Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Ukrainan bakea ezartzeko «ekarpenak» egin nahi ditu Txinak

Pekinen diplomazialari gorenak bira bat hasi du Europan, EBrekin «konfiantza estrategikoa» sustatzeko; Moskura ere joango da. Kievek salatu du Errusiak 36 misil jaurti dituela azkeneko orduetan.

Kiev inguruan suntsitutako Errusiako tanke bati asteon ateratako argazki bat
Kiev inguruan suntsitutako Errusiako tanke bati asteon ateratako argazki bat EFE

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 16

Txinaren eta EB Europako Batasunaren arteko harremanetan tentsioa areagotu da iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Izan ere, Pekinek ez du gaitzetsi Moskuren jarrera, nahiz eta babestu ere ez duen egin. Horregatik guztiagatik, besteak beste, Wang Yi Txinako Kanpo Aferetarako Batzorde Zentralaren zuzendariak, hau da, Txinako diplomazialari gorenak, astebeteko bira bat hasi du gaur Europan. Pekinen esanetan, Txinaren eta EBren arteko «konfiantza estrategikoa sustatzea» du helburu. Italiara, Hungariara, Alemaniara eta Errusiara ere joatekoa da, eta lehen geldialdia Parisen egin du. Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartu da, eta, Eliseoak kaleratutako ohar baten arabera, Ukrainako gerrak herrialde zaurgarrienetan eragiten dituen ondorioz mintzatu dira batik bat. Testuak jaso du bakea ezartzeko «ekarpenak» egin nahi dituela Yik, nahiz eta ez duten zehaztu zeintzuk diren ekarpen horiek.

Baina aintzat hartu behar da Txina eta Errusia aliatu geopolitikoak direla, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak adierazi izan dutela «kanpoko esku hartzeei» elkarrekin aurre egingo dietela, eta, gainera, haien arteko harreman komertziala indartu egin dela inbasioa hasi zenetik. Txinako diplomazialari gorena Moskura joatekoa da datozen egunetan, baina ikusteko dago Kremlineko buruarekin batzartuko ote den.

Municheko Segurtasun Konferentzia (Alemania) egingo dute bihartik igandera, eta han hitz egitekoa da Yi. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken ere parte hartzekoa da, eta ezin da baztertu bien arteko bilera bat; are gehiago jakinda azken asteetan bi herrialdeak elkarri egozten ari direla espioitzarako globoak erabiltzea. Kontuak kontu, Txinak AEBei erakutsi nahi die ez dituela eskastu nahi du EBko herrialdeekin dituen erlazio diplomatiko eta komertzialak, Ukrainako gerra gorabehera.

NATOren eskaera Turkiari

Gatazkarekin berarekin lotuta, Errusiako indarrek Ukrainako hainbat eskualde bonbardatu dituzte gaur goizaldean. Kieven arabera, Moskuk 36 misil jaurti ditu, baina aireko defentsa sistemek horietako hamasei erorarazi dituzte. Misiletako batek pertsona bat hil du Dnipropetrovsk eskualdean. Gerra frontean bertan, bestalde, Donetsk eskualdeko indar errusiazaleek gaur nabarmendu dute «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituztela Bakhmut hiria konkistatzeko.

Eta Errusiak Ukraina inbaditu eta gero eskatu zuten Suediak eta Finlandiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko. Turkiak, baina, betoa ezarria die. Aliantzako idazkari nagusia Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroarekin batzartu da gaur Ankaran, eta adierazi dio heldu dela Europa iparraldeko bi herrialde horien eskaera onartzeko «garaia». Çavusogluk erantzun dio ez dela zuzena esatea Suediak «betebehar guztiak» bete dituela.

Municheko konferentzia

Nazioarteko segurtasun auziez hitz egiteko foro bat da Municheko Segurtasun Konferentzia, eta, antolatzaileen arabera, aurtengo aldian «munduko ordenen» arteko zatiketan jarriko dute arreta. Estatuburuak, gobernuburuak, nazioarteko erakundeen liderrak eta, besteak beste, buruzagi militarrak batzartuko dira Alemaniako hiri horretan, bihartik igandera bitartean.

Konferentziako presidente Christoph Heusgenek aurtengo aldiaz aste honetan kaleratutako ohar batean nabarmendu duenez, «eragile errebisionistak» statu quo-a zulatzeko ahaleginean ari dira. Herrialdeen izenak esan gabe, baina iruditzen zaio, horrenbestez, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenez geroztik AEBak buru dituen ordena aldatu nahi dutela Txinak eta Errusiak.

Eta horiek horrela, Mendebaldeko estatuei adierazi die «zaila» izango dela herrialde «zalantzatiak» aliatu gisa erakartzea baldin eta ez bazaio heltzen, Heusgenen esanetan, «Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialdeek munduko ordenaren inguruan sentitzen duten erresuminari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...