Espioitza

Madrilek Maria Jose Beaumont espiatu zuela salatu dute, hura Nafarroako kontseilari zenean

'Infolibre.com' atari digitalak eskuratu ditu Mariano Rajoyren garaian segurtasunerako estatu idazkari izan zenaren Whatsapp mezuak. Maria Jose Beaumontez gain, Ahal Dugu-ko hautagai batzuei eta EHUko doktore bati buruzko informazioa eskaintzen zioten polizia buruek. Maria Jose Beaumont: «Ez nau batere harritu; estatuaren estolderia beti existitu da».

Maria Jose Beaumont, 2015ean, kontseilari kargua hartu ondoren. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 2a
14:09
Entzun

Espainiako Infolibre.com atari digitalak atzo gauean jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuak Maria Jose Beaumont espiatu zuen, Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari izendatu berritan. Uxue Barkosen gobernuko kide izan zen Beaumont 2015 eta 2019 bitartean. Beaumontez gain, Infolibre-ren arabera, beste euskal herritar batzuk ere espiatu zituen Espainiako Gobernuak Mariano Rajoy presidente zen garaian.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro zela, Francisco Martinez haren segurtasunerako estatu idazkariaren Whatsapp elkarrizketak eskuratu ditu Infolibre-k. Espainiako hainbat polizia bururekin izan zituen elkarrizketak dira. Atari digital horren arabera, Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren kontrako espioitza kasuaren auziaren parte dira.

Elkarrizketa horietako batean, Martinezek galdetzen dio Enrique Garcia Castaño Guardia Zibilaren komisario eta UCOko buruari ea badituen «gauzatxoak Bilduren kontseilariaz». Eta horrek erantzun: «Galdetuko dut. Oso garbi dagoela aurreratzen dizut». Martinezek jarraitu egiten du: «Eta haren ingurua?». Poliziaren azken erantzuna: «Begiratuko dut». Infolibre-ren arabera, elkarrizketa hori Uxue Barkos Nafarroako presidente izendatu eta bi egunera izan zen, alegia, 2015eko uztailaren 22an.

«Susmoak beti izan ditugu»

Maria Jose Beaumont berak ongi gogoan ditu egun haiek, nolako kazetari pilak bildu ziren Barkosen kargu hartzeko ekitaldian, eta Beaumontek berak kargua zin egin zuenean. «2015ean, Nafarroan sortu zen aukera bat 78ko erregimenarekin hausteko, eta erabaki nuen aldaketa horri nire ekarpena egitea». EH Bilduk proposatu zuen kontseilari gisa, eta sail «zabal eta konplexua» egokitu zitzaion. Kazetarien jakin-mina gogoratzen du egun haietaz.

Horregatik, orain ez du batere harritu garai hartan espiatu zutela jakiteak. «Orain publiko egin da, norbaiti interesatu izango zaiolako, ikerketa horren barruan, baina susmoak beti izan ditugu». Izan ere, lehenago, Itoizko Koordinadorarentzat abokatu lanetan aritu zen Beaumont, eta horregatik ere ez du harritu espioitza kasu honek. Izan ere, gogoan du nola Nafarroako Gobernuak —UPN agintean zela— diru publikoa gastatu zuen ustez komunikazio enpresa bat zena kontratatzeko, baina nola geroago jakin zuten enpresa horrek espiatu egin zituela Itoizko urtegiaren aurka ari ziren hainbat pertsona, Beaumont bera tarteko.

Pegasus auzia eta halakoak ere ekarri ditu gogora, bestalde. Orain ezagutu den kasuarekin harritu, beraz? «Batere ez». Ez dio larritasunik kendu nahi, halere: «Lotsagarria eta onartezina da; estatuko instituzioetatik eta diru publikoarekin, gainera». Orain, iruditzen zaio garrantzitsua litzatekeela galderak egitea, gertatu dena gehiago argitzeko. Umorea ez du galdu halere, eta kezkarik ez du: «Nire ohorea lasai dago; gainera, garbi nagoela esan dute». Jende askoren deiak eta babesa jaso dituela azaldu du, bestalde. «Animatua nago, ez nago larriturik».

2015eko aldaketa hura bultzatu zuten alderdietako batzuk ere mugitu dira. EH Bilduk adierazi du «eraso oso larria» dela espioitza kasu hau: «Informazio horiek berresten dute botere faktikoek eta estatuaren estoldek euskal ezker subiranistaren aurka zein aldaketa politikorako edozein alternatibaren aurka nolako obsesioa duten; bereziki, Nafarroan». Koalizioak babesa agertu dio Beaumonti, eta jakinarazi du Bel Pozueta diputatuak Espainiako Kongresuan pausatuko dituela galdera batzuk, «Beaumoten espioitzari buruz dagoen informazio guztia ezagutzeko».

Geroa Bai koalizioak, berriz, gogor gaitzetsi du espioitza kasua. Ohar batean adierazi du «sistema demokratikoaren kontrako eraso bat» dela, «pribatutasunean eta sistema instituzional eta politikoan sartze larria delako». Espioitza kasu horren helburua Barkosen gobernuari zilegitasuna kentzea zela gaineratu du, eta gogoratu du gobernu hura «erabat progresista eta plurala» zela. Auzia ikertzeko eskatu du Geroa Baik, eta ardura nork duen argitzeko.

