Sindikatuak

Pentsioen murrizketa galarazi dezatela eskatu die ELAk alderdiei

Pobretze orokorraren aurka «kaleak hartzearen» alde egin du Mitxel Lakuntzak, Iruñean afiliatuekin egindako ekitaldian. Nafarroako Gobernua langile publikoen soldaten debaluazioaren «abangoardian» dagoela salatu du sindikatuak.

ELA sindikatuaren elkarretaratzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko otsailaren 23a
14:34
Entzun

Lehenik, Nafarroako Antzerki Eskolan ekitaldia egin du goizean, eta eguerdian elkarretaratzea Iruñeko udaletxearen aurrean, Soldatak, pentsioak defendatu, pobretzeari stop lelopean.

Hain zuzen ere, prezioen igoera ikusita pobretze orokorraren inguruko kezka handia duela transmititu die Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. KPIaren igoera ikusita, enpresak «inoiz baino irabazi handiagoak» dituztela nabarmendu du, komunikabideak albisteetan panorama ezkorra islatzen ahalegintzen badira ere.

Lakuntzaren arabera, patronalak lan hitzarmenen blokeoa baliatzen du soldaten igoerak gerarazteko, eta orain Confebaskek absentismoaren gaia hartu du hizpide «eztabaida desbideratzeko asmoz».

Hori ikusita, «albiste ontzat» jo du Erresuma Batuan eta Frantzian grebak egitea soldatak igotzea eskatzeko eta pentsioen murrizketen eta pobretze orokorraren aurka egiteko.

ELA Europako Sindikatuen Konfederazioko kide da, eta, Lakuntzaren arabera, urteetan, grebaren aldarriaren aurrean, beste erakunde kide askok ez dute ontzat jo mobilizazioaren bidea, baina joera hori aldatzea ona dela deritzo. Gainera, ezkerrak eta sindikatuek kaleak hartzea eskuin muturrari aurre egiteko modua dela nabarmendu du.

Halaber, pobretze orokorrari aurre egiteko, fiskalitatearen bidea aldarrikatu du. ELAk Joe BIdenen bideo bat jarri du antzokian, eta bertan AEBetako presidenteak aldarrikatzen zuen ez dela normala aberatsenek «suhiltzaile edo irakasle batek baino zerga gutxiago» pagatzea. Lakuntzaren arabera, Biden «ez da ezkertiarra», baina jabetzen da ez dela normala zergen desoreka: «Nafarroan, berriz, Txibitek ez du esaten Bidenek dioena».

Horri loturik, beste kezketako bat zerbitzu publikoen egoera da. «Etxeko lanak ez dira ezta egiten hasi ere. Barcinaren garaian osasunean inbertitzen zenaren pare inbertitzen da egun»

Lakuntzak salatu du UPNk Nafarroako Gobernua utzi zuenetik zortzi aurrekontu onartu edo ahalbidetu dituztela Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak, Ahal Dugu-k eta PSNk —sozialistek, zehazki, azken lau urtetan—: «Barcinaren zerga eredua ez da batere aldatu, eta CEN patronala lasai dago. Berdin zaio nor dagoen gobernuan. Hori da gure tragedia».

Asteazkenean, Nafarroako Gobernuak onartu zuen aurten langile publikoei %2,5 igoko diela soldata. Iazko %3,5eko igoera gehituz gero, KPIaren azpitik izango da bi urtez jarraian, eta, ondorioz, 30.000 langile publiko erosahalmena galtzen ari dira. ELAren arabera, «soldaten debaluazioaren abangoardian» dago gobernua.

ELA-Zerbitzuetako Josetxo Mandadok gogora ekarri du Txibitek esaten duela ez dagoela dirurik. «Hori esan eta gero, hobekuntza korporatiboak adostu ditu oso sektore jakin batentzat, Sindikatu Medikoarekin gertatutakoak erakusten duen bezala».

Pentsioen erreformaz

ELAk ohartarazi du Espainiako Gobernuak akordio bat duela Europako Batzordearekin, pentsioak murrizteko. Ondorioz, «dei zuzena» egin die alderdiei; bereziki Geroa Bairi, EH Bilduri eta Unidas Podemosi. «Hausnarketa honetatik gertu egon beharko luketela uste dugu».

Pentsioak kalkulatzeko urte kopurua handitzeko asmoaren aurka egin eta erreforma hori gerarazi dezatela eskatu die. Erreforma hori Kongresura iristen bada kontra bozkatu dezatela galdegin die, beraz. Haren ustez, benetako arazoa da pentsioak «apalak» direla, eta ez alderantziz.

Ekitaldian, Lakuntzak pentsiodunen aldarri bat nabarmendu du: «Berdin dio nor dagoen gobernuan: pentsioak defenditu beharra dago». Horren aurka mobilizatzearen garrantzia azpimarratu du. ELAk gogora ekarri ditu orain zein azken hilabeteetan greban izan diren Nafarroako langileak —zahar etxeetakoak, kultura eta aisialdi arlokoak, Schneider, Conasa, Sabico, San Andres, UDC Txantrea...—.

Azkenik, azken hilabeteetako hauteskunde sindikalen emaitzekin pozik azaldu da Lakuntza, eta oraindik ere Hego Euskal Herriko «lehen sindikatua» direla azpimarratu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %41eko ordezkaritza dutela adierazi du, eta Nafarroan, %23,3koa. «Bilbora joan behar izan dut nik, Nafarroan inoizko emaitzarik hoberenak lor ditzazuen», aipatu du txantxetan Lakuntzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.