Euskal presoak

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren «jarrera oztopatzailea» salatu du Foro Sozialak

Motibazio politikoko delituengatik kartzelatuta dauden euskal presoei aplikatutako politikaren behatokiaren azken txostena aurkeztu dute.

Teresa Toda, Agus Hernan eta Aitzol Asla, aurkezpen prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 24a
11:58
Entzun

Foro Sozial Iraunkorraren arabera, Auzitegi Nazionalak «blokeatu» egiten du euskal presoei ohiko espetxe araudia aplikatzea. Hala azaldu du motibazio politikoko delituengatik kartzelatuta dauden euskal presoei aplikatutako politikaren behatokiak bere seigarren eta azken txosten monografikoan. Txostenean nabarmendu du fiskalaren «jarrera oztopatzailea» dela, eta hark hirugarren graduen aurka egiteko erabili dituen argudioak aztertu ditu.

Foro Sozialak azaldu du urruntzea, sakabanaketa, bakartzea eta lehen graduen ezarpen sistematikoa atzean geratzen ari direla, baina gogoratu du oraindik ere salbuespenezko politikak aplikatzen zaizkiela euskal presoei. Horren harira, adierazi du presoen egoerari irtenbidea emateko markoa zehaztuta dagoela: «Salbuespenezko politika guztia desmuntatzea, biktimen mina errespetatzea, birgizarteratze prozesuetan graduen eta baldintzapeko askatasunen ohiko aplikazioa, eta preso proaktiboak izatea birgizarteratze prozesuetan».

Gizarteratzeko ibilbide indibidualizatuak garatzerako garaian, motibazio politikoko presoek arazoak topatzen dituzte, eta Foro Sozialak Auzitegi Nazionala jo du horren erantzuletzat. Izan ere, fiskalak helegitea jarri die Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen hiru laurdeni, legez kanpokoak direla iritzita. Foroaren esanetan, baina, «ez da zentzuzkoa pentsatzea administrazioak hainbeste aldiz huts egin dezakeenik bere erabakietan». Hala, fiskalak legearen inguruan egiten duen interpretazioan «inboluzio nabariki ideologiko bat» dagoela uste du. Orain arte, onartutako 37 hirugarren graduetatik, 24ri jarri die helegitea fiskalak, eta epaileak hamabi kasutan ebatzi du presoen gradu erregresioa, oraingoz.

Foro Sozialaren ustez, fiskaltzak hirugarren graduen kontra egiten du, baina Eusko Jaurlaritzaren ebazpenen edukiak aztertu gabe. Arlo bakarrean zentratzen dela azaldu du: Espetxeetako lege organikoko 72.6 artikuluaz egiten duen interpretazioan.

Ikusi gehiago: Auzitegi Nazionalak badaezpadako neurriak ezarri dizkio Iñaki Graciari

Haren arabera, euskal presoek frogatu behar dute ez dutela loturarik ETArekin, eta horretarako bi modu dituzte: batetik, indarkeria baztertu izana adierazten duen eta biktimei barkamena eskatzen dien adierazpen bat egitea. Bestetik, espetxeetako tratamendu batzordeen txosten teknikoek hori egiaztatzea. Foro Sozialak, baina, salatu du fiskaltzak lehen aukera soilik hartzen duela kontuan, eta modu hertsian.

«Kasu guztietan daude adierazpen pertsonalak, progresioa jasotakoek idatziak; haien terminoetan, egindakoaren ardura hartzen dute, kaltetutakoei egindako mina onartu, horiekiko errespetua eta enpatia adierazi, eta berriz ez egiteko konpromisoa esplizitatu», azaldu du txostenean. Fiskalak, baina, «gaitzespen» eta «barkamen» terminoak erabiltzeko exijitzen du. Eta hala egiten denean ere, horien «zintzotasuna» zalantzan jartzea kritikatu du foroak.

