Arrantza

135 kiloko atungorri bat arrantzatu dute Donibane Lohizunen

Christophe Barriola arrantzalea ezagun egin da tamaina handiko arrainak kanaberarekin harrapatzeagatik.

Christophe Barriola, 135 kiloko atungorriarekin. SAMATHEO II.A
2023ko otsailaren 16a
17:48
Entzun

Christophe Barriola Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Samatheo II.a arrantzontziko kapitainak 135 kiloko hegalabur bat arrantzatu du, eta haren irudiak bolo-bolo zabaldu dira sare sozialetan. Nabarmentzekoa da kanaberarekin harrapatu duela animalia.

Zimarroia edo atungorria esaten diote arrain hori, eta oso preziatua da, haragi gorriarengatik.

Barriola eta haren ontzia ezagunak egin dira tamaina handiko piezak harrapatzeagatik. Orain harrapatu duten arraina txiki uzten du iazko martxoaren 28an arrantzatu zuten beste batek, 267 kilokoa baitzen.

Barriolak orduan kontatu zuenez, egun motela zuten, eta ia ez zuten ezer arrantzatu. Capbreton inguruan ari ziren, eta eguerdi partean egon ziren zerbait harrapatzeko zorian, baina arrainak ihes egin zien. Bazkaloste osoan arrakastarik gabe aritu ziren. Baina arratsaldean heldu zen saria. «Kanaberararekin 267 kiloko hegalabur bat arrantzatzea ez da makala», esan zuen kapitainak orduan. Barriolak adierazi zuenez, espero baino diru gutxiago lortu zuten portuan, hegalaburraren salneurria apal samarra baitzen une horretan.

Arrain handia da hegalaburra. Handienek hiru metro hartzen dituzte, eta 650 kilo ere har ditzakete. Egunean 200 kilometro baino gehiago egin ditzakete, eta orduko 70 kilometroko abiadura hartu. 15 urte bizi daitezke gehienez.

Azken hilabeteotan, neurriz kanpoko piezak albiste izan dira. Azaroan, esaterako, 4,7 kiloko udazkeneko onddo zuri bat topatu zuten Landetan (Boletus edulis), Arcachondik 45 kilometrora (Okzitania).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.