Unibertsitatea

Aitor Bengoetxea aukeratu dute UEUko zuzendari

UEUk urteko Batzar Nagusia egin du, eta 2022ko balantzea egin dute; 50. urteurrenaren ospakizunek «atxikimendua» areagotu dutela uste dute.

Aitor Bengoetxea. UEU
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 25a
14:06
Entzun

UEU Udako Euskal Unibertsitateak urteko batzar nagusia egin du, eta zuzendari berria hautatu dute han. Aitor Bengoetxea Alkorta Zuzenbide doktore eta EHUko irakaslea izango da aurrerantzean UEUko zuzendaria, Kepa Sarasolaren ordez.

Bengoetxea Donostian jaio zen, 1967an. 1991tik EHUko irakaslea da, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko arloan. EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kidea izan da 2006tik 2014ra, aditu gisa, eta EKGK Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kidea ere bai. 1991tik du harremana UEUrekin, eta han zuzenbide arloko sailburua eta zuzendaritzako kidea izan da.

Zuzendari berria hautatzeaz gain, beste bi lagun ere aukeratu dituzte zuzendaritza berritzeko: Arantza Aldezabal Roteta biologoa eta Maria Napal Fraile NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.

Urteko balorazioa

Urteko balantzea ere egin du UEUk batzarrean. 2022a ez da edozein urte izan UEUrentzat, 50. urteurrena ospatu batzuen. Urteurrenaren bitartez bost hamarkadatan egindako lana ospatzea, komunitatearen atxikimendua areagotzea eta UEU erreferentzia gisa aitortzea ziren ezarritako helburuak. UEUko kideak pozik agertu dira, helburu horiek bete direlakoan, eta lortutako «atxikimendua eta aktibazioa» nabarmendu dituzte.

Aurrera begirako betebeharrak ere zehaztu dituzte batzarrean: GOI ikastegia sarean eta euskaraz bizialdi osoko ikaskuntzan erreferentzia zentro bilakatzea, ikerketa batzordea martxan jartzea, berdintasun plan bat egotea, eta jardunaldi espezializatuak antolatzea, «gogoeta eta hausnarketarako guneak sortzen jarraitzeko eta komunitate zientifikoa trinkotzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.