Memoria historikoa

Martxoak 3 elkarteak salatu du instituzioek oroimenezkoaren hitzarmena aldatu dutela

Gogora institutuarekin adostutako hitzarmenari «funtsezko aldaketak» egin dizkiotela salatu du biktimen elkarteak.

Martxoaren 3ko biktimei omenaldia, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 17a
12:00
Entzun

Martxoak 3 elkarteak sare sozialetan salatu du Biktimen Oroimenezkoaren estatutuen gainean Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak ondutako proposamenak «sakonki» aldatzen duela elkarteak eta Gogora institutuak 2021ean adostutako hitzarmena. «Funtsezko aldaketa» horiek elkarte memorialistekin kontsultatu gabe egin direla salatu du elkarteak.

Ostegunean jaso zuen Martxoak 3 elkarteak instituzioek estatutuen inguruan landutako azken proposamena. Egun horretarako batzar batera deitua zuen elkarteak, joan den urtarrilaren 26an alde guztiek adostutako estatutuen inguruko proposamena eztabaidatu, eta, hala bazegokion, onartzeko. Alta, bilera baino ordu batzuk lehenago, eta aurrez abisurik izan gabe, hiru instituzioek ondutako beste dokumentu bat jaso zuen elkarteak, zeinak aldatu egiten duen elkarte memorialistek eta Gogora institutuak 2021eko azaroan adostutako hitzarmena. Aldaketekin haserre azaldu da Martxoak 3 elkartea: «Gaizki ari dira martxoaren 3ko biktimentzat eta ahanzturaren eta inpunitatearen aurkako borrokan aritu direnentzat hain garrantzitsua den proiektu bat horrela egin nahi badute». «Memoria eta justizia» ez ezik, «errespetua» ere merezi dutela azpimarratu dute elkarteko kideek.

«Aldaketa» horien berri eman du elkarteak sare sozialetan, eta horiek erakusten dituzten dokumentuak erakutsi ditu. Hitzarmenaren sarreran jasota dauden helburuen artean dagoeneko ez da Biktimen Oroimenezko Zentroaren «sorrera» ageri; horren ordez, testuak dio xedea izango dela «1976ko martxoaren 3ko gertakarien inguruko memoriaz ikerketa, dokumentazio eta inbentarioa egitea». Hitzarmenaren klausuletatik ere oroimenezko zentroaren «sorreraren» aipamenak desagertu egin direla salatu du elkarteak. Erakusketari dagokionez, berriz, hitzarmenak pisu handiagoa eman nahi die Gogora institutuaren erakusketa politikari eta Gogoragunearen proiektuari.

Horrez gain, elkarteak jakinarazi du bere gain utzi nahi dituztela memorialean erabiliko diren dokumentu eta material guztiaren «inbentarioa, sailkapena eta digitalizazioa», eta horien erabilera Martxoak 3 elkartearen eta fundazioaren patronatuaren artean adostea nahi dutela. Hitzarmena bi urtez luzatzeko aukera jasotzen du dokumentuak, baina, elkarteak salatu duenez, instituzioek aurrekontuaren menpe utzi dute luzapen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.