Biktimak

Fernando Buesa eta Jorge Diaz gogoratu dituzte Gasteizen

Eusko Legebiltzarreko talde parlamentario guztietako ordezkariek parte hartu dute omenaldian.

Natividad Rodriguez, Fernando Buesaren alarguna, gaur goizean. DAVID AGUILAR / EFE
2023ko otsailaren 22a
15:24
Entzun

Fernando Buesa Arabako PSE-EEko buru ohi eta legebiltzarkidea eta Jorge Diaz haren bizkartzaina gogoratu dituzte Eusko Legebiltzarreko talde parlamentario guztietako ordezkariek, Gasteizen egindako lore eskaintza batean. Gaur 23 urte bete dira ETAk bonba auto batekin hil zituenetik.

Askatasunaren lorategian egindako ekitaldian izan dira, besteak beste, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, EH Bilduko eledun Maddalen Iriarte, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza eta EAEko PPko idazkari nagusi Laura Garrido. Baita Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu ere.

Anduezak nabarmendu du sozialistek konpromisoz eusten diotela Buesaren «legatu politikoari»: «Urteak pasatu arren, oso presente dugu aniztasunaren eta askatasunaren defentsa, Fernando Buesak bere izate politikoaren arrazoi bilakatu zuena». Hala, adierazi du ez dutela ahaztuko ETA «Euskadi ulertzeko modu hori» ezabatzen saiatu zela. PSE-EEko idazkari nagusiak azaldu du «egiak, justiziak eta erreparazioak» izan behar dutela «terrorismoaren biktimekiko» eta oro har gizartearekiko konpromisoaren oinarriak, inolako «aitzakia edo konparazio onartezinik» gabe.

EAJk sare sozialen bidez adierazi du «memoriarik gabe» ez dagoela etorkizunik. Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik, berriz, askatasun politikoen aldeko aldarria egin du: «Askatasun politikoen alde egiten dugu borroka; hau da, ideia baten izenean norbaiti bizia kentzea politikoki justifikagarria eta moralki onargarria ez den herri batengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.