Futbola

Osasunaren eta Athleticen arteko muxua irudikatu dute bi grafititan

Espainiako Kopako finalerdiaren bezperan, LKN artistak bi grafiti egin ditu Bilbon zein Iruñean. Chimy eta Muniain agertzen dira bertan, besarkatzen eta elkar musukatzear.

LKN artistaren grafitietako bat, Bilbon. @MARTXELODIAZ
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 28a
16:27
Entzun

Bide desberdinetatik heldu dira Osasuna eta Athletic finalerdietara. Bihar jokatuko dute bi euskal taldeek Espainiako Kopako finalera heldu ahal izateko joaneko partida Sadarren —itzulerakoa, San Mamesen, apirilaren 4an—. Sevillan jokatutako aurrez aurrekoa irabazita iritsi da Osasuna bere etxera; Athleticek, berriz, Gironaren aukako partidaren porrota duela.

Bada, bederen, bi taldeak lotzen duenik: gaur goizean bi grafiti agertu dira Bilbon zein Iruñean. Bata, Poza kalean; bestea, autobus geltoki zaharrean. LKN grafitilariaren lana da. Ezequiel Avila Chimy Osasunako aurrelaria eta Iker Muniain Athleticeko erdilaria ageri dira grafitietan, besarkatzen eta muxu ematear direla. 9a eta 10a, hurrenez hurren: bi zenbakien eta bi taldeen arteko hurbiltasuna irudikatu du LKN artistak. Dena dela, hau dio Muniainen elastikoak: «Ezinezko maitasuna».

Berlingo Harresian den irudi batekin antzekotasun handia du artelanak —hartan, bi gizon dira elkar musukatzen ari direnak, Leonidas Brezhnev Sobietar Batasuneko burua zena eta Erich Honecker Alemaniako Errepublika Demokratikoko presidente ohia—.

Txibiteren eta Ruizen 'Muxua'

Ez da LKNk muxua irudikatzen duen lehen aldia. Duela bi urte baino gehiago, Nafarroako Parlamentuaren parean agertu zen futbol jokalarien antzeko irudia. Orduko protagonistak Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailea ziren. Aurrekontuak ari ziren negoziatzen parlamentuan. Muxua izendatu zuen grafitilariak artelana; «aurrera doala dirudien akordio bat» irudikatu zuen bertan.

Binilo paperean egindako lana eskegi, eta goiza amaitu aurretik apurtuta agertu zen. Foruzaingoko agente batek hautsi zuen, Nafarroako Gobernuaren arabera: «Inork ez zuen agindu halakorik egiteko». Ondorioz, Juan Carlos Zapico Foruzaingoko buruak obraren egileari deitu behar izan zion barkamena eskatzeko.

LKN grafitilariaren Muxua lana eskegi berri eta apurtuta. LKN (BERRIAk editatuta)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.