Zinema

Bihar iritsiko da 'Irati' zinema aretoetara

Euskal mitologiako pertsonaiak ditu oinarri Paul Urkijoren lanak, eta VIII. mendean girotuta dago.

Justo Ezenarro, Edurne Azkarate, Paul Urkijo, Eneko Sagardoi eta Itziar Ituño, gaur, Bilboko Azkuna Zentroan. MIGUEL TOÑA / EFE
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko otsailaren 23a
16:10
Entzun

Bost urteko lanaren ondoren, bihar iritsiko da Paul Urkijoren Irati filma zinema aretoetara. VIII. mendean dago girotuta ikus-entzunezkoa, eta paganismoaren amaiera kontatzen du: kristautasuna Europan barrena hedatzen hasi zen garaia. Filmean, baina, basoan bizi direnek eutsi egin nahi diete lehengo sinesmenei. Filmaren helburua «euskal kulturari eta mitologiari ohore egitea» dela adierazi du Urkijok, baina nabarmendu du gidoia «lotzeko zaila» izan dela: «Amets bat betetzea bezala izan da; betidanik izan dut halako zerbait egiteko gogoa. Euskal mitologiako pertsonaiak sartu ditut ezpatak eta sorginkeria nagusi diren film batean. Oso esperientzia polita izan da». Gaur aurkeztu dute filma, Bilboko Azkuna zentroan, eta, zuzendariaz gainera, prentsaurrekoan izan dira Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño aktoreak.

Joxean Muñozek idatzitako eta Juan Luis Landak marraztutako Iratiko zikloa izan da gidoia idazteko abiapuntua. Orreagako (Nafarroa) batailaren ostean abiatzen da istorioa, eta, oro har, borroka eszenak dira filmaren atal garrantzitsuenetako bat. Eneko Sagardoik adierazi du irudi horiek filmatzeko «trebakuntza asko» behar izan duela: «Filmatzen hasi baino lau edo bost hilabete lehenago hasi nintzen prestakuntza fisikoarekin. Gimnasiora joatea eta asko jatea zen lehen baldintza, eta, hala, hamar kilo inguru irabazi nituen. Horrez gainera, zaldian ibiltzen ere ikasi behar izan nuen. Sinesgarritasuna ematea izan da garrantzitsuena niretzat». Eneko Arista erregearen rola jokatu du filmean.

Borrokak borroka, baina, «amodiozko istorio» gisa definitu du filma zuzendariak: «Euskal mitologiari, ezpata eta abentura filmei, eta naturari eskainitako maitasun istorio bat da, besteak beste». Zortzi astean grabatu dute film osoa, eta argi naturala erabili dute gehienbat. «Benetako lokalizazioak aurkitzea gakoa izan da», azpimarratu du zuzendariak. Tartean, Aralarren, Pirinioetan, Oñati eta Pozalaguako leizeetan.

Edurne Azkaratek egin du Iratirena filmean. Aktorearen lehen lana izan da zineman, eta nabarmendu du «asko» gozatu duela,«erronka oso handia» izan bada ere: «Film bat egitea zaila da, berez, gure ogibidean; sari bat izan da. Kolore asko ditu nire pertsonaiak; mundu errealaren eta magikoaren artean dabil».

Itziar Ituñok, berriz, «kolaborazio oso berezia» egin duela azpimarratu du; Mari jainkosaren rola jokatu du: «Grabaketako azken astean iritsi nintzen, baina sekulako esperientzia izan da: Mari ez da edonor. Pertsonaia hori interpretatzea opari handi bat izan da niretzat”. Era berean, gaineratu du «harrotasun itzela» dela Euskal Herrian horren esanahi berezia duen film bat egitea.

Nafarroako «proto-erresumako euskara zaharra» bilatzen saiatu dira filmean, eta pelikula jatorrizko bertsioan ikusteko gonbita egin du zuzendariak: «Zinema areto gehienek bertsio originalean emango dute filma, eta hori poztasunez hartu dugu: filma horrela ikusi behar da, gure ustez».

Ikusi gehiago: «Filma egiteko hautuak erraietatik eta bihotzetik eraman nau»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.