Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Gerraren areagotzea bultzatzea egotzi die Errusiak AEBei

Washingtonen arabera, «zilegi» da Ukrainak Krimeako instalazio militarrei eraso egitea. Kievek adierazi du datorren astean hastekoak direla zerealen ituna luzatzeko negoziazioak.

Boluntario batzuk laguntza humanitarioa banatzen, asteon, Kharkiven (Ukraina)
Boluntario batzuk laguntza humanitarioa banatzen, asteon, Kharkiven (Ukraina) EFE

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 17

Washingtonentzat «zilegi» da Ukrainak eraso egitea Errusiak Krimeako penintsulan dituen instalazio militarrei. Hori adierazi zuen ekitaldi batean, atzo, Victoria Nuland AEBetako Estatu idazkariordeak. Argudiatu zuen Ukraina ez dela «seguru» sentituko Krimea desmilitarizatuta egon arte, «gutxienez». Horiek horrela, gerraren areagotzea bultzatzea egotzi die Errusiak AEBei.

Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimeako penintsula, eta, Moskuren arabera, azken egunetan han egindako erasoak areagotu ditu Ukrainak. Sebastopol hiriko gobernadore Mikhail Razvozhaevek salatu du, Telegramen, Ukrainak ahalegina egin duela drone batekin hiriko instalazio elektriko bati eraso egiteko, baina aireko defentsa sistemek erorarazi egin dutela. Jakinarazi zuen atzo antzeko eraso bat gertatu zela baina orduan ere neutralizatu egin zutela dronea.

Eta hori guztia aintzat hartuta, Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan du, astero ematen duen prentsaurrekoan, Washington ari dela Ukraina «xaxatzen» gerra Errusiako «lurretara» eramateko. «Honi buruz aspaldi ohartarazi genuen, eta operazio militar berezi bat egitera behartuta ikusi genuen geure burua», jaso du Tass Errusiako berri agentziak. «Beste behin argitu behar dugu AEBak nola ari diren parte hartzen Ukrainako gatazkan. Arma ugariz hornitzen dute, inteligentzia ematen diote, operazio militarren planifikazioan zuzenean parte hartzen dute, eta Ukrainako militarrak entrenatzen dituzte». Moskuk salatu du, bide batez, Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Kursk eskualdeko bi herriri eraso egin diela Kievek azken orduetan. Hango gobernadoreak ez du zehaztu nola gertatu den, baina esan du leherketak entzun direla.

Iazko martxoan, mahai baten bueltan eseri ziren Errusiako eta Ukrainako ordezkariak, eta Kremlinek orduan nabarmendu zuen bai Donbass eta baita Krimea ere «ukiezinak» zirela. Horrekin lotuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek errepikatu du, txio batean, Kievek negoziatzeko daukan ezinbesteko baldintza dela Errusiako indarrak Ukrainatik erretiratzea.

Bakhmut hutsarazteko

Gerra frontean, Irina Verestxuk Ukrainako lehen ministrordeak eskatu die Donetsk eskualdeko Bakhmut hirian jarraitzen duten 6.000 bat zibilei handik «berehala» alde egiteko. Azken hilabeteetako borrokagune nagusietako bat izan da Bakhmut. Hura kontrolpean hartzea ezinbestekoa da Errusiarentzat, Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango lukeelako erasoaldia, eta, horrenbestez, Donetsk osorik hartzeko moduan egongo litzatekeelako. Kremlin azken egunetan esaten ari da aurrerapausoak ematen ari dela Bakhmut konkistatzeko ahaleginean.

Bestalde, Ukrainako Gobernuak iragarri du datorren astean hasiko dituztela negoziazioak zerealen esportaziorako akordioa luzatzeko. «Uste dut sen ona gailenduko dela eta korridoreari eutsiko zaiola», esan du, agerraldi batean, Ukrainako Azpiegitura ministrorde Jurii Vaskovek. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta eta Turkiaren bitartekaritzarekin, Kievek eta Moskuk akordio bat sinatu zuten joan den uztailean, Ukrainako hiru portutatik abiatuta Itsaso Beltzetik barrena laboreak esportatzeko. Joan den azaroan adostu zuten ituna beste lau hilabetez luzatzea, eta, okerrik ezean, berritzekoa da. Errusia ez dago pozik, ordea, akordioaren zenbait punturekin, eta eskatu izan du bere nekazaritza esportazioei AEBek eta EB Europako Batasunak jarritako zigorrak kentzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©CENTRE DELAS

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.
Xebekinoko bonbardaketan hondatutako ibilgailu bat. Gutxienez lau pertsona zauritu zituzten erasoan. ©EFE

Errusiak egindako «krimenak» ikertzeko eskatu du Wagnerrek

Arantxa Elizegi Egilegor

Armadari «sabotajea egitea» egotzi dio talde paramilitarreko buruak Defentsa ministroari. Luhansk bonbardatu eta bost pertsona hil ditu Kievek, Moskuko iturrien arabera
Plastiko kutsadura, Indonesiako hodartza batean. ©Made Nagi / Efe

Ingurumenaren hondamenaren marra gorri batzuk gainditu direla ondorioztatu du nazioarteko ikerketa batek

Iñaki Petxarroman

Nazioarteko ikerketa batek lehen aldiz neurtu ditu ingurumenaren narriadurak gainditu beharko ez lituzkeen segurtasun eta justizia adierazleak. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, bederatzi marra gorri horietako zazpi gainditu egin dira dagoeneko, eta ondorio asko saihestezinak dira.

Zenbait manifestari Brasilgo bandera eusten, odolez zikinduta, lege proiektuaren aurkako manifestazioan, Sao Paulon. ©Andre Coelho / EFE

Lur indigenen aitortza mugatzen duen lege proiektu bat onartu du Brasilgo behe ganberak

Maddi Iztueta Olano

Senatuak bozkatu behar du orain, eta, onartzen badu, Brasilgo presidente Luis Inacio da Silva 'Lula'-ren esku egongo da hori onartzea edo betoa jartzea. Legeak baimena emango luke lur indigenetan labore transgenikoak ereiteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.