Araban, Ahal Dugu-ko kideen kontra

Arabako Ahal Dugu-ko kideak ere egon ziren espioitza sare horren jomugan, Infolibre-ren arabera. Kasu horretan ere Martinez eta Garcia Castañoren elkarrizketa bat da argitaratu dutena. «Erne Arabako Ahal Dugu-ko zerrendaren lehenengoarekin eta bigarrenarekin. Gaiztoetakoak direla esan didate», dio poliziak. Elkarrizketa 2015eko apirilaren 2koa da, udal eta foru hauteskundeak baino aste batzuk lehenagokoa. «Eman datua», erantzuten dio estatu idazkariak. «Ez daukat izenik; esan berri didate».

Egun berean, geroago beste pertsona bat izan zuten hizpide, baina ez dute izenik ematen kasu horretan ere. «Badakizu honetaz zerbait? Izan liteke Ahal Dugu-koa edo Bildukoa?», galdetzen du Martinezek. «Berehala esango dizut», erantzuten dio Garcia Castañok. Ordu laurdenera ematen dio informazioa: «2012an Askapenarekin kolaboratzen zuen; alegia, gehiago da Bildukoa. EHUko burua lokalizatu nahian nabil, horrek ziur jakingo baitu». Handik minutu batzuetara gehitzen du poliziak: «EHUko segurtasun buruak esan dit orain Ahal Dugu-rekin dagoela».

EHUko irakasle bat ere, espiatua

Infolibre-ren arabera, Whatsappeko elkarrizketa horrek ordu batzuk geroago jarraitu zuen. Aipatzen ez duten pertsona bat dute hizpide hor ere. «Ceutako istiluaren forentsea», esaten diote, odolzalea deitzen diote, eta botere politiko handia duela gehitzen dute. «Izan dezakegu odolzalearen informazio ukigaiagoa (artikulu, argazki...)?», galdetzen du Martinezek. «Badakit zer bilatzen duzun, baina oraingoz ondo estalita dago. Ez du ematen kutsatuta dagoenik», erantzuten dio Garcia Castañok. «Askapenako manifestuarena dago... Ez dago gaizki», gaineratu du Martinezek.

Infolibre-k dio elkarrizketa hori izan eta hamabi egunera La Razón egunkariak hala titulatu zuen artikulu bat: «Forentse abertzale batek Guardia Zibilari bota nahi dio Tarajalgo tragediaren errua». Egunkari hori Koldo Callado EHUko Medikuntza doktoreaz ari da artikuluan —Luis deitzen dute—. Calladok Tarajalgo tragediako akusazio partikularraren txosten bat sinatu zuen, eta egunkari horrek dio «ezker abertzalearekin eta muturreko ezker bolivarrarekin erabat» egiten duela bat. «2012an Askapenaren manifestu bat babestu zuen», dio artikuluak.

Tarajalgo tragedia 2014ko otsailean Ceutako hondartza batean gertatu zen. Migratzaile talde bat hondartzara iristen ahalegindu zen Espainiara heltzeko asmoz, baina 56 guardia zibilek 145 gomazko pilota eta bost ke pote bota zizkieten uretan zeudela. Eraso horren ondorioz, hamabost migratzaile itota hil ziren. 23k lortu zuten hondartzara iristea, baina berehala kanporatu zituzten. Hilketa delitua leporatu zieten hamasei guardia zibili, baina, lehenik 2015ean eta behin betiko 2022an, auzia zigorrik gabe artxibatu zuten.

Podemos nahasteko saiakerak

Euskal herritarren gainekoa ez ezik, politikari espainiarren gaineko interesa ere agertzen du Martinezek elkarrizketa horietan. Infolibre-k Juan Carlos Monedero eta Iñigo Errejon Podemoseko buru ohiak aipatzen ditu, baita Jose Maria Gonzalez Kichi 2015ean Cadizko alkate izendatu berria eta udal gobernuko kideak ere. 2015eko otsaileko mezuak dira Monederoren ingurukoak. Podemosek, orduan, Europako Parlamentuan soilik zuen ordezkaritza, eta boterera iristeko lehian ari zen Espainian, udal eta foru hauteskundeetan lehenik, eta gorteetarako hautekundeetan ondoren.

Monederoz galdetuta, hala erantzun zion Garcia Castañok Martinezi: «Luis Castro, Panal [Aliantza Berria] Mexikoko alderdiko presidentea, oso laguna da, Monederoren lagun mina; eskura utzi dit, zuk baimentzen badidazu». Eta estatu idazkariak erantzun: «Oso interesgarria kontatzen dizuten guztia, zalantzarik gabe...». 2015eko abenduan egin ziren Espainiako hauteskundeak, eta, udal hauteskundeetan hainbat hiri handitako alkatetzak eskuratu ostean, zenbait hedabide Podemosi zilegitasuna kentzeko kanpainan sartu ziren.

Hauteskunde horiek berriz egin behar izan ziren, inor ez baitzen gai izan Kongresuan gehiengo bat osatzeko. Gorteak desegin ondoren, 2016ko apirilaren 20an Eugenio Pino Espainiako Poliziaren zuzendariaren albokoa jarri zen harremanetan Martinezekin. «Nagusi, Errejonen kontua eskaintzen ari zaizkit, baina gaur goizean hitz egindako baldintzarekin», dio El País egunkariak aurreratu zuen mezuak. Baldintza zen, Infolibre-ren arabera, informazio hori El Mundo edo El País egunkariek argitaratzea. «Hori ez da arazo», erantzun zuen estatu idazkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.