Hidrogeno berdea ekoizteko planta bat egingo dute Zangozan, 87 milioi eurokoa

Nafarroako Gobernuak foru intereseko izendatuko du Acciona Plugen proiektua. Guztira 500 lanpostu inguru sortzea espero dute, eta industria hornitzeko balioko du.

Maria Txibite, erdian, proiektuaren aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 21a
14:41
Entzun

Acciona Plug enpresak 87 milioi euroko inbertsioa egingo du Zangozan (Nafarroa), hidrogeno berdea produzitzeko planta bat egiteko. Nafarroako Gobernuko agintariekin batera aurkeztu dute proiektua, Zangozan bertan, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak aurreratu du biharko saioan foru intereseko proiektu izendatuko dutela.

Txibitek eskerrak eman dizkio Acciona Plugi proiektua Nafarroan garatzeagatik, eta adierazi du lantegia «estrategikoa» izango dela: «Karbono isuri urriko ekonomia berriaren erakusleiho izango da, industriarentzat eredu». Txibitek esan duenez, eskualdean energia kontsumo handia duen industriari energia garbia emango dio planta berriak, baita Zangoza berrikuntzaren mapan jarri ere.

Valle H2V Navarra

Acciona Plug sozietateak —%50 Accionarena eta %50 Plug Powerrena— egingo du hidrogeno berdea sortzeko lantegi berria, Accionaren Zangozako Biomasa plantaren ondoan. 25 megawatteko (MW) elektrolizagailua eraikiko dute plantan, eta, hori hornitzeko, parke eoliko bat eta parke fotovoltaiko bat egingo dituzte: 24 MWekoa lehena, eta 25 MWekoa bigarrena.

Urtean 3.880 tona hidrogeno berde produzitzeko ahalmena izango du lantegiak, eta eraikuntza fasean 500 lanpostu inguru sortuko direla kalkulatu dute. Sortutako energiaren %90 inguru industriak kontsumitzeko izango da, eta gainerako %10 garraiorako erabiliko da; horretarako, lantegian bertan hidrogeno instalazio bat eraikiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.