Gerra Ukrainan

Finlandia berrehun kilometroko harresia eraikitzen hasi da Errusiarekin duen mugan

Segurtasuna bermatzeko eta errusiar errefuxiatuen iritsiera masiboa eragozteko hartu du erabakia Helsinkik. Hego-ekialdean hasi dira lehen kilometroak eraikitzen.

Finlandiako mugazainak, Vaalimaan, Finlandiaren eta Errusiaren arteko mugan. JUHA METSO / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 2a
11:44
Entzun

Finlandiak EB Europako Batasuneko mugarik luzeenetakoa du Errusiarekin: 1.340 kilometrokoa. Muga hori, gaur egun, nagusiki egur arineko hesiek eta hesolek finkatzen dute, ganaduak auzoko herrialdera ez igarotzeko. Bada, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, Finlandiako muga zeharkatu duten errusiar herritarren kopuruak gora egin du nabarmen, eta, beraz, Helsinkik berrehun kilometroko harresia eraikitzea erabaki du, segurtasuna bermatzeko eta errusiar errefuxiatuen iritsiera masiboa eragozteko.

Hain zuzen, Finlandiak herenegun ekin zion harresia eraikitzeari, Imatra herrian —26.000 biztanle ditu—, hego-ekialdean. Mugazain batek Yle herrialdeko irrati-telebista publikoari azaldu dionez, hego-ekialdean eraikitako horma —mugako gunerik basotsuena da— metalez egindakoa izango da, eta hiru metro garai izango da; goialdea txarrantxaz estalia egongo da. Eremurik «delikatuenetan», gainera, gauez ikusteko segurtasun kamerak, argi fokuak eta bozgorailuak ezarriko dituzte.

Hasieran, hiru kilometro luzeko hesi bat altxatu nahi dute, proba gisara, eta espero dute ekain amaieran bukatzea. Tarte horretan, agintariek aztertu nahi dute ea hesiak nola aurre egingo dien izozteei, elurteei eta ekialdetik irits daitekeen jende oldeari, The Odessa Journal egunkariak jakinarazi duenez. Beste 70 kilometro luzeko hesia 2023tik 2025era bitartean egingo dute. Berrehun kilometroko harresia eraikitzeak 377 milioi euro inguruko kostua izango du.

Finlandiak Errusiarekin duen mugan harresia eraikitzeko proposamena onartu egin zuen parlamentuko gehiengo handi batek, iazko urrian, Sanna Marin lehen ministroak gidatutako gobernu sozialdemokratak «legez kanpoko migrazioa» kontrolatu behar zela esan ondoren. Hilabete lehenago, zehazki, Helsinkik turista errusiarrei mugak ixtea onartu zuen, Vladimir Putin Errusiako presidenteak hil horretan iragarritako mobilizazio partzialaren ondotik —300.000 erreserbista mobilizatu zituen— Ukrainako gerran parte hartzeko. Hain zuzen, Putinek erabaki hura hartu eta hurrengo egunetan dozena bat mila errusiar sartu ziren auzoko herrialdera, hango agintariek emandako datuen arabera. Bide horretan, Baltikoko herrialdeek eta Poloniak bat egin zuten Finlandiak egindako murrizketekin.

Bulgariak ere asmo bera

Finlandiaren gisan, Bulgariak ere harresi bat eraikitzeko asmoa du Turkiarekin duen mugan. Hori bai: Europako Batzordeak diruz lagundu diezaion nahi du, nahiz eta batzorde horretako presidente Ursula von der Leyenek hil honen hasieran Sofiari proposatu zion Europako agentziako langileak bidaltzea droneak, radarrak eta Frontex migrazioa kontrolatzeko. Bulgariak, egun, 130 kilometrotik gora luze den harresi bat dauka Turkiarekin duen mugan, baina, herrialdeko presidente Katalin Novaken esanetan, etorkinek «zailtasun handirik gabe» igarotzen dute hesia.

Austriak proposatu zuen lehen aldiz EBko aurrekontuetako diruarekin ordaintzea hesi berri bat Bulgariaren eta Turkiaren arteko mugan; zehazki, iazko abenduan ekarri zuen hizpidera ekinbide hori, Vienak blokeatu ondoren Bulgaria eta Errumania Schengen eremuan onartzea.

Austriako Gobernua presio egiten ari da 2.000 milioi euro lortzeko EBren aurrekontutik, Turkiako mugan hesi «seguruagoa» eraikitzeko asmoz. Karl Nehammer Austriako kantzilerrak Bulgaria bisitatu zuen urtarril amaieran, eta Radeveko mugara joan zen. Nehammerrek orduan esan zuen ez zuela babestuko Schengen eremua handitzea, Balkanetako ibilbidean legez kanpoko immigrazioaren aurkako borrokan «benetako emaitzak» ikusi arte.

NATOtik gertuago

Errusiak iazko otsailaren 24an erasoaldia hasi ostean, Finlandiak eta Suediak utzi egin zioten hainbat hamarkadaz izandako neutraltasun estatusari, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundera batzeko eskaera egin zuten iazko maiatzean. Eta atzo, Finlandiako Parlamentuak baiezkoa eman zion aliantza militarrean sartzeko prozesua azkartzeari; proposamenak legebiltzarreko berrehun kideetatik 184ren babesa jaso zuen; zazpik kontra egin zuten, eta batek abstentziora jo zuen.

NATOn sartzeko, ordea, erakundeko kide diren 30 estaturen oniritzia behar dute. Zehazki, Helsinkik eta Stockholmek Aliantza Atlantikoko kide guztien babesa dute, Hungariarena eta Turkiarena izan ezik. Halere, Finlandiak Suediak baino oztopo diplomatiko gutxiagori aurre egin behar dio, eta, beraz, apirileko hauteskunde orokorrak baino lehen batu nahi du NATOra.

Ankarak Eskandinaviako bi herrialde horien ekinaldiei oniritzia emateko asmoz, Finlandiako, Suediako eta Turkiako Atzerri ministroak martxoaren 9an dira biltzekoak. Turkiak betoa ezarria die bi estatu horiei, PKK-kotzat (Kurdistango Langileen Alderdia) eta YPGkotzat (Herriaren Babes Unitateak) jotzen dituen kideei babesa ematea egozten dielako. Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk astelehenean aurreratu zuenez, besteak beste, prozesua bideratzeko hiru aldeek joan den ekainean adostutako testua izango dute hizpide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.