Iker Irribarria

«Nire bizitzan hartu behar izan ditudan erabaki zailenetako bat da»

Medikuen gomendioari jaramon eginda, Iker Irribarriak pilota profesionala utziko du, belaunean dituen arazoengatik. Martxoaren 4an agurreko jaialdia egingo diote Donostian.

Iker Irribarria Eibarren, gaur, bere agurreko prentsaurrekoan. Fernando Bidarte izan du alboan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Julen Etxeberria - Paulo Ostolaza
2023ko otsailaren 22a
11:21
Entzun

«Urtebete inguru daramat goi mailan jokatu eta entrenatu ezinda, belauneko mina tarteko. Saiatu naiz handik eta hemendik konponbide bat bilatzen, baina ez da erraza izan. Aditu guztien gomendioa argia izan da: nire kirol ibilbidea amaitzea». Iker Irribarriaren hitzak dira. Aramako (Gipuzkoa) pilotariak eta Fernando Bidarte Aspe enpresako buruak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, Eibarko (Gipuzkoa) Portalea kultur etxean, eta hantxe eman dituzte argibideak.

Irribarriaren ibilbidea martxoaren 4an amaituko da, gaur egun duen kontratuarekin batera. Egun horretarako jaialdi bat antolatu du Aspek Donostian, eta partida nagusia zein izango den ere iragarri du Bidartek: Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Zabaleta.

Atzera begirakoa egin du pilotariak: «Nire bizitzan hartu behar izan ditudan erabaki zailenetako bat da. Pribilegiatu bat sentitzen naiz, eta harro nago lortu ditudan lorpenengatik. Dena den, egin ditudan harremanek asetzen naute gehien, egin ditudan lagunek. Aho zapore gozoarekin esango diet agur guztiei». Argi du «pilotari» izan dela, dela eta izango dela: «Ez naiz frontoietatik aldenduko».

Pilotaren arlo psikologikoan ere egin du azpimarra Irribarriak: «Arrakasta deitzen dioguna lortzeak asko sufriarazten digu. Alderdi psikologikoa ere badu pilotak, sarritan gutxi ikusten dena. Benetan maite dudan zerbait uztera noa», esan du. «Aurreikuspenak ez betetzearen garratza» eta «prentsaren presioa» sentitu dituela ere aipatu du.

Hala ere, argi utzi du: osasun arazoek eragin dute Irribarriak pilota profesionala uztea. Eskuin belauneko minak ez dio uzten bete-betean aritzen. Duela bi urte egin zioten ebakuntza, eta ia zortzi hilabetez egon zen jokatu gabe. Itzuli egin zen, baina belauna ez zaio erabat osatu. 26 urte ditu, eta ia zortzi egin ditu profesionaletan jokatzen. Hilabete barru beteko zituen zortzi urte.

Zehazki zer lesio duen galdetuta, hori «oso pertsonala» dela aipatu du: «Esan dezakedana da aditurik onenekin egon naizela, eta guztiek esan didatela erritmoa moteltzeko». Ez du argitu bizimodu normala egiteko zein zailtasun izan ditzakeen, baina aitortu du partida amaieretan eta ondorengo egunean «asko» sufritzen duela.

Nola bizitzen ari den ere galdetu diote: une txarrena atzotik gaurkoa izan dela adierazi du, eta onena, berriz, ez du jakin esaten; agian, lehen txapela irabazi ondorengo ospakizuna.

Bidartek, berriz, Irribarriak izan dituen doaietan egin du azpimarra, eta etorkizunerako zorterik onena opa diola esan du.

Eibarren izan dira, besteak beste, hainbat pilotari: Jokin Altuna, Aitor Elordi, Beñat Rezusta, Xabi Tolosa, Victor Esteban, Iker Salaberria... denera 25 inguru, bai Aspekoak, baita Baikokoak ere. Denek eman nahi izan diote babesa lankideari.

