Presoak

Xabier Rey oroituko dute Iruñean

Bost urte bete dira Puerto IIIko espetxean hilik agertu zenetik. Heriotza eragotz zitekeela aldarrikatuko dute bihar larunbatean 13:00etan, Donibane auzoan. Espetxealdia gogoratu du Patxi Rey anaiak

2018ko martxoaren 10ean Iruñean Xabier Reyren heriotza salatzeko egin zen manifestazioa. JON URBE / FOKU
joxerra senar
2023ko martxoaren 3a
21:00
Entzun

2018ko martxoaren 6an, Xabier Rey Urmeneta hilik topatu zuten Puerto III espetxeko ziegan, Iruñeko etxetik 1.015 kilometrora, urrun. Bere buruaz beste egin zuen presoak, baina, Patxi Rey anaiaren arabera, ez zen izan bat-batean eta nahi gabe gertatu zen suizidio bat: «Politika batek, estatu batek eta sistema batek hil duen pertsona izan da».

Bost urte betetzear dira, eta haren oroimenak bizirik dirau Iruñeko Donibane auzoan. Bihar larunbatean, 13:00etan, ekitaldia egingo zaio Xabi Rey Antxo-ri, Eragotz zitekeen, Salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak lelopean, Donibane auzoko Vaguada parkean.

Han izango da Patxi Rey. «Nik gogoko dut anaia goraipatzea pertsona moduan. Oso bizia, alaia eta maitekorra zen, lagunen laguna, langilea, mendizalea eta natura maite zuena. Haren hutsunea betirako geratzen da. Gure menpe geratzen da oroitzea, bizirik mantentzeko modu bakarra baita».

Tortura salaketa

Xabi Rey 2008ko azaroan atxilotu zuten, beste hiru lagunekin batera. Inkomunikazio aldian, tortura gogorrak salatu zituen. Orduan, familiak oso gaizki pasatu zuen. «Orain hilik dago, baina beti esan izan dut nire bizitzako unerik okerrena izan zela. Bost egun eman genituen inongo berririk gabe». Patxi Rey jabetzen zen arriskuaz. «Bost egun pasatuta, esan zigutenean anaia espetxera zihoala, guk jakin gabe tartean zer zegoen, poza hartu genuen. Bagenekien torturatzen ari zen jende horren atzaparretatik aldendu egingo zela».

Reyk gogoan duenez, igande hartan espetxean egindako lehen bisitan, nabari ziren torturaren arrasto psikologikoak. «Hitz egin zigun pasatutako torturak gogora zetozkiola gauean, eta loa hartzea kostatzen zitzaiola, amesgaiztoak zituela. Gure aurrean negar tanta gutxi batzuk ateratzen zitzaizkion oroitzapenak burura ekartzean».

Bederatzi urte eta erdiko espetxealdian, denbora gehien Andaluziako hiru kartzelatan eman zuen —batik bat, Puerto III-n—, erregimenik gogorrenean, bakartuta. «Zu, senide moduan, espetxera zoaz, eta kontatzen dizu bakartuta dagoela, baina ez zara gai imajinatzeko egiazki zer den. Ziega oso txikia, patio oso txikia, 50 metro luzerako bistarik ere ez duena, lau hormetatik gora sare bat duena...». Puerto III-ko espetxea segurtasun handikoa da, eta bertako bakartze erregimena «espetxe barruko beste espetxe bat» zela esaten zien senideei.

Patxi Reyren arabera, senideek eta lagunek mila kilometroko joan-etorria egin behar izateak egonezin handia eragiten zion, beste preso askori bezala. «Guk etxean badakigu urruntzea izan dela anaiaren heriotzaren errudun handienetako bat. Kapaza naiz esateko hemengo espetxean egon balitz gaur ez zela hilik egongo: gertu egonik, berriak izango zituen eta familiarekiko ardura hori joan egingo zitzaion».

Reyren arabera, espetxe sistemak modua jartzen du beste presoek «etsaigai» ikustea euskal presoak. «Begiak erne egon behar dute, eta kontu handiz ibili. Horrek tentsioa dakar, karga, beldurra. Ez dut uste egunerokoan hainbestekoa zenik, baina halako batean kezka horiek guztiak pilatu egiten dira. Hori guztia ez da nahi gabe egiten. Politika baten barruan estrategia bat eraikitzen da, torturatzeko eta psikologikoki zigortzeko».

Dena den, Patxi Reyk ustekabe handia hartu zuen heriotzaren berri izan zuenean. «Ez nuen sinesten. Anaiarekin aste horretan hitz eginda nengoen, eta horrelako berririk ez nuen espero inondik inora». Fisikoki eta psikologikoki osasuntsu ikusten zuten, eta argi du espetxeko egoerak zeresan zuzena izan zutela. «Hamar urtean aste txar bat izan zuen, kalean edozeinek eduki dezakeen bezala: han 20 ordu ziegan, lorik egin gabe, horrek duen zamarekin... Ez zen nahi gabe izan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.