari Bulgariarentzat, hark Turkiarekin duen mugan hesi bat eraiki dezan.

Hesiak eraikitzera ez ezik, bisak mugatzera ere bultzatu nahi ditu Bruselak kideak, «hirugarren herrialde seguruen zerrenda» osatzearekin batera —Bangladesh, Turkia eta Tunisia dira «herrialde seguru» horietatik hiru—.

Migrazioarena gai labainkorra izan da Europako Batasunarentzat 2015etik hona —milioi bat iheslaritik gora heldu ziren ordu hartan Siriako gerratik ihesi—. Geroztik, asilo politika bateratuak adostu ezinik aritu dira estatu kideak. Aldiz, inork ez du oztoporik jarri ateak giltzaz ixteko orduan. 2022an, 2.000 kilometro hesi zeuden eraikita Espainiatik eta Greziatik hasi eta Poloniaraino; 2014an, berriz, 300 kilometro soilik ziren.

«Europaren erronka da, eta Europaren erantzuna behar du», dio dokumentuak. Von der Leyen bera ez da Batzordeak hesiak finantzatzearen aldekoa, baina estatu kideek argudiatzen dute Bruselak bestelako zaintzak finantzatzen baditu herrialdeek euren aurrekontuaren zati bat baliatu dezaketela hesiak eraikitzeko.

Europako Batasunaren arabera, siriarrak, tunisiarrak eta afganiarrak dira iaz kontinentera heldutako asilo eskatzaile gehienak, eta horietatik soilik herenek lortuko dute geratzeko baimena. Horiei gehitu behar zaizkie iazko otsailetik Ukrainiatik ihesi heldutakoak. EBko kanpo mugetan dauden hainbat herrialdeak ohartarazi zuten batzarra hasi aurretik egungo asilo sistema «apurtuta» dagoela. «Benetako ahaleginik gabe, legez kanpoko migrazioak jarraitu egingo du, eta arazoa okerragotuko da datozen urteetan», dio estatu kideei bidalitako idatziak. Sinatzaileen artean daude Malta, Danimarka, Lituania eta Estonia.

Giza eskubideen aldeko erakundeek behin baino gehiagotan salatu dute Europaren migrazio politikak «legez kanpokoak eta gizagabeak» direla, baita migratzaileen aurkako jarrerek eskuin-muturra sustatzeko balio dutela ere. Horrez gain, salatu dute gaur-gaurkoz asilo eskatzaileek sei hilabete eta hiru urte artean itxaron behar dutela erantzun bat jasotzeko. Ondorioz, askok beste herrialde batera jotzen dute lehen eskariaren erantzuna jaso baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.