KORSIKA

Ferrandi preso korsikarrari erdiaskatasuneko erregimena onartu diote

62 urteko presoari zaintzarako neurri zorrotzak ezarriko zaizkio urtebetez, «hamar urterako» baldintzapeko askatasuna onartu aurretik.

Korsikako bandera leiho batean, Bastian, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 23a
17:22
Entzun

Alain Ferrandi Korsikako preso nazionalistari erdiaskatasuneko erregimena onartu dio terrorismoaren aurkako epaiak ebazten dituen auzitegiak. Hala, Ferrandik urtebeteko probaldia bete beharko du baldintzapeko askatasuna onartzeko. Preso korsikarra 1999ko maiatzean sartu zuten espetxean, eta bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten, 1998an Claude Erignac prefeta hiltzea egotzita, Aiacciun.

62 urteko presoari zaintzarako neurri zorrotzak ezarriko zaizkio urtebetez, «hamar urterako» baldintzapeko askatasuna onartu aurretik. Halere, Fiskaltza Antiterroristak aukera izango du erabakiaren aurka helegitea aurkezteko; hamar eguneko epea du. Ia duela hilabete, Ferrandiren taldeko kide Pierre Alessandriri erdiaskatasuneko neurria onartu zion justiziak.

Korsikako hautetsien eta Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninen arteko bileraren bezperan heldu da neurria, hain zuzen. Bihar dira biltzekoak, uhartearen estatutu instituzionala aldatzeari buruzko elkarrizketei berrekiteko. 2022ko maiatzean, Parisko Zigor Auzitegiak atzera bota zuen Ferrandik erdiaskatasuna eskuratzeko aurkeztu zituen eskaeretako bat. Otsailean, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak onartu egin zuen, baina fiskaltzak blokeatu egin zuen ebazpena.

Urtarrilaren 31n, Parisko Zigor Auzitegiak baldintzapeko erdiaskatasuneko neurri bat eman zion Alessandriri. Neurri hori duela hamar egun gauzatu zen, eta urtebete iraun beharko luke berrikusi aurretik. Alessandrik Bastia hegoaldeko Borguko espetxean egiten du lo, eta nekazaritza enpresa batean dihardu lanean. Hilabeteko asteburu guztietan ziegan egoten da, batean izan ezik, irteteko baimena baitauka. Hain justu, Ferrandik erregimen bera izango du.

Bi militante nazionalista horiekin batera, Yvan Colonna presoari ere bizi osoko zigorra ezarri zioten. Iazko martxoaren 21ean zendu zen Colonna: Arlesko (Okzitania) presondegian eraso egin zioten, eta koman egon zen hiru astez. Colonna 2003tik zegoen preso, eta bizi guztiko kartzela zigorra betetzen ari zen, hura ere Erignac prefetaren hilketagatik zigortu baitzuten. Colonnaren hilketak zeresan handia eman zuen Korsikan eta Frantzian, erasoaz geroztik aspaldi izandako manifestaziorik eta mobilizaziorik handienak egin baitituzte Mediterraneoko uharte horretan.

Ikusi gehiago: Yvan Colonna hil da, Korsikako militante independentista ezaguna

Colonnaren kontrako erasoaren ondoren sorturiko testuinguruak erabakiak hartzera behartu zuen Frantziako Gobernua, eta, Mediterraneoko uharte horretako egoera baretze aldera, Jean Castex Frantziako lehen ministro ohiak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zien Alessandriri eta Ferrandiri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.