EKIALDE HURBILA

Hainbat kolonok palestinar bat hil dute Zisjordanian, eta hirurehundik gora zauritu

Aurretik, Israelek salatu du bi kolono hil dituztela tiroz, Zisjordanian; «eraso terroristatzat» jo du. Juduen aurkako erasoak egiten dituzten palestinarrei heriotza zigorra ezartzeari aurretiazko onarpena eman dio Israelgo Gobernuak.

Gizonezko bat, kolono juduek igandean erretako auto baten ondoan, Nablus hiritik gertu, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 27a
12:18
Entzun

Zisjordania okupatuan bizi diren kolono juduen eta palestinarren arteko oldarraldiak sarritu egin dira azken asteotan. Atzo, esaterako, bi eraso gertatu ziren: lehenengoan, Israelgo armadaren arabera, «terrorista batek» bi gazte kolono larri zauritu zituen, tiroz, eta erasoa jazo eta gutxira hil ziren. Israelgo indarrak ustezko erasotzailearen bila ari dira; bigarrengo gertakarian, berriz, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, ehunka kolono juduk hainbat palestinarri egin zieten eraso Nablus hiriaren ondoko herri batzuetan: Huwaran, Burinen, Zataran, Odalan eta Asira al-Qabaliyyanen. Palestinako hedabideen arabera, pertsona bat hil zuten, eta hirurehundik gora zauritu. Horrez gain, gutxienez 75 etxe eta ehun auto erre zituzten.

Gertakari horiekin lotuta, EB Europako Batasunak Ekialde Hurbileko bake prozesurako duen ordezkari Sven Koopmans «kezkatuta» agertu da «okupatutako lurralde palestinarrean dagoen indarkeria zurrunbiloagatik». Hala, bi aldeetako agintariak deitu ditu «odol gehiago isur ez dadin eta zigorgabetasuna amai dadin». Aldi berean, AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Ned Pricek gaitzetsi egin ditu Zisjordaniako «bi aldeetako erasoak».

Urtea hasi zenetik hamahiru judu hil dira palestinarren erasoen ondorioz; israeldarrek tiroz hildako palestinarrak, berriz, 62 dira. Joan den asteazkenean, hain zuzen, Israelgo indarrek gutxienez 11 palestinar hil zituzten, eta ehundik gora zauritu, Niblus hirian egindako sarekada batean. Eta biharamunean, Israelgo armadak Gazako zerrenda bonbardatu zuen hegazkinez. Gaza erdialdean dagoen arma fabrika bati eraso zioten, baita iparraldeko arma biltegi bati ere. Tel Aviven arabera, aurrez, Gazatik sei misil jaurti zituzten, eta horren erantzuna izan zen eraso hura.

Ikusi gehiago: Israelek Gaza bonbardatu du hegazkinez

Israelen eta Palestinaren arteko tentsioa baretu ezinik dagoen honetan, bi aldeetako ordezkariak Jordanian batzartu ziren atzo, Aqaban, AEB Ameriketako Estatu Batuak bitartekaritza lana egiten ari zirela. Bileraren amaieran egindako adierazpen bateratuan, bi aldeek konpromisoa hartu zuten azken asteotan areagotutako indarkeria murrizteko neurriak ezartzeko. Tel Avivek, gainera, adostu zuen «lau hilabetez Zisjordanian kokagune gehiago eraikitzeari uztea eta sei hilabetez kokaleku berriei baimena ez ematea». Bada, gaur, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ukatu egin du gobernuak Zisjordaniako eremuetan kolonoentzako etxebizitzak eraikitzeari utziko diola.

