Arrantza

Eusko Jaurlaritzak angularen arrantza profesionalizatuko du

Aisialdi edo kirol jarduera moduan arrantzatzen dutenei debekua ezarri die Bruselak. Kofradietan eta merkaturatzeko baimena duten saltokietan soilik saldu ahalko dira angulak.

Angulazale bat, Orian ibaian (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 23a
14:44
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Anguleroen Elkarteak akordioa egin dute angularen arrantza profesionalizatzeko; erabaki horrek modua emango luke jarduera horrekin jarraitzeko, Europako Batasunak debekatu egin baitu arrantzale afizionatuek espezie hori harrapatzea, espeziea desagertzeko arriskuagatik.

Jaurlaritzak eta angula arrantzaleen elkarteak jarduera horretan aritzen direnen errolda bat egitea hitzartu dute. Urtero bidaliko diote Itsasoko Gizarte Institutuari, erregistroan Langile Autonomoen Araubide Berezian arrantzale profesional gisa alta emateko, kolektibo horri buruzko «epigrafe espezifiko batekin». Gaur egun 700 angulari inguru daude, baina, zehaztu dutenez, denak ez lirateke erroldan sartuko.

Bi aldeen arteko akordioaren arabera, AZTI ikerketa zentroa arduratuko da urtero banatuko diren lizentziez eta harrapatu ahalko diren angula kopuruak ezartzeaz, bai eta espezie horren populazioaren eta harrapaketa kanpainaren iraupenaren jarraipen «zehatza» egiteaz ere.

Era berean, angulak arrantzaleen kofradietan edo produktu hori merkaturatzeko baimena duten saltokietan soilik saldu ahalko dira.

Eusko Jaurlaritzak 2003-2004ko sasoian banatu zituen lizentziak azkenekoz, eta, ordutik, baimena lehendik zutenak aritu ahal izan dira; gainerakoak, berriz, ezkutuan ibili dira. Angularen arrantza arautzeko eta espeziearen iraupena bermatuko duen plan integral bat egitearen aldeko eskaerak ugaritu dira azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.