Ingurumena

GHK-k gezurtatu egin du Zubietako erraustegiak ingurumen baimen bateratua urratu duenik

Ekopolek egindako txostenak dioena ukatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Datuak «modu arduragabean» nahastea eta «alarma soziala» sortzea egotzi dio GuraSOSi.

Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio, Zubietako erraustegiari egindako bisita batean. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko otsailaren 14a
12:51
Entzun

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak esan du Zubietako erraustegiak «zorrotz» betetzen dituela ingurumen baldintza guztiak. BERRIAk gaur kaleratu duen Ekopol taldeak egindako txostenaren harira eman du erantzuna GHK-k, agiri baten bidez. Ekopolen txosten horren arabera, Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen kutsadura muga 2020an, eta lehen bi urteetan instalazioak programatu gabeko 240 geldialdi izan zituen. Zubietako plantaren legeztatze prozesuan atzemandako irregulartasunei dagokienez, berriz, txostenean ondorioztatzen da 2020ko otsailaren 7an martxan jarri zutela, baina artean instalazioaren obrak amaitu gabe zeudela eta ez zeukala ingurumen baimen bateraturik (IBB), ezta ingurumen eraginaren deklaraziorik (IED) ere.

GHK-k, ordea, gezurtatu egin du «GuraSOSek eskatutako txosten horretan» emandako informazioa. Azpimarratu du Gipuzkoako Ingurumen Guneak «zorrotz» betetzen dituela araudiak eta ingurumen baimen bateratuaren baldintza oro, eta horiek «Europako beste planta askotakoak baino askoz zorrotzagoak» direla, gainera. Gogorarazi du, halaber, erraustegiak laberako elikadura «automatikoki eteten» duen sistema bat duela.

GHK-ren arabera, «une oro zorrozki» aplikatu da araudia: probaldian, martxan jartzekoan eta jardunean. «Kontrolak GHKren bidez egiten dira, eta ingurumen baimen bateratuak eta Eusko Jaurlaritzak aplikatzen dituztenak baino zorrotzagoak dira, ordu erdiko tarteen kasuan bezala». Horiek horrela, argi esan du ez direla «inola ere» urratu ingurumen baimen bateratuak ezarritako mugak.

Hori esanda, GuraSOSen aurka jo du GHK-k, esan baitu «modu arduragabean» nahasten dituela instalazioa martxan jartzeko prozesuaren datuak eta operazio datuak, «alarma soziala» sortzeko asmoz. Salaketak gezurtatzeaz gain, «lasaitasun mezua» bidali die GHK-k gipuzkoarrei: «Gogoratu behar da Ingurumen Guneak, ingurumenari buruzko legeria soberan betetzeaz gain, gas kutsatzaileen emisioak araudiak ezarritako mugen oso azpitik daudela». Hala, zehaztu du 2020ko abenduan martxan jarri zenetik Europako legediak baimentzen duena baino «%90 txikiagoak» izan direla.

Usurbilgo Udala, kezkatuta

Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo (Gipuzkoa) alkateak kezka agertu du Zubietako erraustegiari buruzko azken berriekin. Hau idatzi du sare sozialetan: «Oso kezkatuta, arduratuta eta haserre gaude azkenaldiko albisteekin. Azterlan guztiek berresten dute gehiegizko kutsadura dagoela –airean, lurrean, inguruko uretan– eta ez dagoela kontrol sistemarik». Solabarrietak exijitu du ikerketa «sakon, publiko eta demokratiko» bat martxan jartzeko, eta errauste plantaren gaineko ikuskaritza eta kontrolak sistematizatzeko eta zorrozteko. Usurbilgo alkateak eskatu du «Europatik markatutako direktibak eta neurtutako mugak «zorrotz» aplikatzeko, eta, dagokionean, isunak ezartzeko eta neurri zuzentzaileak hartzeko, berriz errepikatu ez dadin. Halaber, ezinbestekoa deritzo errauste plantaren funtzionamenduaren eta jardunaren gainean kontrol publikoa ezartzeari, eta herritarren eta eragileen parte hartzeari bide emateari. «Horixe da modu bakarra, gaur-gaurkoz, gardentasuna eta zorroztasuna bermatzeko», erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.