Memoria historikoa
Bigarren Mundu Gerran borrokatu ziren euskal amerikarrak aitortu ditu Texasek
Estatuko Ordezkarien Ganberak ebazpen batean gogoratu ditu, Rafael Anchia kongresukideak bultzatuta, demokraten eta errepublikanoen babesarekin. Lore eskaintza bat egin dute Austingo Kapitolioan.

Texasko Ordezkarien Ganberak, ekitaldi batean, Bigarren Mundu Gerran AEBetako armadarekin batera borrokatu ziren euskal amerikarrak gogoratu ditu bart, Austinen. Rafael Anchia bizkaitar jatorriko kongresukide demokratak bultzatutako ebazpen bat babestu dute errepublikanoek eta demokratek, eta, banaka, Texaskoak ziren hamalau euskal amerikarren izen-abizenak esan dituzte ekitaldian: Manuel Abascal, Manuel Amestoy, Federico Bilbao, Frank Buldain, George Buldain, Louis Buldain, Eugenio Echaniz Eugene, Raul Echaniz, Valentin Elola, Alfonso Garde, Antonio Garibay Tony, Fernando Gil, Calixto Ochotorena eta Tony Uharriet.
Bigarren Mundu Gerran hil ziren Texasko hamalau euskal amerikarretako batzuen argazkiak eta izen-abizenak, lore eskaintzan. Sancho de Beurko elkartea
Horietako bakar bat ere ez dago bizirik gaur egun, baina haien ondorengoak egon dira Texasko Ordezkarien Ganberan. AEBetan Bigarren Mundu Gerran borrokatu ziren euskal amerikarrak omentzeko lehen ekitaldia izan da, bultzatzaileen arabera.
Thank you to colleagues in #TXLege standing w me to honor the #FightingBasques of Texas who served during #WWII — part of the #GreatestGeneration.
— Rafael Anchía (@RafaelAnchia) March 2, 2023
Eskerrik Asko!#Basques #Amerikanuak pic.twitter.com/2RtGhC6ELW
Ordezkarien Ganberako ekitaldiaren aurretik, lore eskaintza bat egin dute Texasko Estatuaren Kapitolioaren aurrean Bigarren Mundu Gerran hildakoak oroitzeko dagoen monolitoaren parean. Anchiak euskaraz hitz egin du lore eskaintzan, eta azaldu du gerran hil ziren Texasko gizon-emakumeak gogoratzeko ikurra dela hori. Ikurrinak, Texasko banderak eta omenduen argazkiak izan dira ekitaldian parte hartu dutenen artean. Han izan dira Unai Telleria Eusko Jaurlaritzaren AEBetako ordezkaria, Maggie Rivas Ahozkotasunaren Historiaren Zentroko ordezkaria eta Marie Petracek NABOko ordezkaria ere.
We’re at the #Texas Capitol today for a resolution honoring #Basque #Veterans of #WWII!
— Voces Oral History Center (@VocesCenter) March 1, 2023
Join us as we go live on our #Facebook page! pic.twitter.com/GrWtuBFB4i
Sancho de Beurko elkartearen Fighting Basques ikerketaren arabera, 1.400 euskal amerikar ere izan ziren AEBen armadan Bigarren Mundu Gerran. Askok ez zuten AEBetako herritartasuna, eta gerra bukatzean eman zieten. Duela urte batzuk arte, ezezagunak ziren euskal amerikar horien biziak, baina ikerketa horrek 1.100 biografia jaso zituen.
Sancho de Beurko elkartearen izenean, Pedro J. Oiarzabalek hitz egin du ekitaldian. Adierazi du oraindik lan asko egin behar dela nazismoaren aurka AEBetako armadan borrokatu ziren euskal amerikar guztiak ezagutarazteko: «Kasu gehienetan, liburuetan izen pare bat besterik ez zen agertzen». Gaineratu du Sancho de Beurkorentzat errekonozimendu hau oso garrantzitsua dela, eta horri eta Anchiari esker belaunaldi oso bat emango dutela ezagutzera.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.