Eskuin muturra

Donostiako Udalak «probokazio» gisa arbuiatu du ostegunean egitekoa den ekitaldi faxista bat

Bakarrik PPk bozkatu du arbuioaren aurka. Falangistek Donostiako Cantabrico klubean egin nahi zuten liburu aurkezpena Bilboko Ercilla hotelera eramatea erabaki dute, eta, Gipuzkoako hiriburuan, lore eskaintza egingo diete ETAren «eskuz eroritakoei»

Martin Saenz de Ynestrillas mehatxu keinuak egiten Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari, azken honi Espainiako Audientzia Nazionalean eginiko epaiketa batean, 2006. urteko urriaren 27an. EMILIO NARANJO / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko otsailaren 21a
16:46
Entzun

Joan zen astean iragarri zuten ostegunean ekitaldi faxista egingo zutela Donostiako Askatasunaren hiribidean dagoen Cantabrico klubean. Jesus Longueira poliziak sinaturiko ETA, ni olvido, ni perdón liburua aurkeztu behar zuten han. SND argitaletxe falangistak plazaratu du liburua, eta horren hitzaurrea Martin Saenz de Ynestrillas neonaziak idatzi du. Iragarri zuten Ynestrillas ere ekitaldian egongo zela, Alvaro Romero falangistarekin batera.

EH Bilduk Donostiako Udaleko eledunen batzordera eraman du gaia gaur goizean, eta udalak onartu egin du ekitaldia arbuiatzeko adierazpena. Bakarrik PPk bozkatu du aurka.

«Ekitaldi horren helburu nagusia, frankismoa eta gerra zikina goraipatzeaz gain, euskal herritar eta donostiar sektore askoren eskubide zibil eta politikoak ezabatzeko eskatzea da», dio Reyes Karrere EH BIlduko eledunak sinaturiko adierazpenak.

Udaleko Osoko Bilkurak, lehen puntuan, onartu du ekitaldia «probokaziotzat» hartzea eta arbuiatzea. Bigarrenean, udalak berretsi du «konpromiso irmoa» duela «memoria historikoarekin, antifaxismoarekin, bake balioekin eta pertsona guztien giza eskubideekin».

Faxistak, Bilbora

Europa Press agentziak atzo zabaldu zuenez, Cantabrico klubean egin beharreko aurkezpena bertan behera utzi dute, «mehatxuak jaso ostean», antolatzaileen hitzetan. Horren ordez, Ynestrillasek eta beste buruzagi faxistek beste ekitaldi bat egingo dute, ostegunean bertan, 17:00etan, Alderdi Ederren. Adierazi dutenez, lore eskaintza egingo diete «ETA banda terroristaren eskuz eroritakoei».

Liburua aurkezteko ekitaldia Bilbora eramango dute, Ercilla hotelera, 20:00etan. Ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago hotelaren aurrean biltzera deitu du Jardun koordinakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.