Literatura

'Bichta éder' eleberria kaleratu du Eneko Bidegainek

Lapurdiko kostaldeko gaztelu batean gertatzen den intrigazko istorio bat kontatzen du liburuak

Eneko Bidegain, 'Bichta éder' bere nobela berria esku artean hartuta, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA
Miren Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 2a
19:31
Entzun

Kazetari gaztea da Eñaut Oihenart, nahiz eta ez den lanean hasiberria. Badira urte batzuk Euskal Herritik ihesi joan zela, «kosmopolita» edo «munduko hiritar» izateko asmotan. Berradiskidetu zen bere sustraiekin, antza; egun Gaur euskal kazetan egiten baitu lan. Lapurdiko kostaldean dagoen jauregi abandonatu batean asmo ezkutu bat dagoela jakin du, eta, eraikitzaile promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori argitara eman nahian, ikerketa bat abiaraziko du. Horixe du abiapuntu Eneko Bidegainek Elkar argitaletxearekin ondutako Bichta éder nobelak.

«Ez da ohiko thriller bat, baina intrigazko istorio bat irakurriko du irakurleak liburu honetan». Argipen horrekin abiatu ditu egileak lanaren gaineko azalpenak. «Gazteluak uste baino sekretu gehiago gordetzen dituela ohartzen da protagonista, eta liburua aitzinatu ahala, lotzen joango dira hari mutur horiek denak».

Hiru geruzatan sailkatu du liburuaren egitura Bidegainek. Zer gertatzen da gaztelu horretan? Zer egin nahi dute bertan? Nor dago proiektu horren atzean? Bada, ageriko misterioaren gaineko galdera horiek denak kokatu ditu lehen geruzan.

Gazteluaren gaineko proiektu horrek eragindako gatazka soziala irudikatu du bigarrengoan. «Euskal Herriaren eta euskararen zapalkuntza aipatzen da bertan», azaldu du. «Lapurdin gertatzen da istorioa, eta kontatzen du, euskara gutxietsia izan den herrialde horretan, gure aitzineko belaunaldiei nola abandonarazi zieten euren hizkuntza». Belaunaldi horien ondoriozko mina azaltzen du, beraz, liburuaren bigarren plano horrek.

Alabaina, min horiek estaltzeko itxurakeriari eman ohi zaion garrantzia jarri du idazleak hirugarren geruzan. Alegia, nork bere izaerari uko egin eta gehiengoaren itxurako agertzearen joerari egiten dio erreferentzia plano horrek. «Euskal izaerari uko egin, eta beste itxura baten jabe egindako pertsonaia asko daude liburuan».

Hain justu, hiru geruza horien bateratzeak ematen dio zentzua istorioari. «Horietako bat kenduko bagenu, erori egingo litzateke istorioa», zehaztu du. Idazleak azaldu duenez, zutabe berak batzen ditu geruzok: nobelaren tituluak.

Bichta éder. «Askori arrotz egingo zaio izenburua horrela idatzita ikustea, baina badu, noski, bere arrazoia», aurreratu du Elkarreko editore Xabier Mendigurenek. Egileak adierazi du Lapurdin sortzen ari diren proiektu berrien izendapenak irudikatzen dituela izenburuak. Izan ere, euskarazko izena ematen zaie, baina frantsesez ortografiatuta. «Apropiazio kultural horrek trufa egiten dio euskarari», esan du egileak. Eta, hain justu, horixe erakutsi nahi izan du izenburuarekin.

Luzera ez da traba

Laurehundik gora orrialde ditu liburuak; gisa horretako intrigazko liburuak baititu gustuko Bidegainek. «Gustatzen zait nobelek konpainia luzea egitea; laburrek gosez uzten naute». Espazio zabal horrek, gainera, pertsonaia guztiei bizia emateko aukera eman diola gaineratu du.

Hizkuntza aldetik, Euskal Herri osoko euskaldunek irakurtzeko moduko liburu bat idaztea zuen xede. «Alde batetik, denentzat ulergarri izan zedila nahi nuen, baina, aldi berean, ni hazi nauen euskalkiari eta lexikoari uko egin gabe. Ulergarria behar du hegoaldean, baina iparraldean ez daitezela ahanzturik sentitu». Lan egin du horretan, eta uste du asmatu duela helburu zuen oreka hori lortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.