Etxebizitza turistikoak

Etxe turistikoen plataformek erabiltzaileen datuak jakinarazi beharko dituzte

Maizterrak erregistratu egin beharko dira, eta plataformek ausazko kontrolak egin beharko dituzte, datuak bat datozela egiaztatzeko.

Donostiako Gros auzoko ezkaratz bat, etxe turistikoa dagoela dioen plaka batekin. GORKA RUBIO/FOKU
aitor biain
2023ko martxoaren 2a
12:03
Entzun

Europako Batasunak gardentasun handiagoa eskatuko die Airbnb, Booking eta epe laburrerako etxeak alokatzen dituzten enpresei. Horretarako, Brusela arautegi berria onartzeko bidean da. Lege berriari esker, Interneteko atariak behartu egongo dira erabiltzaileei buruzko datuak jakinaraztera. Edo zehatzago esanda: plataformek agintariei jakinarazi beharko diete zeinek zer eta zenbat egunez alokatzen duen, informazio hori eskatzen dietenean.

Europako Batzordeak egindako proposamena dago arauaren oinarrian. Iazko azaroan aurkeztu zuen, eta Europar Kontseiluaren babesa jaso du orain. Nolanahi ere, legeak ez du esaten sektorea zehazki nola arautu behar den. Plataformen, maizterren eta erakunde publikoen arteko harreman markoa zehaztu baino ez du egiten.

Zerga iruzurra eragozteaz gain, etxe turistikoen sektorea arautzeko ahalegina egin nahi du Europak modu horretan. Izan ere, gaur-gaurkoz, herrialde bakoitzak bere erara arautu du sektorea —herrialde berean, eskualde edo hiri bakoitzak lege propioa ere izan dezake—, eta horrek zaildu egin du zenbait kasutan enpresa horiei mugak jartzea. Hiri batzuetan alokairuzko etxebizitzek nabarmen areagotu baitute eskaintza turistikoa, turistifikazioa ere sortu dute, eta baita epe luzeko alokairuak gutxitu ere. Herri txikietan edota landa eremuetan, berriz, bisitari gehiago erakartzeko modu bat bilakatu dira. Batzordeak horregatik eman dio bereziki garrantzia arautegia bateratzeari.

Erregistro zenbakia
Plataformek hilean behin eman beharko diete agintariei maizterren, etxeen eta alokairu egunen inguruko datuen berri. Bruselaren iritziz, informazio garrantzitsua da, legez kanpoko iragarkiei aurre egiteko balioko duelako, eta, aldi berean, sektorea orekatzen lagunduko duelako. Baita etorkizunera begira neurri gehiago hartu ahal izateko ere.

Etxebizitzen –edo logelen– maizterrek erregistratu egin beharko dute aurrena informazioa, gero jakinarazteko. Identifikazioaz gain, eskaintzen duten zerbitzuaren inguruko xehetasunak jakinarazi beharko dituzte herrialde bakoitzean sortuko den erregistroan —kokapena, kopurua…—, eta zenbaki bat emango zaio ondoren arduradunari. Matrikula gisako zenbaki horrek maizterra identifikatzeko bidea emango du, plataforma batean baino gehiagotan jardunda ere.

Gainera, arauak jasotzen du plataformek ausazko kontrolak egin beharko dituztela, eskaintzan adierazten dena eta erregistroan jasotzen dena bat datozela egiaztatzeko. Agintariek arau urraketaren bat atzemanez gero, eskaintza oro ezabatzeko eskatu ahalko diete plataformei. Kasurik larrienetan, erregistro zenbakia kentzeko aukera ere izango dute agintariek.

Oraindik ez dago argi araudi berria noiz jarriko den martxan. Europar Kontseiluaren oniritzia jasota, Europako Parlamentuak balioztatu behar baitu orain, eta estatu kideek bere egin beharko dute gero legea. Hori dela eta, litekeena da trantsizio epe bat izatea.

Parisen eta Bruselan, martxan
Antzerako neurriak martxan daude jada Europako hiri batzuetan. Parisek, esaterako, maizterren erregistro sistema erabiltzen du, jakiteko nor dagoen etxe turistikoen atzean. Bruselak, berriz, Airbnb behartu zuen bere plataforman egiten ziren jarduera ekonomikoen inguruko informazioa ematera. Biek ala biek gogor egin dute epe laburreko alokairuak eskaintzen dituzten enpresen aurka, plataformek bidean oztopoak jarri dizkieten arren.

Bruselari dagokionez, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiraino iritsi zen afera, Airbnb-k uko egin baitzion informazioa agintariei jakinarazteari, legea batasuneko zuzenbidearen aurkakoa zela iritzita. Belgikako Kontituzio Auzitegian helegitea jarri zuen orduan, eta haren galderari erantzunez eman zuen ebazpena Luxenburgoko auzitegiak. Bruselari eman zion arrazoia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.