Finantzak

Laboral Kutxak 150 milioi irabazi ditu, %38 gehiago

«Lider absolutua» da kaudimenean, %22,24raino iritsi baitzaio CET1 kapital ratioa.

Txomin Garcia eta Xabier Egibar, Laboral Kutxako buruak. LABORAL KUTXA
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 2a
11:30
Entzun

Interes tasen igoeraren eskutik, pandemia aurreko emaitzak gainditu ditu Laboral Kutxak. 2022. urtean 150,5 milioi euro irabazi ditu, aurreko urtean baino 41,7 milioi gehiago (+%38,4). Beste finantza erakunde batzuen irabaziez bestera, Laboral Kutxarenak ez dira inoizko mozkinik handienak, baina ez da hain urrun geratu. 2006an, esaterako, 176,6 milioi irabazi zituen, eta 184,7 milioi 2007an.

Laboral Kutxaren arabera, «egokia» izan da 2022. urteko jarduna, «ekarpen orekatua» izan dutelako negozio arlo nagusiek, «ziurtasunik gabeko ingurune makroekonomiko aldakor batean».

Bi faktore aipatu ditu bere emaitzen hobekuntza azaltzeko. Lehenik, koronabirusaren krisiaren ondorengo hazkunde ekonomikoak «merkataritza jarduera gero eta biziagoak» eragin dituela. Hau da, mailegu gehiago eman dituela —batez ere kontsumorako eta enpresetarako—, komisioetatik etekin handiagoa atera duela, eta aseguru gehiago egin dituela.

Bigarrenik, EBZ Europako Banku Zentralak udan interes tasak igo izanak «ohiko banku negozioaren marjinak pixkanaka normalizatu» eta diru sarrerak handitu dituela urtearen bigarren erdian.

EBZk interes tasak zeroan izan dituen aldi luzean —2016ko martxotik 2022ko ekainera arte—, finantza erakundeen interesen marjinak apaldu egin ziren, edo oso gutxi handitu, baina 2022an egoera oso bestelakoa izan da: %17,1 handitu da, eta 281 milioi euroren sarrerak lortu ditu horren bitartez Laboral Kutxak. Aurrezkiei emandako interesak eta maileguen truke jasotako interesak dira interes marjina, eta bizkor handitu ziren iaz, maileguen interesak handitu egin zirelako, baina ezer gutxi gordailuena.

Inbertsio funtsetan, gora

Gutxiago bada ere, handitu egin dira komisioetatik lortutako sarrerak ere: 126 milioi izan dira, %4,3 gehiago. Arlo horretan nabarmendu dira inbertsio funtsen kudeaketak emandako komisioak. Gordailuen interesa oso apala denez, aurrezkiaren zati bat funtsetara bideratu dute aurrezleek, eta horren zati bat bereganatu du Laboral Kutxak: %20,8 gehitu zaizkio bezeroak, eta %7,8 kudeatutako ondarea.

Txikitu egin da berriz, kreditu kooperatibak egindako finantza operazioen etekina (-%17,1), finantza merkatuek galerekin itxi zutelako 2022. urtea.

Laboral Kutxak ematen dituen maileguen bolumen osoak egonkor jarraitu du 2022. urtean. 15.200 milioi dira orotara, aurreko urtean baino %0,28 gehiago.

Baina bada alderik mailegu horien hartzaileen eta izaeraren arabera. Horrela, hipoteka maileguetan utzitakoa %1,8 txikitu da, gehiago izan delako familiek itzulitakoa mailegu berrietan emandakoa baino. Baina, aldi berean, %4,4 handitu da kontsumorako maileguetan emandako dirua, kreditu berri asko eskatu direlako (+%11,3).

Handitzen ari da, berriz, enpresei emandako maileguen zenbatekoa: %39 handitu dira azken hiru urteetan, eta horrela «aise» bete du Laboral Kutxak bere buruari jarritako helburua.

Maileguen berankortasuna apaldu izanak (%2,8tik %2,7ra jaitsi da) horniduretarako diru gutxiago bideratzea erraztu dio Laboral Kutxari. Horrela, 14,75 milioi euro garbi jarri ditu horretarako, aurreko urtean baino %59 gutxiago.

«Liderra» kapitalean

Kapitala sendotzeko balio izan dio horniduretarako diru gutxiago jartzeak, eta arriskuen arabera neurtutako aktiboen %22,24ko CET1 ratioa du dagoeneko —%21,81 2021ean—, eta «lider absolutua da bere erreferentziazko merkatuan». Kutxabankek, esaterako, %17,6ko kapitala du, eta hark du kapital gehien Espainiako sistemako banku handien eta ertainen artean.

Zergetan 18,4 milioi euro pagatu ditu Laboral Kutxak, aurreko urtean baino %7,5 gutxiago.

Erakunde txiki samarra denez, Mondragon taldeko kooperatibak ez du ordaindu beharko finantza erakundeen gaineko zerga berria. 2019an interesetan eta komisioetan 800 milioi fakturatzen dutenek ordaindu behar dute, eta Laboral Kutxak horren erdia egin du aurten: 280 milioi interesekin eta beste 126 milioi komisioekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.