Osasuna

Gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla salatu du Satsek

Sindikatuak grebara deitu ditu gaur Osasunbideko 4.000 erizain eta fisioterapeuta. Nafarroako Gobernuaren arabera, goizeko txandan jarraipena %5,15ekoa izan da.

Satse sindikatuak 11:0etan Vianako zentroan egindako elkarretaratzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko otsailaren 28a
12:32
Entzun

«Esparru honetan zein orotan, greba deialdia kudeaketa administratiboaren porrotaren isla bat da». Nafarroan grebara deitu ditu Satsek Osasunbideko 4.000 erizain eta fisioterapeuta. Lan karga handiagatik eta lan baldintzengatik «nazkatuta» daudela adierazi dute 11:00etan egindako elkarretaratzean.

Ordu horretan, osasun etxeen eta ospitaleen aurrean kontzentrazioak egin dituzte. Vianako Printzea espezialitateen zentroan egindako kontzentrazioan, adierazpenak egin dituzte komunikabideen aurrean.

Sindikatuaren arabera, oraingoz ez dakite zer erantzun izan duen grebak. Adierazi dute ospitaleetako planten egoerari buruzko datu batzuk dituztela eta «ebakuntza gelaren bat» gelditu dela. «Gutxienetako ari gara lanean, baina datu ofizialik ez dugu», erantzun du Satseko Idoia Valenciak.

Nafarroako Gobernuaren datuak

Nafarroako Gobernuaren arabera, goizeko txandako 1.749 langileetatik 90ek egin dute lanuztea: hau da, %5,15ko jarraipena izan du. Ospitaletan, %2,07koa izan da. eta lehen arretan, %11,03koa.

Dena den, Satse sindikatuak salatu du Nafarroako Gobernuak jarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla. «Gutxieneko zerbitzu horiekin, galarazten ari dira profesional askok greba egin ahal izatea. Jabetzen gara administrazioa zerbitzuak eta osasun etxeak indartzen ari dela gaurko, eta galarazten ari zaie erizainei eta fisioterapeutei kartelak jarri ahal izatea euren lantokietan», salatu du SATSEko Idoia Valenciak, elkarretaratzean.

Euren aldarrikapenen aurrean, Nafarroako Gobernuak «gutxietsi» egin dituela salatu du Valenciak. «Hauek dira ondorioak». Haren esanetan, negoziazioaren epeak bete dituzte, baina administrazioak ez du bere partea bete. «Jarraituko dugu presio egiten, 4.000 erizainen eta fisioterapeuten lanari balioa eman arte».

Lan zama handia

Valenciak azpimarratu duenez, lan zama handia jasaten ari dira osasuneko profesionalak, «batez ere lehen arretan», eta horri gehitu behar zaio osasun sistema osoan «egiturazko alderatze iraingarriak» daudela, berriki Osasun Departamentuak Sindikatu Medikoarekin hitzartu duen akordioari aipamen eginez.

Dena den, SATSEk ez zuen bat egin otsailaren 15ean mahai orokorreko sindikatuek funtzio publikoan deitutako greba deialdiarekin, eta nahiago izan dute euren bidea jorratu gaurko lanuzteen bidez.

Aldarrikapenei dagokienez, salatu dute pandemiaren aurretik ere urte askoan ez dela egin erizainen aldeko apusturik, eta lan baldintzetan islatuko den errespetu bat aldarrikatu dute. «Tira egin dute etengabe profesionalei exijituz baina aldi berean eskubideak murriztuz. Nekatuta gaude. Aski da», gaitzetsi du Valenciak.

Besteak beste, eskatzen dute bizitza pertsonalarekin uztartzeko baimenak ematea, gaixo baimena hartzen duten langile guztiak ordezkatzea, erizainen ratio «egokia» egotea, zerbitzuen arabera langileria indartzea, lehen arretan «edozer gauzatarako erreminta izateari uztea», soldata osagarriak parekatzea, borondatez erretiro aurreratua hartu ahal izatea erraztea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.