Agroekologia

Etxalde ekologikoa zinemara

Idoki eta Landarlan elkarteek ‘Zure platerean hasten da mundua’ agroekologiaz egin filma aurkeztu dute Donibane Garaziko zinema gelan.

'Zure platerean hasten da mundua' filmaren irudi bat. ON PRODUKZIOAK
Iñaki Etxeleku.
2023ko otsailaren 17a
11:01
Entzun

Landarlan Gipuzkoa hegoaldeko Goierri eskualdeko ingurumen elkartea da. Aralar, mundua leku den lurra dokumentala egin zuen duela bost urte, eta ikus-entzunezkoekin bide bat hasi, bidenabar. Euskal Herriko ehun bat antzokitan erakutsi zuten orduko dokumentala. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko Idoki etxe ekoizleen elkartearekin partaidetzan, dokumental berria atera zuen iaz: Zure platerean hasten da mundua. Aste honetan ikusten ahal zen Donibane Garaziko zinema gelan.

Ion Fontenla elkarte horretako partaidea da, eta Zure platerean hasten da mundua filma zuzendu du. Landarlan, Goierri aldean, ekologiaren zaintzeko elkartea dela erran du: “Saiatzen gara ingurumen afera guztietan hor egoten”. Dokumentalak sentsibilizaziorako tresna egokiak zaizkio Landarlani. Lekuan lekuko heinean “arazo global” batzuen jorratzea du xede: “Bioaniztasunaren arazoa, adibidez, mundu mailako arazoa da, baina Aralarko dokumentalarekin gai hori landu genuen”.

Ikusi gehiago:«Kontsumitzaileak momentu batez beharko ditu hautu batzuk egin»

Aldi honetan, agroekologian ari diren etxalde ttipiak dituzte aipatu, Euskal Herriko gizarteak dituen janaria erosteko eta jateko moldeak galdekatzeko.

“Elikadura mota desberdinek ez dute aztarna bera uzten ingurumenean”, esplikatu du Fontenlak. Horregatik, ingurumenari kasu emanez ari diren etxe ekoizleengana joan dira dokumentalerako: “Ahalik eta modurik jasangarrienean ekoizten duten ekoizleengana jo nahi izan dugu, zuzenean. Ikaragarriko kalitateko produktuak egiten dituzte, ingurumenean kalterik batere ez edo oso txikiak sortuz”. Dokumentalean agertzen den Mikela Untsain erlezain saratarra aipatu du Fontenlak laborantza horren eta bioaniztasunaren arteko harremanaren munta zehazteko: “Erleekin lan egiten du; pentsa harentzat zein garrantzitsua den bioaniztasuna ongi zaintzea”.

Kontsumo ereduak

Agroekologian ari diren ekoizleen lekukotasunez gain, kontsumitzaile gune batzuk ere erakusten ditu dokumentalak; tokiko janari nagusiki biologikoarekin ari den jatetxe bat, ekoizle ttipiek hornitu saltegi edo merkatuak bezala.

Fontenlak adierazi du ikusleari erosteko gunearen hautuaz ohartaraztea dela asmoa: “Ikusleari erakutsi nahi diogu ez dela berdina supermerkatu batean edo merkatu batean erostea”.

Orona industria enpresak Gipuzkoan duen jatetxe bat erakusten dute filmegileek, konparazione. Eraikin arras moderno batean da. “Kontraste hori nahi izan dugu erakutsi. Biztanleriaren ia %80 hiriburuetan bizi da, eta film honetan ia denbora guztian landa eremua ikusten da. Nahitara joan gara toki industrializatu horren bila”, erran du Fontenlak. Nagusiki jatetxe horrek inguruko ekoizle agroekologikoekin lan egiten duela erakutsi nahi dute hala.

