Espetxeratu beharrik gabe amaitu da Nekane Txapartegiren aurkako auzia

Sei hilabeteko espetxe zigorra adostu dute fiskaltzak eta defentsak. Txapartegik salatu du bere aurkako lehen zigor epaia torturapean egindako adierazpenetan oinarritu zela.

Nekane Txapartegi, gaur, epailearen aurrean. FERNANDO VILLAR / EFE
2023ko otsailaren 14a
12:24
Entzun

Nekane Txapartegi euskal herritarrari sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, dokumentazioa faltsutzea egotzita. Hala adostu zuten defentsak eta fiskaltzak, eta, beraz, ez da espetxean sartuko. Txapartegik 2007an egin zuen ihes, espetxe zigorra saihesteko. Suitza izan zuen bizitoki, iazko apirilera arte. Orduan itzuli zen Euskal Herrira, Auzitegi Nazionalak jakinarazi ostean ez zutela ETArekin lotura izateagatik epaituko. Naiz-ek argitaratu duenez, Txapartegik epaileari adierazi dio 2007an ezarri zioten zigorra torturapean egindako adierazpenetan oinarritu zela, eta halakorik berriz ez jasateko egin zuela ihes.

Txapartegi 1999an atxilotu zuten, 18/98 auziko Xaki piezaren barruan, eta inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen —besteak beste, adierazi zuen bortxatu egin zutela—. Auzitegi Nazionalak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2007ko abenduan, ETAko kide izatea leporatuta. Defentsak, baina, helegitea aurkeztu zuen, eta Auzitegi Gorenak sei urte eta bederatzi hilabetera murriztu zuen 2009an; oraingoan, ETAri laguntza ematea leporatuta. Ordurako, Txapartegik ihes egin zuen.

2015ean egindako Zigor Kodearen aldaketa bat baliatuta, beste helegite bat aurkeztu zuen defentsak, eta zigorra hiru urte eta sei hilabetera laburtu zioten, 2017ko otsailean. Ordurako, Txapartegi preso zegoen Suitzan, 2016an atxilotu baitzuten Zurichen, Espainiak egindako estradizio eskaera bat zela medio. Zigor murrizketaren ostean, baina, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen zigorra preskribatuta zegoela, eta Txapartegi aske utzi zuten irailean.

Auzitegi Nazionalak, ordea, beste prozesu bat hasi zuen Txapartegiren aurka, eta 2019an hura atxilotzeko agindua eman zuen. Oraingoan, dokumentuak «helburu terroristekin» faltsutzea egotzi zioten, eta, ondorioz, «ETAko kide izaten jarraitzen zuela». Auziaren oinarria Suitzan atxilotu zuten unean atxiki zizkioten bi nortasun agiri faltsu izan dira.

Auzi horrekin lotuta, Bernako auzitegi batean deklaratzera deitu zuten Txapartegi. Hark uko egin zion deklaratzeari, eta Free Nekane taldeak jakinarazi zuen Espainiak estradizio eskaera bat aurkezteko asmoa zuela. Urte hartako irailean egin zuen.

Txapartegi, baina, iazko apirilean itzuli zen Euskal Herrira. Auzitegi Nazionalean aurkeztu zen lehenik, Iñigo Iruin abokatuarekin batera, eta han jakinarazi zioten dokumentuak faltsutzeagatik soilik auzipetuko zutela, ETArekin inolako loturarik egin gabe. Hala, inolako kautelazko neurririk ez zioten jarri. «Azkenean ez da izan nik nahi nuen bezala, baina are gutxiago Espainiako Estatuak nahi zuen bezala: estradizio baten bidez atxilotuta nahi ninduten», adierazi zuen iritsi berritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.