Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Tsunami alerta eman dute Turkian, beste bi lurrikarak astindu ostean

Richter eskalako 6,4 eta 5,8 graduko dardarak neurtu dituzte, eta kostaldeko hiriak husteko agindu dute Antakya inguruan. Siria iparraldean ere lurrikara sentitu dute. Gutxienez, sei lagun hil eta 760 zauritu dira.

Gizonezko bat otoitzean, atzo Antakyan, otsailaren 6ko lurrikarak suntsituriko eraikinen hondakinen artean. MARTIN DIVISEK / EFE
2023ko otsailaren 20a
19:34
Entzun

Gaur arratsaldean beste bi lurrikara sumatu dituzte Turkia hegoaldeko Antakya hiriaren inguruko eskualdean (Antiokia izenarekin ere ezaguna), Euskal Herrian 18:28ak zirenean; zehazki, Richter eskalako 6,4 eta 5,8 graduko dardarak neurtu ditu Europa Mediterraneoko Sismologia Zentroak. Otsailaren 6an ere lurraren astindua pairatu zuten han, eta 1.200 eraikin baino gehiago erori zirela adierazi dute agintariek. Gaurkoak eraikin gehiago hondatu dituela nabarmendu dute. Horrez gain, Turkiako presidenteorde Fuat Oktayk jakinarazi duenez, gutxienez sei pertsona hil eta ia 300 zauritu dira.

Siria iparraldean ere nozitu dute lurrikara, batez ere Jindires eta Afrin hirietan. Siriako Giza Eskubideen Behatzailearen arabera, gutxienez 470 lagun zauritu dira, dardarak hainbat etxebizitza eraitsi baititu.

Baina gaurko astinduak badu bereizgarri bat: tsunami alerta. Turkiako agintariek eskatu diete herritarrei itsasotik urruntzeko, lurrikaragatik arriskua dagoelako kostaldeko itsas maila 50 zentimetroraino igotzeko eta litekeena delako tsunami bat sortzea. Izan ere, itsasoaren maila asko jaitsi da bat-batean, eta hori izaten da tsunami baten olatu erraldoiak helduko direla iragartzen duen zantzuetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.