Ondo ari zen

Pilotazaleen arreta guztia Binakako Txapelketako ligaxkako azken txanpan zegoela iritsi da ezusteko albistea. Hala da, Irribarriak atzo jokatu baitzuen Tolosan (Gipuzkoa), Arkaitz Eskuzarekin, Danel Elezkanoren eta Aaron Arbizuren aurka; 18-11 irabazi zuten. Joan den larunbatean, berriz, Binakako Txapelketan aritu zen, Iruñean, Labriten. Hark eta Beñat Rezustak 22-17 irabazi zieten Unai Lasori eta Iosu Eskirozi. Irribarria Peio Etxeberriaren ordez aritu zen. Aurretik, beste behin jokatu zuen ordezko gisa. Urtarrilaren 20an izan zen, Urdulizen (Bizkaia), ligaxkako bederatzigarren jardunaldian. Orduan, Aitor Elordiren ordez aritu zen, eta hark eta Jose Javier Zabaletak 22-11 irabazi zieten Joseba Ezkurdiari eta Julen Martijari. Bietan oso ondo aritu zen Irribarria. Horregatik ere bada ezusteko albistea.

Txapelketan lehen aldiz ordezko gisa aritu aurretik, harekin hitz egin zuen BERRIAk, eta Irribarriak esan zuen «opari eta pizgarri» gisa hartu zuela Aspek bera aukeratu izana Elordi ordezkatzeko. Helburuaz galdetuta, adierazi zuen «ahalik eta lanik onena» egin nahi zuela, enpresari erakusteko «prest» zegoela behar zuenerako.

Ez zen enpresak binakakotik kanpo utzi zuen lehenbiziko aldia; duela bi urte ere ez zuen jokatu. «Ohitu? Ez nuke esango ohitu denik hitza. Halakoa da kirola: polita eta gogorra aldi berean; une politak bizitzeko, gogorrak ere bizi behar dira. Txapelketa batetik kanpo geratzea ez da gerta dakizukeen okerrena. Okerragoa da lesionatzea; nik badakit hori. Baina ez da gozoa kanpoan geratzea. Horretarako ere prestatzen gara; lan fisikoa eta teknikoa ez ezik, psikologikoa ere egiten dugu», azaldu zuen.

Ez zen ari jokatzen binakakoa titular moduan, eta ez zuen jokatu lau eta erdikoa. Hark esan zion enpresari ez zuela bere burua prest ikusten; ez zuen nahi bezain ondo belauna. Eta lau eta erdian, Elordik eta Peio Etxeberriak finalerdiak jokatu zituzten, eta Asperi argi utzi zioten merezi zutela lehen aldiz binakakoa jokatzea. Irribarriak «inbidia pixka batekin» bizi izan zuen. «Norberak jokatu egin nahi du, baina norbera ondo ez badago, eta hobera egiteko erabaki zailak hartzen baditu, gauzak ondo egiten ari den seinale da. Hori egin nuen nik. Oso lasai egon nintzen. Ez naiz damutzen jokatu ez izanaz. Oraindik gerra ematen dit belaunak; ez dit uzten nahi bezainbeste entrenatzen. Baina astean bitan jokatzen ari naiz, eta eusten ari zaio». Baina ez da hala izan.

Ezker beldurgarria

Irribarriak Eibarren esan du agur. Hain zuzen ere, hango Astelena pilotalekuan debutatu zuen profesionaletan. Hiru hilabete eskas behar izan zituen lehen finala jokatzeko: Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketakoa, Tolosan. 22-15 galdu zuen Victor Estebanen aurka.

Hurrengo urtean, berriz, sekulako erakustaldia eman zuen Lehen Mailako buruz burukoan aritu zen estreinakoan. Atarikoan hasi zen, eta haren ezkerkada beldurgarriek hankapean ibili zituzten aurkari guztiak; txapela jantzi zuen Bilbon, Mikel Urrutikoetxeari 22-13 nagusituta. 19 urte bakarrik zituen. Inork ez du horren gazte irabazi buruz buruko txapela.

Hurrengo urtean beste bi final jokatu zituen: binakakoa irabazi zuen Rezustarekin, Bilbon, Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Larunberen aurka (22-14), eta buruz burukoa galdu zuen Bengoetxea VI.aren kontra, Bilbon: 22-18. Bi urte geroago, beste bi final jokatu zituen: binakakoa galdu zuen Zabaletarekin, Bilbon, Danel Elezkanoren eta Rezustaren aurka (22-19), eta buruz burukoa irabazi zuen, berriro Urrutikoetxearen aurka, Bilbon: 22-20.

Ikusi gehiago: Iker Irribarriaren ibilbidea, hogei argazkitan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.