Autogintza

Volkswagenek 1.024 milioi euro inbertituko ditu Landabenen, auto elektrikora egokitzeko

Bateriak biltzeko eta muntatzeko pabiloi bat eraikitzeko asmoa du. Urtean gehienez 400.000 auto egiteko ahalmenari eutsiko dio lantokiak.

Volkswageen fabrika. VW NAVARRA
joxerra senar
2023ko otsailaren 14a
10:58
Entzun

Azkenik, Volkswagenek argitu du aurten hasi eta 2027ra bitartean 1.024 milioi euroko inbertsioa egingo duela Iruñean. Informazioa Noticias taldeak aurreratu du, Nafarroako Gobernuak berak egindako txosten batean oinarrituta. Gobernuak foru intereseko inbertsiotzat joko du inbertsio hori bihar, administrazioko prozedurak azkartzeko asmoz.

Gaur, Maria Txibite Alemanian bertan da, taldearen egoitza nagusian, Wolfsburgen. Negoziazio hori bere gain hartu du Nafarroako Gobernuko lehendakariak, eta gobernuko iturriek nabarmendu dute «Nafarroan inoiz egin den inbertsiorik handiena» dela.

Mila milioi eurotik gorako inbertsio hori, besteak beste, Landabenen pabiloi bat egiteko baliatuko da. VWek Sagunton (Valentzia, Herrialde Katalanak) bateria fabrika bat eraikiko du, eta tokiko bateriak biltzeko eta muntatzeko tokia izango da pabiloi hori. 10.800 metroko koadro izango ditu, eta gainerako produkzio katearekin lotuko duen 187 metroko konexio gune bat izango du, gainera. Azken hilabeteotan, Landabenen garrantzitsutzat jo dute baterien muntatzea Iruñeak hartzea, bai fabrikaren lanpostuei begira, bai eta hornidura parkeari begira ere.

Gobernuaren informazioaren arabera, egun logistikarako erabiltzen den pabiloia txapa eta produkzio gunea handitzeko baliatuko da. Autoak margotzeko tailerra ere handitu egingo da, eta egun diren bi produkzio lerroei eutsiko zaie, bertan txertatuko baita elektrikorako lerroa. Muntatze eremuan, arestian aipatu bezala, eraikin bat eraikiko da baterientzat, eta eraiki nahi den eremuko instalazioak tokiz aldatu beharko dira. Autoak garraiatzeko trenbidea egokitu egin beharko da, eta inbertsio hori bere gain hartuko du Nafarroako Gobernuak.

Inbertsio handiaz gain, produkzio ahalmenari eutsiko dio lantokiak. Izan ere, fabrikak urtean gehienez 400.000 auto egiteko ahalmena izango du, eta batez beste 300.000 ibilgailu ekoiztea espero da. Dena dela, taldeak ohartarazi du hori merkatuaren bilakaeraren araberakoa izango dela.

Informazio hori edukita, gobernuak ondorioztatzen du 5.000 enplegu zuzen inguru izan ditzakeela fabrikak. Egun, fabrikan 4.550 langile inguruk egiten dute lan, eta horri gaineratu behar zaio urteotan autogintzan aplikatu den errelebo kontratuaren ondorioz euren etxeetan baina oraindik aktibo diren 450 langile daudela.

Volkswagenen asmoa da 2026an hastea auto elektrikoa ekoizten, eta, aurreko urteetan, modelo horiek diseinatzeko, garatzeko eta balioztatzeko lanak egin asmo ditu.

Zehazteko dago nolakoa izango den trantsizioa ondorengo bizpahiru urteetan, inbertsioa egiten den bitartean, eta nola eragingo dien horrek fabrikari eta langileen baldintzei. Ostegunean dira hauteskunde sindikalak Landabenen, eta langile batzorde berriak helduko dio proiektu industrialak lan baldintzetan izango dituen ondorioen negoziazioari.

Modeloei dagokionez, VW eta Skoda marketako modelo bana egitea espero zen, baina, gobernuaren txostenaren arabera, litekeena da Skodaren bi modelo eta VWen bat egitea azkenik.

Iruñean egingo den inbertsioa Martorellgo eta Saguntoko proiektuei loturik dago. Bartzelonako Seaten fabrikan auto elektrikora egokitzeko, 3.000 milioi euro inguru inbertituko ditu, eta Sagunton bateria fabrika egiteko, beste 3.000 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.