Plateruen aterpeak argiak piztuko ditu berriro gaur

Bi urte eta erdiko etenaren ostean, gaur iluntzean irekiko ditu ateak Durangoko Plateruenak. Espazioak bere horretan dirau; hala, kudeaketan dago alde nagusia: publikoa izango da aurrerantzean, kultur mahai batek gidatuta.

Plateruena kultur aterpea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Zihara Jainaga Larrinaga.
2023ko martxoaren 3a
09:50
Entzun

Orri zuri batean letra gorri eta larriz idatzitako Taberna itxita dago esaldia nabarmentzen da Durangoko Plateruena kafe antzokia zeneko kristalean. 2020. urtean ateak itxi zituenetik, salbuespenak salbuespen, barruan ez da argirik, eta kanpoan ez da arimarik. Iluntasuna, areto hutsa eta hotza dira nagusi, hilabete hauetan pilatutako hautsarekin batera. Hala ere, errautsetatik berpiztuta, ostera hastera doaz gaur iluntzean, bi urte eta erdira. Argiak piztu, eta plateruen oinordekoak oholtzara igotzeko prest daude.

Poltsatik giltza atera, eta atea ireki du Maider Larrañagak. Azken hilabeteotan irekiera berriaren lanketa prozesuaren koordinatzaile aritu da. «Holakoetan esaten den bezala, urduritasun puntu bat, ardura sentsazio handia, ilusioa eta gogoa ditugu», adierazi du. Espazioak lehen begiratuan ez du aldaketarik: tabernako barra, oholtzara igotzeko zortzi eskailera, aulkiak bata bestearen gainean jasota dorre bat eraikiz, goiko solairua… Kanpoan, gizarteak pandemia bat eta herritarren bizitzek hamaika aldaketa jasan izan badituzte ere, argiak itzali ziren une berean bezala jarraitzen du barruan denak. «Itxura aldatu baino gehiago, beste inbertsio batzuk egitea izan da lehentasuna», aipatu du Larrañagak. Garai berria irudikatuko duten kartelak lurrean daude, kubo apaingarrietan jartzeko prest. Piztu argiak, poztu bihotzak eta puztu kultur aterpea leloa irakur daiteke. «Doinu polita izateaz gain, baikorra da», dio Larrañagak. Logoa ere aldatu dute. Durangoko Gakoa enpresa arduratu da horretaz. Espazioa irudikatzen du irudi berriak. «Kubo handi bat da, aterpe handi bat, gauza asko bere barnean hartu baina ateak zabalik dituena», Larrañagaren hitzetan.

Zerbitzuei dagokienez, ostalaritza zerbitzurik ez da izango orain. Hala, kulturgintza izango da ardatza. Hasteko, kafe antzoki izateari utziko dio, eta kultur aterpe bilakatuko da. «Aurreko aldian ostalaritzak bazuen lehentasuna, kulturgintzaren gainean. Baina ikusi zen elkarbizitza baterako ez zela marko erraza», adierazi du prozesuko koordinatzaileak. Horregatik, garai berri honetan kulturgintzak izango du lehentasuna. Era berean, proiektu berriari itxura ematekoan hainbat eredu eta erreferentzia izan dituztela aitortu du: Azpeitiko Sanagustin kulturgunea (Gipuzkoa), Gernika-Lumoko Astra, Madrilgo Matadero eta Zaragozako Harina (Espainia).

Plateruena aterpea. MONIKA DEL VALLE/ FOKU

Publikoa

Aurreko garaian elkarte batek gidatzetik kudeaketa publiko komunitarioa izatera igaroko da espazioa, herritarren partaidetzarekin. Hori izango da ardatza eta aldaketa nabarmenena. Gaur-gaurkoz, hemeretzi parte hartzailek osatzen dute kudeaketa egituratuko duen Kultur Mahaia izeneko plataforma; partaide horietatik sei, herriko elkarteak dira, «espazioaren helburuekin lerrokaturik daudenak»: Gerediaga, Berbaro, AEK, Jaizale Durangoko txistularien elkartea, Euskal Herrian Euskaraz eta Durangaldeko Berbalagunak. Gainontzekoak kulturgintzan interesa daukaten herritarrak dira.

Hain zuzen ere, eredu baten beheraldia irudikatuta, arazo ekonomikoen ondorioz itxi zuten antzokia 2020. urteko irailean. Hala, Durangoko Udalak bere gain hartu zuen eraikinaren ardura, eta prozesu galdetzaile bat abiatu zuen, hutsune eta gabeziak azaleratzeko asmoz. Aurrerantzean, Kultur Mahaiak hartuko du Plateruenaren gidaritza, eta talde motorra udaleko teknikariak eta Kultur Mahaiko bi kidek osatua han erabakitakoa gauzatzen arituko da. Orain 312.000 euroko aurrekontua daukatela adierazi dute.

