Lan gatazkak

Solariseko langileek greba utzi dute, beren eskaeren zati handi bat lortuta

39 eguneko lanuztea egin ondoren, 135 euro inguruko soldata igoera eskuratu dute. Poloniako autobus enpresa bat da, CAFek 2018an erosi zuena. Sindikatuen arabera, 22 milioiren irabaziak izan zituen iaz.

Solariseko langileak grebari en zioten egunean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 4a
18:54
Entzun

Poloniako Solaris autobus enpresako langileek greba utzi dute, beren eskaeren zati handi bat lortu baitute. CAF taldearen barnean dago enpresa, eta zuzendaritzak eta langileek 650 zlotyko igoera (135 euro) igoera adostu dute 39 eguneko lanuztearen ondoren. Langileek 800 zlotyko igoera eskatzen zuten (176 euro), baina eskaerak leundu egin dituzte KPIaren araberako igoeren eta beste gainsari batzuen truke. Poloniako sindikatuek akordioa txalotu dute, baita Euskal Herrikoek ere, LABek eta CCOOk besteak beste.

Solarisek Bolechowo-Owinskaken (Polonia) duen plantako 2.700 langileak astelehenean itzuliko dira lanera. Urtarrilaren 24tik greban zeuden, eta ekoizpen kate osoa geldirik zegoen. Hilabeteak ziren langileak soldata igoera eskatzen ari zirela, eta urte hasieran gogortu egin zuten eskaera, KPIak Polonian izandako igoera handiaren eraginez (%8,6). Baina zenbat irabazten dute batez beste Solariseko langileek? ELA sindikatuaren arabera, hamabost urteko antzinatasuna duen langile batek 660 euroko soldata du hilean.

Negoziazioak greba deialdia baino hilabete batzuk lehenago hasi ziren. Sindikatuek jakinarazi dutenez, zuzendaritzarekin izandako lehen bilerak ez ziren errazak izan. Igoera txikiak eskaintzen zituen —45 euro inguru —, eta ezberdinak langileen mailaketaren arabera. Sindikatuek, baina, ez zuten onartu: argi zuten igoerak modu berean eragin behar ziela langile guztiei.

Sindikatuek langileen artean bozketa egin zuten grebara jo ala ez erabakitzeko. 2.600 langileetatik %51,07ek eman zuten boza, 1.342k, eta horien %92k protesta babestu zuten. Grebaren hasieran sindikatuak enpresarekin biltzen saiatu ziren, eta, haien arabera, zuzendaritzak ez zituen solaskide gisa onartu. 39 egunotan langileek mobilizazioak egin dituzte eta Poloniako ezkerreko alderdien babesa jaso dute, korapiloa gaur askatu den arte.

Soldata igoerak bi urteko epean egingo dituzte. 84 euroko lehen igoera berehalakoa izango da, eta enpresak langileei hitz eman die beste igoera bat izango dutela uztailean. 2023an, aldiz, 50 euroko beste igoera bat izango dute soldatetan. Horri KPI gehi %0,5eko soldata igoerak gehitu beharko zaizkie, beti ere %7,5eko mugarekin. Helburuen loturiko gainsariak ere adostu dituzte. Gainsari lorgarriak dirudite, ekoizpena urtez urte handitzen ari baita Solarisen.

Solaris, urtero goraka
Poloniako sindikatuen arabera, Solarisek iaz 22 milioi euroren irabaziak izan zituen, eta haien zenbaki onek bat egiten dute CAFek urteko balantzean emanikoekin bat egiten dute. Trengintza enpresak 2018an erosi duen Solaris, eta geroztik fakturazioa %18 igo da. Lau urteren buruan 668 milioi eurotik 785 milioira igaro da. Iaz, baina, osagai gabeziaren ondorioz 721 milioiren salmentak egin zituzten bakarrik —1.492 autobus—. Falta den zati hori aurtengo lehen hiruhilekoan entregatuko dute.

CAFek autobusen aldeko apustu sendoa egin zuen, eta egun talde osoaren fakturazioaren %8,1 sortzen du Solarisek. CAFek urteroko txostenean eginiko iragarpenen arabera, CO2rik igortzen ez duten autobusen merkatuak —elektrikoak eta hidrogenozkoak— igoera nabarmena izango du hurrengo urteetan. Europan ekoizten diren autobus elektrikoen %15,1 Solaris dira, eta hidrogenokoen %15,7. Sektoreko liderra da. Iaz, esaterako, hidrogeno autobusak saldu zizkion Vienako Udalari; hibridoak Namurrekoari (Belgika), eta elektrikoak Odensekoari (Danimarka), Bartzelonakoari eta Bernakoari, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.