Zinema

Carlos Saura hil da, 91 urterekin

Espainiako zinema modernizatzeak eta zentsura frankistari aurre egin izanak desberdindu zuen zinemagilea. La caza, Peppermint frappé, Cría cuervos eta Elisa, vida mía dira haren lanik esanguratsuenetako batzuk. Ohorezko Goya saria jasotzekoa zen bihar, hain justu.

Carlos Saura zinemagilea, iazko urrian. CHEMA MOYA / EFE
itziar ugarte irizar
2023ko otsailaren 10a
17:56
Entzun

«Espainiako zinema leiho bat da, Espainia zer izan den eta nola oroitu duen begiratzeko». Uste horretan bermatuta hasi zuen ibilbide zinematografikoa Carlos Saurak (Huesca, Espainia, 1932), eta hala osatu du zazpi hamarkada beteko ibilia, bideko aldaketak aldaketa. Frankismoaren zentsura aparatuari aurka egitea egokitu zitzaion hasierako urteetan, eta Espainiako gizartearen askotariko gaitzei begiratu zien bere filmetan; ez edonola, gainera: ordura arteko zinemaren mugak harago eraman zituen —besteak beste, La caza (1965) filmean—, eta begirada horrek bereizi zuen lehen urratsak egin zituenetik. Musikari, literaturari —lau eleberri argitaratu zituen— eta argazkigintzari lotutako egile bat ere izan da Saura. 91 urterekin hil da, Ohorezko Goya saria jaso bezperan eta Las paredes hablan bere azken lana estreinatu berritan.

Ingeniaritza ikasketak utzi, eta Madrilen ekin zion zinemagile ibilbideari. Cuenca (1958) dokumentala izan zen bere lehen lanetako bat, eta Donostiako Zinemaldian saritu zuten, gainera; ondotik etorri ziren Los golfos (1969) eta La caza (1965): biek ala biek zentsura frankistarekin talka zuzena izatera eraman zuten. La caza izan zen, halaber, Elias Kerejeta zinemagileak ekoitzi zion lehen filma, eta elkarrekin egingo zuten lan multzo bateko lehena. 36ko gerrak utzitako zaurien inguruko erretratu gordina egin zuen zinemagileak lan hartan, eta zuzendaririk onenaren saria eman zioten harekin Berlinale jaialdian.

Peppermint frappé da ziur asko haren obran ondotik datorren lanik aipagarriena, hura ere Kerejetak ekoitzia —«ni Eliasekin hazi naiz, eta Elias nirekin»—. Errepresio frankistaren ondorioak arakatu zituen lan hartan ere, pertsonaien psikologian eta bere belaunaldian ikusten zituen zenbait gabeziatan arreta jarrita —sexualitatean, besteak beste—. Stress, es tres, tres (1968), El jardín de las delicias (1970) eta Ana y los lobos (1972) izan ziren garai hartan egin zituen beste filmetako batzuk; guztiak Espainiako gizartearen arrakalei begira onduak. Horietan ageri zen, orobat, Sauraren lana ezaugarrituko zuen estilo sinbolista, zeina Luis Buñuelengandik zetorkion, hark esan ohi zuenez. «Familiako beste kide bat izan zen beti. Hura aurkitzea irteera bat bilatzea izan zen niretzat, ulertu bainuen buruan nituen zenbait ideia egin egin zitezkeela, ez zirela zertan izan disparate hutsak».

La prima Angélica (1973) eta Cría cuervos (1975) Cannesen erakutsi zituen, eta horiek finkatu zuten haren izena nazioarteko zirkuituan. Memoria du ardatz Cría cuervos-ek ere, eta haren obran azpimarraz ageri diren beste lanetako bat da. Geraldine Chaplin —Saurarekin ezkonduta egon zen hamarkada batez— eta Ana Torrentek egin zituzten aktore lanak. Ondoko urteetan egin zituen, besteak beste, Elisa, vida mía (1977) —literaturaren eta zinemaren arteko elkarrizketa anbiziotsu bat— , Los ojos vendados (1978) —torturaren aurkako alegatua—, eta Mamá cumple 100 años (1976) —Ana y los lobos-en interpretazio barrokoa— film aupatuak, eta erreferentziazko egile bihurtu zuen aro bat itxiz joan zen horiekin.

Bestelako Saura bat

Oso bestelako zinema antzematen da Sauraren lanean 1980ko hamarkadatik aurrera. Erregistro gogoetatsuago batetik hurbilago zeuden filmak egin ordez, formatu konbentzionalago batetik gertuago zegoen zinema bat egiteari ekin zion. Kritikariek halakotzat jotzen dute, esaterako, Deprisa, deprisa (1981) filma —Urrezko Hartza irabazi zuen harekin Berlinale jaialdian—.

Antonio Gadesekin hasitako elkarlanak ere markatu zuen aldi berri hura. Trilogia musikal bat ondu zuten elkarrekin: Bodas de sangre (1981), Carmen (1983, Cannesen saritua) eta El amor brujo (1986). Haren zinemak izandako biraketaz galdetzen ziotenean, garai bakoitzean egitea zegokiona egin zuela erantzun ohi zuen Saurak. «Oso intuitiboa naiz, eta galdetzen badidazu nire zinema norantz doan... ez nuke jakingo esaten. Jauzika egiten du aurrerantz».

Pajarico (1997) —Pajarico solitario bere narrazio autobiografikoan oinarritua—, Goya en Burdeos (1999), Buñuel y la mesa del rey Salomón (2001) eta Jota de Saura (2016) dira azken hamarkadetan egin zituen filmetako batzuk. Paraleloan, idazketari eta argazkigintzari lotuta ere aritu zen, eta, besteak beste, Elisa, vida mía (2004) liburuan eleberri bihurtu zuen aurrez egindako izen bereko filma. Ahal zuen bitartean lanean jarraituko zuela errepikatzen zuen azken urteetan emandako elkarrizketetan, eta horren froga da aurreko asteburuan bertan estreinatu zutela Las paredes hablan haren azken lana. «Erretiratu, erretiratu... hiltzen zarenean erretiratzen zara, ezta? Edo ez zaizunean egiteko beste ezer gelditzen, nik uste, baina auskalo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.