Migratzaileak

Civitavecchian lehorreratu ditu 'Aita Mari'-k aste honetan erreskatatutako 31 migratzaileak

Gauean heldu da Terzobinario.it atariaren arabera, eta denak onik daude.

jon ordonez garmendia
2023ko otsailaren 18a
11:55
Entzun

Aita Mari salbamendu ontziak bart gauean lehorreratu ditu aste honetan Libiako itsasoan erreskatatu dituen 31 migratzaileak, Terzobinario.it atariak jakinarazi duenez. 01:40ean heldu da Civitavecchiako portura, eta osasun azterketa egin ondoren utzi dute migratzaileek ontzia. Horien artean haurdun dauden hiru emakume, hamar haur eta gurasorik gabe heldu diren 13 eta 15 urte arteko sei adingabe daude. Gehienak Boli Kosta, Senegal eta Gineakoak dira.

Ontzitik jaisten lehena 3 urteko haur bat eta bere ama izan dira. Ondoren jaitsi dira beste guztiak. Kaian Gurutzeko Gorriko bi karpa eta anbulantziak zeuden. Kostazainak, Polizia eta Babes Zibila ere zain zituzten. Egin beharreko tramiteak egin ondoren, Prefekturak esandako lekura eraman dituzte autobusetan. Itsas Salbamendu Humanitarioko iturriek EITB Mediari egindako adierazpenen arabera, denak onik daude.

Asteazkenean erreskatatu zituen Aita Mari-k 31 migratzaile horiek. Itsas Salbamendu Humanitarioaren Elkarteak azaldu zuenez, egurrezko txalupa txiki batean zeuden guztiak: «Ez zuten ez banakako, ez guztientzako segurtasun ekipamendurik; bizitza galtzeko arriskuan zeuden». Gainera, salatu zuen gisa horretako erreskateetan hurbilen dagoen portuan lehorreratzea eskaini behar dela, erreskatatutakoek ahal bezain denbora gutxien pasatu dezaten ontzian.

Terzobinaro.it atariaren arabera, Life Support of Emergency salbamendu ontzia ere Civitavecchiara iristekoa da. 156 pertsona daramatza horrek, horien artean, gurasorik gabe dijoazen 29 adingabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.