Komikigintza

‘Anker’ komikia plazaratu du Harriet argitaletxeak

Siberiako tigre bat protagonista duen ingurumen thrillerra da. Gregorio Muro ‘Harriet’-ek idatzi du gidoia, eta Alex Macho eta Ekaitz Agirre 'Garluk' arduratu dira irudiez eta koloreaz.

Ekaitz Agirre 'Garluk', Alex Macho eta Gregorio Muro 'Harriet' komikiaren egileak, Donostian. IñIGO URIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko otsailaren 16a
17:28
Entzun

Ingurumen thriller bat. Hala definitu du Harriet argitaletxeak Anker komikia. Orain arteko narrazio historikoetatik istorio garaikide batera egin du jauzi Gregorio Muro Harriet-ek gidoia osatzeko: Siberiako basoen soiltzea eta egurraren trafikoa. Eta ezohiko protagonista bat jarri du kontakizunaren erdi-erdian: bere giza ehizaldietan egurketarien, ekologisten eta mafiako kideen artean bereizketarik egiten ez duen tigre siberiar bat. Alex Macho marrazkilariak eraman du narrazioa irudietara, eta Ekaitz Agirre Garluk-ek jarri dizkio koloreak.

Hiru egileek Lotsa eta ahaztea komikia plazaratu zuten orain lau urte; eta Mugako dragoiak lanean ere elkarrekin aritu ziren Harriet eta Garluk duela bi —orduko hartan, Ivan Gil marrazkilariarekin—. Bestelako istorio bat kontatu dute Anker-en. Muro: «Labur esanda, thriller bat da, Marrazoa-ren antzekoa, baina Siberian eta gizakiak jaten dituen beste piztia batekin. Noski, nik halako istorioetan geruza ezberdinak egotea dut gogoko, eta hemen gai askori buruz hitz egiten da». Gai nagusia, baina, ingurumena dela zehaztu du gidoigile eta argitaletxeko arduradunak. «Tigreak hemen natura ordezkatzen du, eraso egiten ari gatzaizkionez geure aurka jotzen duen natura bat».

Istorioa osatzeko, dokumentazio lan sakona egin du Murok. Siberia ekialdean, Errusia, Txina eta Ipar Korearen arteko mugaldean baso asko ari dira soiltzen, eta lurralde horretan dago, hain justu ere, Amurreko edo Siberiako Tigrea. «2014tik, Errusiari zigor ekonomikoak jartzen hasi zirenetik, are gehiago soildu dituzte hango basoak; errusiarrek, zigorren ondorioak leuntzeko asmoz, akordioak egin dituzte txinatarrekin, eta horiek ahalik eta zuhaitz gehien ari dira eramaten. Hori errealitate bat da, eta hainbat salaketa ere izan dira». Gaineratu duenez, orain urte batzuk hainbat pertsona hil zituen tigre baten istorioaren berri ere izan zuen. Eta errealitate puska horietatik abiatuta sortu du fikziozko narrazioa.

Udege etniako kideak ere ageri dira istorioan. «Niri jende arrunta interesatzen zait», azaldu du Murok. «Kasu honetan, han bizi diren indigenak dira, baina aurreko lanetan ere agertzen da botereari aurre egiten dion jende apala, botereak txikitu ohi duena. Niri oso sanoa iruditzen zait edozein botere mota zalantzan jartzea. Eta hori bada konstante bat nire lanetan».

Siberiako paisaia elurtuen handitasuna, bakardadea eta are hotza ere marraztu ditu Machok, eta «alde handia» nabaritu du jendetzak nahiz eraikinak irudikatu izan dituen beste lanekiko. «Toki hauei bizitza ematea orrialde batean 200 pertsona sartzea bezain konplikatua izan da. Baita kolorean pentsatuz ere, adibidez; hondo zuriak, beltzekiko kontrastea, ñabardura gutxi koloreetan —makinak edo arropak salbu—...». Horregatik, azaldu du koloretako zatien tamainekin jolastu dela biñetetan, «atentzioa eman zezaten, baina paisaia elurtuaren handitasuna eta hustasuna galdu gabe».

Erronka izan da Garlukentzat ere irudiok koloreztatzea. «Saiatu naiz kolore narratibo bat erabiltzen ñabardura gehiago lortu ahal izateko. Askotan, marrazkia koloreztatu ordez, gidoia koloreztatzen dut, eta gidoiaren arabera koloreekin jolastu naiz, hainbat momentu indartzeko».

Urteetan elkarrekin lan egiteak elkar ongi ulertzea ekarri diela azaldu dute biek. Machok adierazi du argiari buruz zehaztapenen bat eman diola, asko jota, Garluki; eta hark gehitu du koloreak garrantzi handiegia hartu ez zezan saiatu dela bera, irudiak ez zapuzteko.

Manga euskaraz

Iaz abiatutako bidean sakontzen eta manga euskaraz argitaratzen jarraituko dutela ere adierazi dute Harriet argitaletxeko kideek. Tomomi Usui komikigilearen Cube Arts seriearen lehen komiki pieza eman zuten iazko abenduan, Iker Alvarezen itzulpenean; azaldu dute arrakasta handia izan zuela eta ale guztiak laster saldu zirela. Hala, haren beste edizio bat argitaratuko dutela jakinarazi dute, eta bigarren pieza ere kalean dela.

Istorioari segida emanez, protagonista eta haren lagunak bideojoko batean murgilduko dira bigarren atalean ere. Gaztetxoei begirako bilduma hori euskaraz argitaratzearen garrantzia nabarmendu du Murok, eta gaineratu du aurrera begira asmoa dutela bi hilean behin bi lan plazaratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.