Hauteskundeak
Urkulluk dio EAJk gauzak «ongi» egin dituela egoera zaila izan arren
Maiatzeko hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu EAJk, BECen. Urkulluk «eredugarriak» izateko eskatu die hautagaiei.

«Gaur egungo bide beretik» jarraitu nahi du EAJk. Mezu hori helarazi dute gaur BECen (Barakaldo, Bizkaia) Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Han egin dute maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako alderdiaren hautagaiak aurkezteko ekitaldia.
Kargudun, hautagai eta gainontzekoen artean, 2.000 alderdikide inguru elkartu dira gaurko ekitaldian. Han, Urkullu izan da hitza hartzen lehena. Esan du azken boladan, pandemia eta Ukrainako Gerra tarteko, «oso egoera zaila» tokatu zaiela, baina gauzak «ongi» egin dituztela kargudun jeltzaleek.
«Arazoak izan ditugu, baina ikasi ditugu lezioak, hartu ditugu ardurak, eta indarra erakutsi dugu zailtasunen aurrean», gehitu du. Bide horretan jarraitzeko eskatu die: «Autokonplazentzian erori gabe, erakunde guztiak elkarlanean, ekimen pribatuarekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan».
EAJ modeloa
Ortuzarrek, berriz, bozetan ahalik eta emaitza onenak eskuratzearen garrantzia azpimarratu du, «aldundiak eta udalak ondo gobernatuta egon daitezen»: «Gure egitekoa herri bat eraikitzea da, lurralde bat eraikitzea, nazio bat eraikitzea. Eta jendearentzat lan egitea», azpimarratu du.
«EAJ modeloa» goraipatu du alderdiko buruak, eta, Urkulluk bezala, azken urteetan egindako lana nabarmendu du. «EAJ behetik gora eraikitzen da, ez da pertsona bakarreko lidergoen alderdi bat. Hemen ez dugu oilar bat aukeratzen beste oilar batekin mokoka jarduteko eztabaidetan edo legebiltzarrean. Gurean taldea da garrantzitsuena», adierazi du. Bi buruzagiek aipatu duten beste ideietako bat izan da EAJk ez duela «inor atzean utzi», eta horretarako zerbitzu publikoek duten garrantzia nabarmendu dute.
Bi hitzaldi horien ostean, mahai inguru bat egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietarako eta hiriburuetarako EAJren hautagaiek: Elixabete Etxanobek, Eider Mendozak, Ramiro Gonzalezek, Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak eta Beatriz Artolazabalek.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.