Kulturguneak

Durangoko Plateruenak ostiralean hasiko du ibilbide berria

Hiru urtez itxita egon ondoren, 'Piztu argiak' ekitaldiarekin hasiko dute bidea. Hiru ardatz izango ditu: euskara, kultura eta sorkuntza.

Maider Larrañaga Plateruena Kultur Aterpearen koordinatzailea, gaur arratsaldean, aurkezpeneko une batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko otsailaren 27a
20:24
Entzun

Hamazazpi urteren ostean, 2020ko abenduan itxi zituen ateak Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokiak; egoera ekonomikoak behartutako erabakia izan zen. Eraikina udalaren esku geratu zen orduan, baina atea itxi bezain pronto abiatu zuten herriko hainbat kidek Plateruena eta gero, zer? dinamika. Hausnarketa prozesu bat izan da horren emaitza, eta gaur arratsaldean aurkeztu dute proiektu berria. Izenean dago lehen aldaketa: kafe antzoki izan ordez, kultur aterpe izango da orain Plateruena. Ostiralean abiatuko du ibilbide berria, Piztu argiak ekitaldiarekin, 20:00etan.

Piztu, poztu, puztu lelopean, aurrerantzean Plateruenaren jardunak hiru ardatz nagusi izango dituela kontatu du Maider Larrañaga gunearen koordinatzaileak: «Piztu argiak, poztu bihotzak eta puztu aterpe hau». Durango euskalduntzen laguntzeko espazio bat izango da, batetik; herriko elkarteei eta eragileei aterpe emango die, bigarrenik; eta euskal sortzaileentzako plaza bat ere izango da, azkenik. Era berean, bost funtzio nagusi beteko ditu: «Harrobia, esperimentazio gunea, topagunea, sortzaileen plaza eta oholtza izango da Plateruena». Betiere, garai bateko «erreferentzialtasuna» galdu gabe.

Kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du: udalarena izango da, baina herritar talde batekin batera, Kultur Mahai antolatu bat egongo da. Gutxi gorabehera, herriko 70 partaidek osatuko dute Kultur Mahaia. Besteak beste, Gerediaga elkarteak, Jaizale txistulari elkarteak, Berbaro euskara elkarteak eta kulturgintzan dabiltzan zenbait herritarrek. Lan lerroak edota ideiak partekatzeko «bilgunea» izango da, baina, talde motor bat izango dute gidari. «Udaleko teknikariok osatuko dugu talde motorra, eta Kultur Mahaiko bi kide izango dira bertan, komunikazioa zuzena izan dadin», aurreratu du Larrañagak.

Izena aldatzearekin batera, logo berria ere aurkeztu dute ekitaldian: «Gauza asko kabitzen diren kubo handi bat da, baina atea beti zabalik izango duela iradokitzen du».

Aurkezpena, ostiralean

900 kideko kooperatiba batek jarri zuen martxan Plateruena, 2004an, Berbaro euskara taldearen laguntzarekin. Euskara aisialdian sustatzen saiatzeko taberna bat ireki zuten herrian lehenik; eta, gerora, askotariko kontzertuak, hitzaldiak, antzerki saioak, erakusketak... egiten hasi ziren. Kulturgintza eta euskara izan zituen ardatz nagusi hamazazpi urteko jardunean, eta, guztira, 2.000 kultur ekitaldi inguru antolatu zituzten.

Orotara, 22 elkarte eta erakunderen, 34 kulturgileren eta saio irekietan parte hartu zuten 82 lagunen ekarpenekin hartu dute aretoa berriro ere martxan jartzeko erabakia: «Eraikin honek behinola zuen distira berreskuratu nahi dugu».

Ostiralean egingo dute aurkezpen ekitaldia, 20:00etan. Leire Vargas idazleak gidatuko du saioa, eta Durangaldeko eta Euskal Herriko artistek parte hartuko dute bertan. Tartean, Anari Alberdi musikaria, Peru Magdalena idazlea, Aitor Bizkarra bertsolaria eta Odei Barroso bertsolari eta rap abeslaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.