Palestina

«Terrorismoaz» akusatutako palestinarrei herritartasuna kentzea onartu du Israelek

Palestinako Kontseilu Nazionalak salatu du Israel «gorrotoaren politika» bultzatzen ari dela, eta ohartarazi du legeak modua emango duela «argudio faltsuekin kanporatze masiboak» egiteko.

Israelgo Gobernuan aurkako manifestariak Palestinako bandera bat eskuetan dutela. ABIR SULTAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko otsailaren 16a
11:41
Entzun

Aldeko 94 botorekin eta aurkako hamarrekin onartu zuen atzo Israelgo Parlamentuak «terrorismoaz» akusatutakoei herritartasuna eta Israelen egoteko baimena kentzea ahalbidetzen duen legea. Eskumena Israelgo Barne ministroarena izango da, eta akusatuak zazpi egun izango ditu erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko. Epe hori igarota, auzitegiek Barne Ministerioaren agindua berresten badute, zigortua PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku geratuko da, baita PANek berak zigortuaren ardura hartu nahi ez badu ere.

Palestinako Kontseilu Nazionalak gaitzetsi egin du legea. «Lege honek agerian uzten du gobernu kriminal baten diktadura. Haren helburua da palestinarrak desagerraraztea gorroto politika muturrekoak baliatuta, batez ere Jerusalem hiritik», esan du bertako buru Ruhi Fatuk. Kontseiluko presidenteak ohartarazi du legeak «argudio faltsuekin» egindako «deportazio masiboak» ahalbidetuko dituela: «Lege arrazista honek juduak ez direnen aurkako krimenak eta gehiegikeriak ugarituko ditu».

Israelgo Barne Ministerioak lehendik ere bazuen eskumena «terrorismoagatik» akusatutakoei herritartasuna kentzeko, eta baliatu izan du iraganean. Baina, iazko uztailean, Gorenak ebatzi zuen zigortuari ezin zaiola ukatu Israelen geratzeko baimena baldin eta beste herrialde bateko pasaporterik ez badu. Horrez gain, 2008tik auzitegiek onetsi behar zuten ministerioaren erabakia. Aurrerantzean, ordea, justiziak ez du onespenik eman beharko; Barne ministroak berak ken dezake herritartasuna, eta erbesteratzeko baimena eman.

Datozen egunetan bozkatuko dute lege horretan bertan jasotako beste aldaketa bat, zeinak modua emango lukeen zigortutakoaren familiako kideak ere erbesteratzeko, baldin eta «nahikoa frogarik» bada hark edo haiek «aldez aurretik zekitela zigortuak egin asmo zuenaren berri» edo egindakoa publikoki babestu bazuten.

Hamasei atxilotu

Israelgo zerbitzu sekretuek eta Poliziak hamasei palestinar atxilotu dituzte bart gauean, Zisjordanian. Jeninen eta El-Birehen egin dituzte operazioak. Azken horretan, hainbat herritarrek aurre egin diete segurtasun indarrei, eta harriak jaurti dizkiete.

Zisjordanian halaber, baina Hebron hirian, Israelek palestinar baten etxea bota du. Kolono bati tiroz erasotzeagatik zigortua dago palestinarra. Tel Avivek argudiatzen du halako erabakien helburua dela erasoak geldiaraztea, baina, neurrion aurka daudenen arabera, delitugilea ez ezik, haren familia eta lagunak ere zigortzen dituzte modu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.