Hizkuntza eskubideak

«C1a atera? Egon hadi horretan»; haserrea piztu du erizain espainiar baten bideo katalanofoboak

Erizain andaluziar bat haserre mintzatu da Tiktoken, katalana eskatzen diotelako Bartzelonako erietxe batean postua lortzeko. Puigdemont presidente ohiak ere deitoratu du mezua.

Begoña Suarezen TikTokek kanaleko mezuko irudia. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 2a
14:24
Entzun

Begoña Suarez du izena. Erizaina da Bartzelonako Vall d'Hebron erietxean, eta haserre oldea eragin du Tiktok sare sozialerako grabatu duen bideo bat dela eta.

Suarez erietxeko bulego batean ageri da bideoan, bi lankiderekin; horietako bat euskal herritarra da, antza, «Donostiakoa», erizainak berak azaltzen duenez. Suarezek Cadizkoa (Espainia) dela esaten du, eta Bartzelonan lanean ari dela. Sindikatu batek esku orri bat eman die erietxean postua lortzeko informazioarekin, eta horretan agertzen diren eskakizunetako batek piztu du emakumearen haserrea: «Esan digute oposizio zikin hori ateratzeko katalaneko C1 zikin hori eduki behar dugula», esaten du, ezin sinetsirik eta suminduta. «C1a atera? Egon hadi horretan!»

Bideoan donostiar gisa aurkezturiko emakumeak, berriz, ikastarorako izena eman duela adierazten du segidan, eta Suarezek harriturik begiratzen dio; «mesedez, horrela bideoa desmuntatuko didazu!», esaten dio. Euskal herritarrak, orduan, katalanez jarraitzen du. Orduan, Suarezek: «Utziko al diozu katalanez hitz egiteari, mesedez? Eskerrik asko».

Bideoa bolo-bolo zabaldu da, eta erreakzio oldea eragin du. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi erbesteratuak ere plazaratu du iruzkin bat Twitterren. «Kataluniako hizkuntzarekiko gorrotoa etengabea da espainiar askoren artean. Batzuek (epaileak, poliziak, funtzionarioak) katalanofobiaren militanteak dira. Iraindu egiten gaituzte, laidotu, eta guk soldata ordaintzen diegu. Hizkuntza hilketa bat abiatua da». Kataluniako Osasun Departamenduari eskatu dio berehala esku hartzeko.

Manel Balcells Osasun kontseilariak adierazi du espediente bat irekiko diotela erizainari: «Onartezina da langile publiko batek horrelako adierazpenak egitea». Argi utzi du ziurtatu behar dela Kataluniako osasun sisteman arreta katalanez jaso ahal izatea. Izan ere, hizkuntza ikasteko doako formakuntza eskaintzen dute, betiere kontutan izanda helburua dela «herritarren ongizatea eta pazienteen eskubideak errespetatzea».

Erietxeko zuzendaritzak afera ikertuko duela adierazi du. Gaineratu dute onartezina dela egoitza eta uniformeak erietxearekin zerikusirik ez duten bideoetarako erabiltzea. «Bistan da ez dutela ordezkatzen ez erakundea ezta zentroa ere».

UGTren erantzuna

Kataluniako UGT, berriz, erizain euskaldunari mintzatu zaio: «Eskerrik asko, Clara, Katalunian katalanez hitz egitearen garrantzia baloratzeagatik, eta pazienteak errespetatzeagatik, eskubidea baitute erizainekin beren hizkuntzan komunikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.