«Judeako eta Samariako eraikuntzak eta erregulazioak jatorrizko plangintzarekin eta egutegiarekin bat egiten jarraituko dute, aldaketarik gabe. Ez dugu geldiaraziko», idatzi du Netanyahuk Twitterren. Era berean, Israelgo Segurtasun Nazionaleko aholkulari Tzachi Hanegbik ziurtatu duenez, «ez dago aldaketarik Israelgo politikan». Haren esanetan, datozen hilabeteetan, Tel Avivek beste bederatzi kokaleku baimenduko ditu, eta kolono juduentzako 9.500 etxebizitza onartuko ditu, Zisjordaniako Judean eta Samarian, The Times of Israel egunkariak jaso duenez.

Hamasek —Gaza kontrolatzen du 2007tik— gaitzetsi egin du Jordaniako bileran PANek parte hartzea. Palestinako organizazio politiko islamistako ordezkari batek adierazi du atzoko bilkurak ez zuela «inolako baliorik» izan eta ez dela «deus» aldatuko. Aldiz, Al-Fatah Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusiak batzarra babestu du: «Palestinako herria pairatzen ari den mina eta sarraskiak gorabehera, odol isuriari amaiera emateko nahiagatik hartu da Aqabako bileran parte hartzeko erabakia». Israelgo eta Palestinako ordezkariak martxoan dira elkartzekoak berriz, Xarm el Xeij bainuetxean (Egipton), ramadana hasi aurretik —martxoaren 22ko iluntzean— egin dituzten aurrerapenak ebaluatzeko.

Heriotza zigorra, «ankerra»

Israelgo ministerio batzorde batek aurretiazko onarpena eman dio Botere Judua alderdi ultraeskuindarrak bultzatutako lege bati, zeinak bide emango baitio judu israeldarren aurkako erasoak egiten dituzten palestinarrei heriotza zigorra ezartzeari. Legeak aurreikusten duenez, israeldarren kontrako eraso hilgarriak «arrazoi arrazistengatik edo gorrotoz eta Israelgo Estatuari kalte egiteko helburuarekin» egiten dituztenei aplikatuko zaie heriotza zigorra.

Neurri hori gaur egungo gobernuaren koalizio akordioetan sartuta dago, eta bost eskabidetan onartu beharko dute indarrean sartu aurretik; asteazkenean dira aurkeztekoak parlamentuan. Halere, Israelgo Fiskaltza Nagusiak aurreko egunotan ohartarazi izan du legediaren aurrerapena blokeatzeko «ahalegin guztiak» egiteko asmoa duela. Legea onartuz gero, aldaketa historikoa ekarriko luke estatu juduan.

Tel Avivek heriotza zigorra ezartzeko lege proiektuarekin lotuta, PAN Palestinako Aginte Nazionalak gogor arbuiatu du, neurria «krudela eta ankerra» dela iritzita. «Palestinako Estatuak gogor gaitzesten ditu arraza-izu etengabea eta Israelek Palestinako herriarekin duen jarrera. Heriotza zigorra, gainera, aitzakia gisa erabiliko luke, besteak beste, Palestinako lurraldeen anexioa legitimatzeko eta apartheid erregimena sendotzeko. Nazioarteko zuzenbidea urratzen du», adierazi du Palestinako Atzerri Ministerioak kaleratutako ohar batean.

Alde horretatik, neurri hori nazioarteko zuzenbidean «orban bat» dela deitoratu du PANek, eta nazioartea kritikatu du: «Utzi egiten dio Israeli zuzenbidearen oinarrizko printzipioak urratzen, zigorgabetasun osoz». Heriotza zigorrak oinarrizko eskubideak urratzen dituela gogoratzeaz gain, lege proiektuaren ondorioen arriskuez ere ohartarazi du: «Israelek palestinarrak neurriz kanpo eta nahita hiltzen jarraitzen duen bitartean, orain arbitrarioki heriotzaren korridorean jarriko ditu», dio Palestinako Atzerri Ministerioak.

Horiek horrela, PANek «premiazko deia» egin dio nazioarteari neurri zehatzak har ditzan, Israeli lege proiektua geldiarazteko presioa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.