Emaitzak

Kostuen igoera handia nozitu du CAFek

Tren konpainiak inoiz baino gehiago saldu zuen iaz, baina 2021ean baino %38 gutxiago irabazi zuen

CAFek Beasainen duen lantegiko sarrera. KARLOS CORBELLA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko otsailaren 24a
19:38
Entzun

CAFek inoiz baino gehiago saldu zuen iaz, baina ekoizpen kostuen garestitzearen eta inflazio handiaren eraginaren erruz 2021ean baino %38 gutxiago irabazi zuen.  Zuzendaritza, baina, lasai dago, tren konpainiaren eskaera zorroa %37 handitu zen, 9.640 milioi eurotik 13.250 milioi eurora igaroz, eta haren ustez, lan kargak ematen duen berme hori «oinarri sendoa» da hazten jarraitzeko.

CAFek 2022ko jardunaren txostena argitaratu du. «Urte historikotzat» jo du, salmentek 3.000 milioi euroen langa igaro zutelako lehen aldiz. 3.165 milioi euroren salmentak egin zituen zehazki, 2021ean baino %8 handiagoak. Gehiago saltzeak, baina, ez du esan nahi gehiago irabazten denik, ekoizpen gastuak handitzen badira, mozkinei eragiten dietelako.

Hori gertatu zitzaion hain zuzen. 52 milioi euroren irabazi garbiak lortu zituen guztira, 2021ean baino 34 milioi gutxiago. Txostenean asko igo ziren hainbat gastu aipatzen ditu: soldata igoerak, gastu finantzarioen gorakada (+%46), energia kostuen bilakaera —%250eko igoera aipatzen du—, lehengaien garestitzea eta osagai kateetan izandako trabak. Azken bi arazo horiek autobusen alorrari eragin zioten bereziki.

Autobusen alorrak, izan ere, behera egin zuen, eta hori 2021ean adina ale saldu zituela kontuan hartuta—1.492 saldu zituen urte bakoitzean—. Solarisek 696 milioi euroren salmentak egin zituen, 2021ean baino %3 gutxiago. CAFen negozio alor handiena, dena den, trenena da, eta haien salmenta %11 handitu zen. CAFen negozio bolumenaren %58 trenen ekoizpenean datza, eta iazko salmenta datu bikainen oinarria hura da. Tren zerbitzu osagarrien alorrak %5 egin zuen behera, eta osagaiena %%44 hazi zen.

Irabazien jaitsiera zergetan eta akziodunek jasotako dibidenduetan ere nabaritu zen. Mozkinen gaineko zergei erreparatuz gero, 36 milioi euro ordaindu zituen, %12 gutxiago. Akziodunei dagokienez, 1,52 euro jaso zituzten akzio bakoitzeko, 2021ean jasotako 2,51 euroetatik urrun.          

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.