Milaka lagunek protesta egin dute martxoaren 3ko biktimak gogoratzeko; bi atxilotu dituzte

Ertzaintzak Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Elizak ere onartu ostean, Gasteizko Udalak ere aho batez onartu du Martxoaren 3ko fundazioaren patronatuan parte hartzea.

Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko manifestazioa, gaur. RAUL BOGAJO / FOKU
2023ko martxoaren 3a
11:38
Entzun 00:00:0000:00:00

47 urte dira Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Romualdo Barroso eta Bienvenido Perea langileak hil eta beste hainbat zauritu zituela Gasteizko San Frantzisko elizan. Memoria kolektiboan iltzatuta geratu zen gertaera lazgarri hura. Martxoak 3 elkarteak eta elkarte memorialistek ez dute ahaztu, eta, geroztik, oroimen eguna da.

Ekitaldi sorta bat egin dute gaur, eta milaka lagun atera dira kalera Gasteizen, bost biktimak oroitzeko. «Polizia hiltzailea», «herriak ez du barkatzen» eta «martxoak 3, guk ez dugu ahazten» oihukatu dute manifestariek. Bi pertsona atxilotu dituzte protestan.

Martxoaren 3ko biktimen elkartea eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak joan dira martxaren aitzinean, Oraina borrokatzen geroa bermatzeko goiburupean. Langileriak aurretik egin duen lana ere gogoratu du biktimen elkarteak: «Atzoko langile borroka eredu da gaurko borrokentzat».

«1976ko estatu krimena» salatu du elkarteak, eta gaineratu «Espainiako inpunitate ereduaren icebergaren punta» besterik ez dela dela 47 urteko gertakaria. Hilketen salaketak «isiltzen» saiatu izana gaitzetsi du biktimen elkarteak, baita horiek «errepresaliatuak, kriminalizatuak eta jazarriak» izan direla. «Orain, badirudi gauzak aldatzen ari direla», gehitu du.

Gasteizko Udala, patronatuan

Gaurko egunez onartu du Gasteizko Udalak, aho batez, ezohiko batzarrean, Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa eraikitzeko fundazioko patronatuko kide gisa parte hartzea. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Gasteiz-ek aho batez onartu dituzte estatutuak, patronatukide gisa parte hartzeko fundazioan. 10.000 euro jarriko ditu udalak, eta beste hamarna mila Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Elizak, oroimen zentroaren erabilera eta kudeaketa proiektatzeko. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak akordioa txalotu du: «Zazpi urteko elkarlanari ginga jarriko zaio, gertaera haiek agenda instituzionalean modu iraunkorrean egon daitezen. Biktimen oroimena baino zerbait gehiago da. Gure hiriaren ikur baten oroimena da».

Zazpi urteko bide malkartsua izan da, eta oztopoak izan dira tartean. Erakundeen eta memoria elkarteen arteko elkarrizketa gorabeheratsuak izan dira, eta urtarrilaren amaieran lortu zuten korapiloa askatzea. Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k salatu zuten elkarteen parte hartzerik gabe garatzen ari zirela prozesua, eta erakundeak eraikitzen ari ziren proiektuari zuzenketak jartzeko betarik eman gabe. Baina lortu zuten korapiloa askatzea eta bidea adostea. Erakundeez gain, Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara fundazioak ere parte hartuko dute patronatuan, lau ordezkarirekin, eta patronatuko presidenteordetza izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.