Euskal gatazka

«Bizikidetza demokratikoan» egindako ekarpena goraipatuz agur esan du Nafarroako Foro Sozialak

Aro bat itxitzat eman duten arren, bakea eraikitzeko prozesua amaitu gabe dagoela ohartarazi dute: «Bide luzea dago egiteko»

Nafarroako Foro Sozialeko kideen agurra, Iruñean. Aurrean Xanti Begiristain eta Txemi Perez, bozeramaile lanetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2023ko otsailaren 18a
13:52
Entzun

Joan den hilabetean bere ibilbidea bukatutzat eman zuen Foro Sozial Iraunkorrak, eta gaur, Nafarroako taldeak azkenengo agerraldia egin du Iruñean, hain zuzen ere, ibilbide horri errepasoa eman eta agur esateko. Egungo egoera 2016an foroa sortu zutenean baino hobea dela nabarmendu dute. «Irekitzen den fase berriari aurre egiteko testuinguru hobe bat finkatzen lagundu izanaz harro gaude», esan du Xanti Begiristain bozeramaileak.

Jendea batzen duena bereizten duenaren aurrean paratu duten eragile instituzional, politiko eta sindikalei esker ona adierazi diete ekitaldian. Bere ibilbidea bukatu du Foro Sozialak, baina bada lana egiteko, gaur aipatu dutenez: «Etapa bat ixten ari da, eta erronka berriak dituen beste bat irekitzen ari da. Horretarako beharrezkoa izanen da helburuak egokitzea eta Nafarroako gizarteak aurrera egiteko tresna egokiak izatea».

Egindako bideari errepasoa emateko aprobetxatu dute gaurko ekitaldia. Egin duten ekarpenik «handiena» hiru esparrutan egituratutako prozesu bat sustatzea izan dela aipatu dute, Iparraldean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan lan bereiziak egin dituztelako. «Konponbiderako prozesua eremu instituzional bakoitzera egokitu da, errealitate bakoitzari egokitutako erritmo eta tresna propioekin, baina beti azken helburu berarekin», azaldu du Begiristainek.

Zentzu horretan, Nafarroan «estrategia atsegin bat» sortu dutela uste dute, «errealitate-printzipioan oinarritua», proposamen «egingarriak» eginez. «Nafarroako gizartearen gehiengoak erdiko erreia elikatu du, Nafarroan dugun gizarte pluralean adiskidetzearen oinarriak ezartzeko apustua egin duelako», esan du bozeramaileak. Adostasun berriak eraiki dituztela ere kontatu du: biktima guziek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari dagokionez, espetxe politikaren inguruan eta «bizikidetza demokratikoa» eraikitzeko bideari buruz.

Adostasun horiek «oso tentuz» ehundu dituztela ere aipatu du Begiristainek, erakundeen artean akordioak erdietsiz zenbait gaietan: giza eskubideen urraketen biktima guztiei babesa, 16/2019 Foru Legea, Torturari buruzko lehen bi txostenak, espetxe politikaren arloan Nafarroako Parlamentuak eta zenbait udalek hartutako erabakiak, Altsasuko gazteen kontrako epaien aurkako adostasun zabala, Sekretu Ofizialen Legeari buruzko akordioa, Nafarroako Gobernuaren Bizikidetzarako Plan Estrategikoa eta Iruñeko Udalak 1978ko sanferminetako gertaerei buruz egindako txostena eta sakabanaketa politikaren ondorioz errepidean hil zen Susana Fernandezi egindako aitortza.

Azkenengo bilkura

Iruñeko Kondestablearen jauregian bildu dira gaur Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko kideak. Egindako ibilbidearen errepasoa eta gaur egungo egoeraren analisia egin dute goizean, eta eguerdian prentsa aurreko agerraldia egin dute hitz egindakoak publiko egiteko. Bideo bat ere proiektatu dute ETAren armagabetzea eta Foro Sozialak 2016an sortu zenez geroztik antolatutako jarduerak erakutsiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.