Osasun sistema

Donostia ospitaleko atariko protestak etengo dituzte, bi hilabetez

Osakidetzak helarazi dien azken aktan «zehaztapenak» ikusi dituztela onartu dute langileen ordezkariek

arantxa iraola
2023ko otsailaren 27a
11:54
Entzun

Bi hilabetez etengo dituzte protestak Donostia ospitalearen aurrean astelehen goizero elkarretaratzeak egiten jardun duten langileek. Abenduan hasi zituzten protestak, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko hainbat arduradunen kargugabetzearen ostean, eta, ordutik, tartean eten bat egin bazuten ere, protestak ia iraunkorrak izan dira. Gaur goizean jakinarazi dute protestak eteteko asmoa. Jakina da Osakidetzako buruekin hainbat testu trukatu dituztela igaro asteotan akordio bat lortzeko bidean, eta gaur esan dute azkena jasotako aktan hainbat «zehaztapen» ikusi dituztela norabide egokian. Horregatik erabaki dute protestak uztea, baina datozen bi hilabeteetan adi jarraituko dutela nabarmendu dute: izan ere, bertan jasotakoak «egin egiten» direla ziurtatu nahi dute orain.

«Bi hilabete horiek pasatzen direnean erabakiko dugu gatazka ja bideratuta dagoen, edo ez doan norabide egokian», adierazi du langileen ordezkari Jon Zabaletak. Onartu du azkena jasotako testuan eduki positiboak ikusi badituzte ere punturen batean nahi baino «aurrerabide gutxiago» ere ikusi dituztela, eta horregatik ez dutela esan nahi oraindik konponbidea lortu dela.

Asteak daramatzate langileen ordezkariek esaten «jarrera ona» igarri dutela Osakidetzako buruekin izandako elkarrizketetan, baina asmo onak hitz hutsetan geratzerik ez dutela nahi, eta beren eskeak lortzeko bideak «zehaztuta» ikusi nahi dituztela. Protestok oihartzun handia izan dute, erietxeko zerbitzuburu gehienak elkar hartuta aritu direlako. Erietxeetan, zerbitzuburuak ez dira edonor izaten, erabaki ahalmena eta ardura handia izaten dute, eta haiek protestan ikusteak harridura eta kezka eragin ditu. Langileen ordezkariek behin baino gehiagotan esan dute, hala ere, batzar ireki batean aritu direla gatazka bideratzen, eta beste kategorietako langileek ere hartu dutela parte. Lehen lerroan egon diren ordezkariak, hala ere, medikuak dira guztiak.

Bost eskeren inguruan

Protesta hasi eta hainbat astera, abenduaren 28an, bost eske zehatz egin zituzten langileen ordezkariek, eta horien inguruan ardaztu dituzte ordutik aldarrikapenak.

Donostialdeko ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» eskatu zuten, besteak beste. Arlo horretan aurrerapausoak izan direla onartu dute gaur, baina datozen hilabeteetan zer gertatzen den ikusi beharko dela.

Erietxeko zuzendaritzak ospitalea ezagutzea ezinbesteko ezaugarri duela ere esan zuten, eta alde horretatik berrikuntzak izan dira; hilaren 17an jakin zen zuzendari mediko berria izendatu dutela erietxerako, Sara Arevalo. Gatazka hasi berritan Ana Bustindui jarri zuten karguan, behin-behinean, eta hura ordezkatzera etorri da orain Arevalo. Erabaki horrekin ere gatazka bideratzera egin nahi izan da.

Beste eskeetako bat lotuta dago lan eskaintza publikoekin. Protestan jardun duten langileen arabera, «gaitasun berezia eskatzen duten lanpostuen profila» ezartzea ezinbestekoa da, erietxean ematen diren hainbat zerbitzu bermatze aldera eta, alde horretatik ere, ikusi dituzte aurrerapenak Osakidetzak helarazi dien azken dokumentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.