INGURUMENA

Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen gehienezko kutsadura muga 2020an

Ekopoleko irakasle talde batek ondorioztatu du lehen bi urteetan instalazioak programatu gabeko 240 geldialdi izan zituela.

Zubietako erraustegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
inaki petxarroman
2023ko otsailaren 13a
12:04
Entzun

Zubietako erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuen legeak ezarritako substantzia toxikoen kutsadura maila 2020. urtean, Ekopol taldeko kide eta EHUko irakasle Gorka Buenok egindako txostenaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Iraunkortasun Sailburuordetzaren erregistroaren datuak aztertuta ondu du txostena. Dagoeneko Zubietako erraustegiaren irregulartasunak ikertzen ari den Fiskaltzaren esku jarri du ikerketa hori. Besteak beste, datu horiek dira Guardia Zibilaren ingurumen ikerketaz arduratzen den Sepronako agenteek eskatu, baina helarazi ez zizkietenak.

Honako hauek dira Ekopoleko kideek egindako ikerketaren puntu nagusiak.

1. Gehiegizko kutsadura

Arkaitzerrekan 2020ko maiatzean Zubietako erraustegiak egindako amoniako isurketaren ostean, ingurumen delituetan espezializatutako Guardia Zibilaren Sepronako taldeko kideak hasi ziren ikertzen instalazioen egoera. Ondorioztatu zuten bazirela zentzuak pentsatzeko erraustegia kutsatzen ari zela inguruko ura, lurra eta airea. Hori frogatu ahal izateko, baina, datuen beharra zegoela zioten ikertzaileek. Harriduraz hartu zuten jakitea errausketa egiten ari zirela gasak arazteko beharrezko gehigarririk gabe. Gauzak horrela, iragartzen zuten onartutakoa baino nitrogeno oxido (NOx) askoz gehiago isuri beharko zuela instalazioak. Horri buruzko datuak eskatu arren, erakundeek ez zizkieten eman. Ekopolek orain landu duen txostenak erakutsi du Sepronako ikertzaileen susmoa ongi oinarrituta zegoela. Izan ere, 2020. urtean isurketen gehieneko balioa (IGB) 1.988 aldiz gainditu zuen erraustegiak. Besteak beste, NOx, COT (karbono organiko osoa), CO (karbono monoxidoa), sufre dioxidoa (SO2) eta HF (hidrogeno fluoruro) gehiegizko kantitateak atzeman dituzte.

Gehiegizko isurketa kasu horien ia erdiak (%46,88) NOx isuriak izan ziren. Errekuntza prozesuetan sortzen den gas toxikoak dira nitrogeno oxidoak, eta ozono sortzaile izateaz gain, herritarrentzat oso arriskutsuak dira, besteak beste, arnasketa arazo larriak sor ditzaketelako. Euri azido eragile eta berotegi gasak ere badira.

2. Programatu gabeko geldialdiak

Erraustegi bat gelditzeak eragin handia dauka, besteak beste, kutsadura sorrera askoz handiagoa izaten delako gelditu eta abiatzeko une horietan. Hain da hala ezen Europako Batzordeak 2019ko azaroaren 12an onartutako irizpideen arabera, airera isuritako kutsadura mugatzeko, ahalik eta gehien gutxitu behar dira instalazioen gelditzeak. Bada, Ekopolek egindako txostenaren arabera, Zubietako erraustegiak benetako arazo bat daukala horrekin. Horren erakusgarri da 2020 eta 2021ean 240 aldiz geratu zituztela labeak programatu gabe.

Hain zuzen ere, errauste lerro bakoitza astean behin geratu zuten, batez beste. «Erregistroek erakusten dute gelditze eta abiatze momentuetan izaten diren kutsadura isurketak erraustegiak urte osoan isuriko lukeenaren heren bat direla».

Ikerketa horren arabera, karbono monoxidoaren kasuan, lehen errauste lerroaren guztirako isurketen %24 zegokien geldialdiei, eta %29 bigarren errauste lerroan. «Ondoriozta dezakegu gelditze eta pizte ugariek sustantzia kutsatzaileen iturri garrantzitsu bat izan direla, baina zalantza ere sortzen da, ea geldialdi horietan hondakinak errausten ari ziren edo ez, labeen hornitzearen kontrol automatiko ezaren erruz».

3. Kontrol automatiko falta

Gorka Buenoren ikerketak ondorioztatu du Zubietako instalazioek ez daukatela legeak eskatzen duen kutsaduraren kontrol automatikorik. Halaber, ez dauka araudiak exijitutako katigamendu sistemarik, zeina martxan jarriko litzatekeen gehiegizko isurketa muga lau orduz jarraian gaindituko balitz. Horri dagokionez, erregistroen datuen ikerketari erreparatuta, ondorioztatu dute gehiegizko kutsadura gainditu den kasuetan, labeak hondakinez hornitzen jarraitu izan dutela, nahiz eta araudiak ezarri geratu egin behar dela prozesu hori. Halaber, gehiegizko kutsadura maila gainditu den kasu askotan, errausketa automatikoki geratu beharko lukeen sistema (derrigorrezkoa da) ez da martxan jarri. «Izan ere, instalazioak ez dauka kontrol automatikorik gehiegizko isurketa balioak gainditzen direnerako». Eusko Jaurlaritzak berak aitortu dio GuraSOS plataformari erraustegiak ez daukala kontrol sistema hori.

4. «Legez kanpoko» funtzionamendua

Zubietako plantaren legeztatze prozesuan atzemandako irregulartasunei ere erreparatu die Gorka Buenok. Datuen oinarrituta ondorioztatu du 2020ko otsailaren 7an martxan jarri zutela, baina artean instalazioaren obrak amaitu gabe zeuden. Are gehiago, artean ez zeuzkan ez Ingurumen Baimen Bateraturik (IBB), ez Ingurumen Eraginaren Deklaraziorik (IED). «Ofizialki eraikuntza prozesuan eta probetan bazen ere, praktikan jarduera betean zen. 2020ko ekainaren 16an IBBa indarrean jarri zen, baina obrak, ofizialki, ez ziren amaitu 2020ko abendura arte». Hain justu ere, instalazioak 2021eko otsailean lortu zuen martxan jartzeko behin betiko akta. Argindar sortzaileen erregistroan 2021eko otsailaren 8an eman zioten alta. «Egoera anomalo eta legez kanpokoa da hor», txostengilearen iritziz, eta 5. Instrukzio Epaitegia ikertzen ari da.

Ingurumen Baimen Bateraturik gabe zegoen garaiaren zati handi batean, 2020ko otsailetik abuztura, 44.074 tona hondakin erre zituen Zubietako erraustegiak, tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) plantan kudeatu zituzten hondakinen bi heren, hain justu ere. Hots, baimenik gabe bada ere, praktikan martxa betean zen Zubietako erraustegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.