Albistea entzun

Bangladesh

Rohingyek NBEren elikagai laguntzen murrizketa «suntsitzaileak» salatu dituzte

Nazio Batuen Erakundearen arabera, elikagaien prezio igoeren eta MEPk izan duen diru laguntzen murrizketen ondorioz, rohingyentzako elikagaiak %30 murriztu dituzte; ia milioi bat errefuxiatu bizi dira Bangladeshen.

Bi emakume haur banarekin, iragan otsailean, ia milioi bat rohingya errefuxiatu bizi diren Ladongo kanpalekuan, Bangladeshen.
Bi emakume haur banarekin, iragan otsailean, ia milioi bat rohingya errefuxiatu bizi diren Ladongo kanpalekuan, Bangladeshen. HOTLI SIMANJUNTAK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko martxoak 3

Bangladeshko hego-ekialdean dagoen Cox's Bazar eskualdean, errefuxiatu esparruetan bizi dira ia milioi bat rohingya duela bost urte pasatik, Myanmarko sarraskitik ihesi. Egoera oso makurrean bizi dira, eta MEP Munduko Elikadura Programak soilik ematen die elikagai laguntza rohingyei. Bada, Myanmarko etnia horretako errefuxiatuek salatu dutenez, Nazio Batuen Erakundeak murrizketa «suntsitzaileak» egin ditu laguntza horretan. Horiek horrela, rohingyak «bizirik irauteko borrokan» ari dira.

NBEk Myanmarren duen giza eskubideetako kontalari Tom Andrewsen arabera, elikagaien prezio igoeren eta MEPk izan duen diru laguntzen murrizketen ondorioz —117 milioi euro inguruko defizita izan du—, rohingyentzako bidalitako elikagaiak %30 murriztu behar izan dituzte. «Malnutrizioa jasaten ari dira».

Al Jazzera telebista katea zenbait errefuxiatuk bizi duten egoeraren lekuko izan da; besteak beste, Rahela Begum 40 urteko emakume baten adierazpenak jaso ditu: «Ez dugu diru sarrerarik, eta elikagai errazioak murriztu dizkigute». Haur txiki bat dauka alboan, gaixorik. «Ez du arrozik jaten, ezta beste edozein jaki ere. Gainera, intxaur krema emateari utzi diote, eta ez dakit bizirik iraungo duen ere».

Andrewsek salatu du elikagai maila desegokiaren eraginak kalkulaezinak direla: «Dagoeneko adingabeen %40 ondorioak pairatzen hasiak dira, eta horietatik %51k anemia dute, haurdun dauden emakumeen %40 inguruk bezalaxe. Horrez gain, errefuxiatu kanpalekuan bizi diren familia guztien %45ek dieta eskasak dituzte».

NBEk ohartarazi du laguntzen murrizketak errefuxiatuen kanpalekuko egoera ekonomiko eta humanitario larria «are gehiago okertuko» lukeela, «eta ondorio larriak izango dituzte; hala nola haurren esplotazioa, errefuxiatuen salerosketak, legez kanpoko jarduerak eta prostituzioa». Hain zuzen, langile humanitarioak bat etorri dira segurtasuna are gehiago ezegonkortu eta droga trafikoa areagotuko liratekeela errazioen murrizketen ondorioz; iaz, dozenaka liskar izan ziren drogekin lotutako rohingyen «talde kriminalen» artean.

Eskaera nazioarteari

Bide horretan, NBEko kontalariak egoera hori «iraultzeko» eskatu die Nazio Batuen Erakundeko kide diren estatu guztiei, eta zehaztu du murrizketak egiteko erabakia «nazioarteko komunitatearen kontzientziaren gain» dagoela. Haren esanetan, rohingyak «hil edo bizi» daude. «Nazioarteko herrialde askok laguntza erretorikoa eskaini diete rohingyei, baina familia horiek ezin dute laguntza hori jaso. Agintariek egindako adierazpenak bete behar dituzte, eta bizitzak salbatu», ohartarazi du.

Horrekin lotuta, Andrewsek salatu duenez, errefuxiatuei laguntza bidali ezean, eragina «suntsitzailea eta luzera begirakoa» izango da, eta erantsi du malnutrizioak eta osasun baldintza txarrek «belaunaldiz belaunaldi osasunean ondorio larriak» eragin ditzaketela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaia Espainiako Kongresuan, joan den astean ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Aurreikusita dagoen porrot bat oholtzaratu ahal izateko prozesua

Igor Susaeta

Nuñez Feijoo PPkoa Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute gaur Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka izendatua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan
Kosovoko polizia talde bat, atzo, Kosovo iparraldeko Banjska herriaren ondoko bidegurutze batean. ©DJORDJE SAVIC / EFE

Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazka are gehiago gaiztotu du azken erasoak

Gorka Berasategi Otamendi

Talde baten eta Kosovoko Poliziaren arteko tiroketa batean bost lagun hil ziren igandean. Pristinak Belgradi leporatu dio erasoaren erantzukizuna
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin baean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.

Alberto Nuñez Feijoo PPkoa, joan den astean, Kongresuan. ©EFE

Aurreikusitako porrot bat oholtzaratzeko prozesua

Igor Susaeta

Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaia Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute, bihar, Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka inbestitua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...