Itxieraren ostean, 2021. urtean herritarren bi hausnarketa prozesu jarri zituzten martxan. Bata, udalak dinamizaturikoa, eta, bestea, Plateruena eta gero, zer? egitasmoak aurrera eramandakoa. Biak ala biak konklusio antzekoetara iritsi ziren: euskara, kultura eta sorkuntza izango direla etorkizunean ere Plateruenak jarraitu beharreko norabidea markatuko duten lan lerroak, eta kudeaketa publikoa eta komunitarioa izan beharko dela.

Lanketa prozesuak bigarren fasea abiatu zuen orduan. «Komunitarioa gorpuzteko», Kultur Mahaia osatu zuten, eta joan den urtarriletik pare bat lan saio praktiko egin dituztela zehaztu du Maider Larrañagak. 70 bat partaideren proposamenak jaso zituzten. Batetik, espazioaren ikuskerak zehazteko, eta, bestetik, Kultur Mahaiaren zeregina erabakitzeko. Halaber, 2021eko txostenean agertzen ziren euskara, kultura eta sorkuntzaren «azpiko bost hankak» ere jorratu dituzte: harrobia landu beharra eta topagunea, erakusleihoa eta sormenerako zein esperimentaziorako espazioa izatea, hurrenez hurren.

Larragañak azpimarratu du lanketa prozesuko partaideen artean oso ordezkaritza plurala eta orekatua izan dela. «Interes guztiek indar edota errepresentazio maila antzekoa eduki dute». Hala, erabakiak kontsentsu bidez hartu dituzte. «Jendeak askatasunez hitz egiteko aukera eduki du. Eskolak, elkarteak edota sortzaileak aritu dira elkarlanean». Hemendik aurrera, barne araudi bat ezarri, eta prozesuan markaturiko lehentasunak lantzen hasiko dira, programazio txiki bat finkatzeaz batera. Halaber, oraindik ere epe zehatz batean zabalik egongo da Kultur Mahaian ekarpenak egiteko aukera.

Larrañagaren iritziz, proiektu honek badu beste gauza oso interesgarri bat: azpitalde jakinak lantzeko aukera. «Kultur Mahaiaren ikuspegi zabalak eskatzen duen maiztasunarekin batu ezin denak aukera izango du arlo espezifikoetan parte hartzeko eta proiektu konkretuen inguruan dinamizatzeko».

Plateruena aterpea. MONIKA DEL VALLE/ FOKU

Argiak piztera

Gaur 20:00etan hasiko da Piztu argiak! izeneko ekitaldia, eta Leire Vargas idazle durangarrak gidatuko du. Besteak beste, gozatu ahalko da Anari Alberdi musikariak Peru Magdalena idazle durangarrarekin egingo duen kolaborazioaz, eta Odei Barroso rap abeslariaren eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarraren arteko kolaborazioaz. Horiez gainera, Mockers musika taldeak, Garazi Abraldes dantzariak eta Durangaldeko bertso eskolako zein Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleek parte hartuko dute. Sorpresak izango direla ere aurreratu zuten astelehenean egindako prentsaurrekoan. Sarrera doakoa izango da, baina komeni da aldez aurretik eskuratzea.

Plateruenak ibilbide oparoa izan du luzaroan. Garai batean, Durangon zein Euskal Herrian oso erreferentziala izatera iritsi zen, erakusleiho gisa, euskalgintzaren inguruan. Ondorioz, herrian utzitako hutsunea oso nabarmena zela azpimarratu du Larrañagak. «Ikusten zen erakusleiho bat falta zela, entseguetarako leku bat, batzeko toki bat; premia hori durangar guztiok sentitzen genuen». Hala, ez dute soilik eraikin huts bat jaso; kontziente dira kultur ondare handi bat jaso dutela. «Helburua da epe ertain batean errautsak berpiztea eta berriz ere erreferentzialtasun hori eskuratzea». Sasoi batean erreferentzia izateko zuen gaitasuna berreskuratzeko ahalegina egin nahi dute.

Proposamenei irekia

Etorkizunera begira, maratoi bat bat balitz bezala planteatzen du Larrañagak Plateruenaren garai berria, eta lanketa prozesuko txostenetan agertzen diren helburuak jorratzea eta gauzatzea nahi luke. «Izen-abizen eta ekintza konkretuak jartzea, bide hori urratsen hastea». Berriro hasieran den proiektu bat dela nabarmendu du, eta hori dela bere indargune handi bat. Hala, helburu nagusiekin lerrokatuta, bisitari orok bere burua ordezkatuta ikusteko toki bat aurkitzea nahi luke. Kontzertuzale denak zein proposamen bat aurkeztera joaten denak edota sortzaileen arteko topagunean parte hartu nahi duenak, interes ezberdinak eduki arren, Plateruenan topatuko dute tarte bat.

Larrañagak azpimarratu du badutela datozen hilabeteetarako programazio bat. Egitarau finkoa bermatu nahi dute, eta maiatzera arteko ekitaldiak gaur ezagutaraziko dituzte: Andragunearen abesti finala, migrazioari buruzko ekitaldia, Xabier Amuriza… Baina hori errazena dela azpimarratu du: «Zailena hau arimaz janztea da». Iparrorratzak argia dauka, eta bidea egiten hastera doaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.