Euskal Herrian barna berrogei bat aldiz erakutsi dute dokumentala jadaneko egileek. Ikustera joan diren jendeen oharretarik, erosteko usaietan aldaketa baten mentura berririk ez da baitezpada oraino agertu. Fontenlak dioenez, gaiarekin lehenagotik interesa zuten ikus-entzuleak baitziren gutiz gehienak: “Aitortu beharra daukat filmera etorri diren gehienak, modu batean edo bestean, pixka bat sentsibilizatuta daudenak direla”. Beste kontsumo batean ari direnak jada, hots. Hedapenak zabalagoa izatea erdietsi behar litzateke beste jende batengana heltzeko: “Supermerkatuetara joaten direnengana iristeko, beharko genuke beste zerbait. Esate baterako, telebista publiko batean emankizun bat edo”.

Horregatik, filma geletan erakusteaz gain, eskoletara joateko kanpaina bat bidean du Landarlanek. “Hezitzaileak baditugu gurekin, eta solasaldi-merienda modukoak ari gara antolatzen”. Bestalde, merkatuetan ere mahaiak jartzen dituzte, eta, Idokiren gisan, etxalde bisitak egiten dituzte EH Kolektiboarekin elkarlanean.

Janari ekologikoari egiten zaion prezioaren auzia ere dudan ezarri nahi dute Landarlanekoek, Idokikoek bezala. Dena baita zeri lehentasuna ematen zaion. Fontenlak badaki franko supermerkatuetara joaten direla, merkeago zaielako: “Elikadura osasuntsua kasik pribilegioa bilakatu da gaur egungo gizartean. Garestiagoa da hiru porru erostea, plastikan paketatu paella bat baino. Hor arazo larri bat daukagu”. Alor horretan, desoreka bestelakotzeko, herritarrek berek eta erakundeek beren egitekoa baluketela iduri zaio.

Fikzioa lagun

Zure platerean hasten da mundua dokumentala, forma aldetik ere, zerbait bizia bezala apailatu zuten egileek. “Hasieratik garbi geneukan nahi genituela nekazari bat, abeltzain bat, erlezain bat eta kontsumitzaile bat. Lau horien bizia erakutsi nahi genuen”.

Horiez gain, fikziozko zati antzeztuak ere agertzen dira, Maitena Salinas eta Maria Redondo antzezleen eta Andoni Aizpurua ETB1eko eguraldi aurkezle ezagunaren arteko solasak direla medio. “Horrek egiten du ekoizle guzien arteko lotura”.

Argazki zuzendaria Iban Toledo izan da, eta Fontenlak goraipatu du egin duen lana: “Iban Toledo artista bat da, eta egin dituen planoak harrigarriak dira”.

Idoki sarea, dokumentalean agertzen den Mikel Untsain Sarako erlezainaren bidez ezagutu zuten Landarlanekoek. Arrunt helburu beretan direla uste du Fontenlak. “Agroekologiaren aldeko apustua hartu dute haiek ere: etxalde txikiak, bertakoa, ekologikoa. Filmaren filosofia betetzen du osoki”.

Filmegileari iduri zaio Ipar Euskal Herrian aise lotura gehiago dela laborantza munduarekin Hego Euskal Herrian baino: “Iparraldean asko lotuago zaudete lurrari, aitortu beharra daukat; ziurrenik, landa eremu gehiago dauzkazuelako. Etxeak ez dira horren altuak; industria askoz gutxiago duzue proportzioan”. Ikusi du Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan usaia aise handiagoa duela jendeak merkatuetara joateko jatekoen erostera. “Barneratuagoa daukazue bertakoa edo etxekoa erostea”.

Horiek horrela, Hego Euskal Herrian ere gauzak aldatzen ari direla dio Fontenlak, emeki bada emeki: “Hazten ari dira hemen ere, nahi baino geldiago bada ere. EH Kolektiboa, Ekolurra, Biolur… hainbat ekoizle elkarte sortu dira”. Orain, erakundeen partetik sustapena behar litzatekeela uste du: “Abeltzaintza eredua, adibidez, buru kantitatean oinarritzen dena izan ordez, posible da buru gutxiagorekin beste era batean ekoiztu eta bizia berdin ateratzea”. Laborantza politiken aldatzeko beharra ikusi du beste eredu bati buruz joateko.

Hemen ikusi teaser-a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.