Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek beste prozesu bat hasi du ustez ETAko buruzagitzako kide izandako hamar euskal herritarren kontra. Zehazki, ETAk 2000. urtean Sallent de Gallegon (Huesca, Espainia) Guardia Zibilaren auto baten kontra egindako ekintzaren inguruko auzia ireki du berriz —bi guardia zibil hil zituzten—, «genozidio bat» egiten saiatu zirelakoan.
Inpunitatearen Kontrako Espainiako Elkarteak jarri zuen salaketa, eta helburu du ETAren ekintzak «genozidio politika» baten partetzat hartzea. Hala, ustez ETAko zuzendaritzako kide ziren hamar lagunen aurka egin du elkarte horrek: Iñaki Gracia, Javier Garcia Gaztelu, Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Asier Oiartzabal, Juan Carlos Iglesias Chouzas, Mikel Albisu, Bizente Goikoetxea, Ramon Sagarzazu eta Marixol Iparragirre.
Auzitegi Nazionalak aurretik martxan zituen horietako zenbaiten aurkako ikerketak. Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketei men eginda, besteak beste, Miguel Angel Blancoren eta Gregorio Ordoñezen hilketekin zerikusirik izan ote zuten ikertzen ari dira epaileak. Horretarako, Guardia Zibilak egindako txostenak dituzte oinarri.