Autogintza

Nafarroako Gobernuak Volkswagenen 1.024 milioi euroko inbertsioa babestuko du

Urtean 400.000 ibilgailu ekoizteko ahalmenari eutsiko diote. Lanpostuak mantentzen saiatuko direla esan du Txibitek: «Inbertsio historikoa da Nafarroan».

Michael Hobusch, Maria Txibite eta Christian Vollmer Wolfsburgen (Alemania) asteazkenean. NAFARROAKO GOBERNUA
itsaso jauregi 2
2023ko otsailaren 15a
13:20
Entzun

Atzo baieztatu zuen Volkswagenek 1.024 milio euroko inbertsioa egingo zuela Iruñean 2027ra arte, auto elektrikoak ekoizteko. Gaur, kontseiluan, foru intereseko inbertsiotzat joko da proiektua, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du inbertsioa historikoa dela Nafarroarentzat eta lantegiarentzat.

Txibitek adierazi duenez, Landabenen egindako inbertsioa albiste ona da Nafarroarentzat, langileentzat eta autogintzako industria osoarentzat: «Prozesu honetan enpresa babesten aritu gara, mugikortasun jasangarrian, prestakuntzan eta azpiegituretan sakontzen. Inbertsio honen bidez enpresak erakusten du Nafarroarekin eta haren etorkizunarekin duen konpromisoa».

Proiektu honen bitartez aberastasuna eta lanpostuak sortuko direla nabarmendu du lehendakariak, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak enpresaren inbertsioa babestuko du: «Ildo horretan jarraituko dugu, egunero enpresarekin egiten dugun lan prozesu hori bultzatzen». Konpainiak ibilgailu elektrikoen bi modelo fabrikatu ditu, eta 2026tik aurrera hasiko da seriean fabrikatzen.

Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak bat egin du lehendakariarekin, eta inbertsioa «Nafarroak mende honetan izan duen albisterik onenetariko bat» dela esan du: «Auto elektrikoen fabrikazioa bultzatu nahi dugu, karbono aztarna murrizteko eta jasangarritasuna bultzatzeko, eta inbertsio ekonomiko horrek eragin egonkorra izango du Nafarroan». Enpleguari dagokionez, Irujok esan du egungo enpleguari eutsi nahi diotela, baina auto elektrikoak fabrikatzeko gaitasun berriak ere garatu nahi dituztela.

Erantzunik gabe

«Zalantzak sortzen saiatu dira, ziurgabetasuna zabaltzen; baina gertaerek gure lana eta gure bidea bermatzen dituzte», aipatu du Txibitek. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu zenbat denbora iraungo duen trantsizioak, eta noiz arte uztartuko diren elektrikoaren eta konbustioko autoen ekoizpenak, eta oraindik zehaztu gabe daude langileen egokitzapena eta formakuntza. Galdera horien erantzunak hurrengo hilabeteetan izatea espero du lehendakariak: «Berri onak izango ditugu autogintzaren sektorean hurrengo hilabeteetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.