Albistea entzun

Antzerkia

'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' obrak irabazi du Donostia antzerki saria

Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias aktoreek zuzendu eta antzeztutako obra bat da.

'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana.
'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana. Kultura Kooperatiba Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko otsailak 21

Hiru emakume meriendatzen mahai baten bueltan. Tisanaz, pastaz, azukrez eta brandyz betetzen gorputzak, beren eguneroko bizimoduaz hitz egin artean. Nork mugitzen ditu haien kortseen hariak? Zer begiradatatik izan dira sortuak? Nork idatzi du tinta lodiz historia, eta kontatu den bezalakoa al da egiaz? Galdera horien gainean eraikitako obra bat da Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias aktoreek zuzendu eta antzeztutakoa. 2021ean estreinatu zuten, eta, hamaika aretotan erakutsi ondotik, 23. Donostia antzerki saria obra hari ematea erabaki du aurtengo epaimahaiak. Martxoaren 27an eskainiko dute emanaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Agus Perez antzerki kritikariak honela idatzi zuen, besteak beste, haren inguruan BERRIAn: «Hortxe ditugu hiru emakumeak, patxada ederrean, tea eta pasteltxoak hartzen garai bateko jantziekin apainduta. Antzematen dugu asteroko hitzordua dela, agian arratsalde guztietakoa. Hortxe daude, egon aditzaren esangura betean, gizonik gabeko denbora berezi horretan, beraientzat bakarrik sortu duten intimitate horretan. [...] Halako batean, baina, haietariko batek Joshua delako batekin maitemindua dela errebelatuko die beste biei, eta orduan bai, orduan hasiko dira komeriak, jeloskeriak eta elkarrenganako inbidiak akuilatuta. Lehertu arte barre egin dugu hasierako eszena horrekin, hiru antzezleen artean paroxismoraino eraman dutelako parodia buruargiaren artea. Baina horrelakoak al dira benetan emakumeak? Benetakoak ote dira ustezko maitasun erromantikotik sortutako egoerak eta erreakzio patetikoak? Ez ote dira kontsumitzen ditugun fikzioaren produktu ustelduen emaitza? Nork diseinatzen ditu gure iruditeria eratzen duten telesailak, filmak, iragarkiak, albistegiak?».

Antolatzaileek azaldu dute epaimahaiak balio handia eman diola sorkuntza propioa izateari, eta, batez ere, antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari. Beraz, gaineratu dute nabarmentzekoa dela antzezleek egindako lana. «Indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute obra, eta edozein ideia eszeniko taula gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute».

Merezitako aitortza

«Oso pozik gaude sari hau jaso dugulako». Esker onez abiatu da Elias. «Euskaraz eta hutsetik sortu den antzezlan bati balioa ematea oso gauza ederra da. Oso dibertigarria, jolastia eta polita izan da sormen prozesua, eta hori saritzea plazer handi bat da».

Saria jaso izana lantalde osoari zor diotela gaineratu du, segidan, Gaztañagak. «Oso sormen kolektiboa izan da, zaintza erdigunean jarri duena. Askatasun handia izan dugu geure ekarpenak egiteko, eta horren ondorio izan da egundoko sorkuntza hau gauzatu izana». Kulturaz kooperatibaren laguntza ere eskertu nahi izan du Gaztañagak. «Haiek babestu dute obra ekonomikoki, eta haiek egin dute hau posible».

Azkenik, Olaizolak nabarmendu du obrak jaso berri duen sariak Kamikaz kolektiboaren ibilbideari egiten diola aitortza. «Gure esker ona erakutsi nahi dugu, baina, era berean, esan nahi dugu oso harro gaudela geuk egindako lan batek erantzun hau jaso duelako. Kamikaz kolektiboarentzat urrats handi bat da hau, horrek modua ematen digu pentsatzeko etorkizunean egingo ditugun lanetan zer kontatu nahi dugun».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zenbait erakundetako ordezkariak, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, <em>Kristalezko begi bat</em> liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Autobiografia bat, ahots gora

Olatz Enzunza Mallona

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' liburuaren irakurraldi publikoa egingo dute Bilbon
 ©RON KROON / ANEFO

Ahots leun baten ibilbide arrakastatsua

Miren Mujika Telleria

Abeslari brasildarra bossa novaren ikur nagusietako bat izan zen, eta mundu osoan egin zen ezagun 1960ko hamarkadaren hasieran 'Garota de Ipanema' kantuaren ingelesezko bertsioarekin.
Angeles Cruz zinemagilea. ©ZINEGOAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...