Gainera, beste bi argudio ere erabili ohi ditu fiskaltzak. Batetik, euskal presoak ez direla ezarritako erantzukizun zibila ordaintzen ari, edo ez dituztela behar adinako ordainketak egiten. Foro Sozialak, ordea, espetxeetako lege organikoaren 72.5 artikuluaren interpretazio hertsia egitea leporatzen dio. Izan ere, haren arabera, nahikoa da presoek hura ordaintzeko borondatea izatea. Foroak azaldu du espetxean urte asko daramatzaten herritarrak direla, haien ondasunak enbargatuta dauzkatela, eta oraintsu arte ezin izan dutela lan egin espetxeetan, lehen graduan zeudelako. Halere, haien irabazien araberako ordainketak egiten ari direla gogoratu du.

Bestetik, aurrez espetxe baimenik eduki ez izana ere argudiatu izan du fiskaltzak. Kontua da, baina, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala izaten dela, fiskalaren txostena tarteko, presoei galarazten diena halako baimenak izatea. «Ministerio Fiskalak kontzienteki ixten du baimenetarako sarbidea eta, jarraian, irmotasun berarekin egiten du hirugarren graduen kontra presoak ez dutelako baimenik izan».

Horiek hala, Foro Sozialak salatu du espetxe politikan aldaketak egitearen aurkako lobby bat dagoela, eta ohiko legediak ezarritako eskakizunetatik haragoko exijentziak ezarri nahi dituela. «Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean eta Lehen Zigor Salan erantzuna topatzen zuen eta duen lobby bat».

Hori dela eta, «premiazkotzat» jo du 7/2014 eta 7/2003 legeak indargabetzea. Lehenak Frantzian betetako zigor urteak zenbatzea galarazten du egun. Bigarrenak, berriz, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak «oztopatzeaz» gain, gehienezko espetxe urte kopurua areagotu zuen: 30 urtetik 40ra. Izan ere, foroak uste du ez duela «zentzurik» 2003ko testuinguruan garatutako lege erreforma horri eusteak 2023an: «Hamabi urte igaro dira ETAren amaiera efektibotik. Zentzudun inor ez litzateke ausartuko esatera berriz erortzeko arriskua dagoela».

Nola funtzionatzen du gradu progresioak?

Orain arte ez bezala, «euskal gizartearen errealitatearen ezagutza zuzena» duten profesionalen esku dago egun euskal presoen gradu progresioen inguruan erabakitzea, Foro Sozialak adierazi duenez. Honela izaten da prozesua Eusko Jaurlaritzaren menpeko espetxeetan: Basauriko, Martuteneko eta Zaballako tratamendu batzordearen txostena hartzen da abiapuntutzat, eta batzorde hark eta Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak eman behar dute oniritzia.

Tratamendu batzordeek gehienez sei hilabetean behin aztertzen dute preso bakoitzaren sailkapena, haiekin lan egiten duten lantalde teknikoen proposamenean oinarrituta. Hirugarren gradura aldatzea erabakiko balute, Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzari igortzen zaio txostena, eta hura aztertzen du —onartu, baztertu edo aldaketak egin ditzake—. Hirugarren graduaren alde egiten duenean, fiskaltzari abisua igorri behar diote.

Iruñeko kartzelari dagokionez, prozesua antzekoa da, baina eskumena Espainiako Gobernuarena denez, Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak hartzen du azken erabakia, tratamendu batzordearen txostenean oinarrituta. Halere, Iruñeko espetxeak oraingoz ez du onartu hirugarren gradurik.

Fiskalak errekurtsoa jarriko balu, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatziko luke haren inguruan. Hark alde edo kontra egin dezake. Bi kasuetan, fiskaltzak eta defentsak aukera dute erabakiari errekurtsoa jartzeko. Kasu horietan, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Sala litzateke azken erabakia hartuko lukeena.

Halere, fiskaltzak, lehen helegitea jartzean, beste eskaera bat ere egin izan dio epaileari: hirugarren gradua behin-behinean eteteko, kautela neurri gisa. Izan ere, epaitegiak zenbait hilabete behar izaten ditu ebazteko. Orain arteko kasuetan, epaitegiak kautela neurriak hartzearen kontra egin du, baina baliteke Auzitegi Gorenaren abenduko ebazpen batek hori aldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.