Memoria historikoa

Ezkaba memoria gune bihurtzeko bidea hasi dute Espainiako eta Nafarroako gobernuek

Lantalde bat osatuko dute, gotorlekua memoriaren leku izendatzeko prozesua abiatzeko. Txibitek esan du «herritarren eskura» jarri nahi dutela gotorlekua.

Ezkabako presoei omenaldia 2014ko maiatzean. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 10a
14:08
Entzun

Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) memoria gune izendatzeko bideari ekin diote Espainiako eta Nafarroako gobernuek. Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako ministroa eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea gaur goizean batzartu dira Iruñean, eta han adostu dute Ezkabako gotorlekua memoriaren leku izendatzeko prozesua abiatzea. Bolañosek nabarmendu du diktaduran jasandako errepresioaren gune «enblematikoa» dela, eta lortutako akordioarekin «egin beharreko bidearen lehen harriak jartzen» hasiko direla. Gaur adostu dutenez, lantalde bat eratuko dute, eta haren egitekoa izango da hitzarmen bat egitea Ezkaba memoria gune izendatzeko.

EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Legearen inguruan lortutako akordioaren barruan zegoen Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea. 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok ihes egin zuten espetxe frankista bihurtutako gotorleku hartatik. Horietatik 207 tiroz hil zituzten toki berean. Beste hamalau, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea. 7.000 pertsona inguru espetxeratu zituzten Ezkabako gotorlekuan: 1934an ailegatu ziren lehendabiziko presoak, eta, 1936ko otsailera arte, 800 hartu zituzten. Hilabete hartan, gotorlekuko bizi baldintza gogorrek eragindako eztabaidaren ondorioz, denak atera ziren, amnistia baten bidez. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, frankistek erabili zuten eraikina espetxe gisa.

Nafarroako presidenteak azaldu duenez, gotorlekua «herritarren eskura» jarriko duen eredu bat diseinatzeko lan egingo dute bi gobernuek. Ezkaba erreferentzia gune bat izatea nahi dute, «ikuspuntu pedagogikotik» eta «ezagutzarenetik», eta memoria elkarteekin elkarlanean egin nahi dute, Txibitek azaldu duenez.

Koalizio gobernua berriz
Datozen hauteskundeen inguruan ere mintzatu da ministroa, eta ziurtzat jo du Txibitek Nafarroako presidente karguari eutsiko diola, eta PSNk Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin duen gobernu koalizioa berriz egitearen alde agertu da. Baikor mintzatu da PSNk hauteskundeetarako dituen aurreikuspenekin, uste baitu bozetatik «indartsuago» irtengo dela: «Herritarrek aintzat hartuko dituzte azken urteotan gobernuak egindako politikak», nabarmendu du.

Txibite ere gobernu koalizioa berriro egitearen alde dago. «Gure apustu politikoa da babes soziala handitzea eta gobernu ituna berriro egitea; modu horretan, ez gara beste alderdien menpe egongo», adierazi du gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.