EH Bilduk eskatu du emakumeen eskubideen aldeko itun bat egiteko Gipuzkoan

Koalizio subiranistaren Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Maddalen Iriartek nabarmendu du beharrezkoa dela hitz egitea, «emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaia lehia politikotik ateratzeko». Besteak beste, itunaren bidez, soldata arrakala murriztu nahi dute.

EH Bilduko zenbait emakume, gaur goizean, Hondarribian. EH BILDU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 4a
16:22
Entzun

Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperetan, EH Bilduk agerraldia egin du gaur goizean. Hondarribian (Gipuzkoa) bildu dira koalizio subiranistako emakumeak, eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak proposamen bat egin du lurralderako: emakumeen eskubideen aldeko itun bat egitea.

Zenbait funtzio izango ditu akordioak, Iriarteren esanetan. Soldata arrakala amaitzea: «Hitz egin dezagun eserita eta adostasunetara heltzeko bidean, nola lortuko dugun emakume eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzeko Gipuzkoa mailako hitzarmen bat, herrialdeko ekoizpen sektoreekin eta eragile sozialekin elkarlanean». Zaintzari buruz aritzea: «Eseri gaitezen eta hitz egin dezagun erabat feminizatutako zaintzaren sektoreaz eta bertan diharduten emakumeen lan baldintzak behingoz hobetzeaz, behingoz duintzeaz». Eta politikan ordezkaritza parekatzeko: «Emakumeen eskubideen aldeko Gipuzkoako ituna behar da, emakume eta gizonen presentzia parekidea izan dadin foru administrazioko organo guztietan, baina baita Gipuzkoan egoitza fiskala duten enpresa pribatuek kudeatutako organoetan ere». Finean, hauxe eskatu du: «Har ditzagun herri bezala eta gizarte gisa aurrean dauzkagun erronkei era estrategiakoan erantzuteko neurriak».

Ahaldun nagusi izateko EAJko eta Elkarrekin Podemoseko hautagaiak ere akordiora batzera deitu ditu: «Eser gaitezen, hitz egin dezagun, eztabaida dezagun eta adostu dezagun eta atera dezagun lehia politikotik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gaia». Esan du jakitun dela alderdi politiko desberdinen ordezkari diren heinean, proposamen eta planteamendu politiko desberdinak dituztela, baita berdintasun politiketan ere. Halere: «Emakumeak eta politikariak gara, eta zoru bat partekatzen dugu, eta kontu batzuek lehia politikotik kanpora geratu behar dute».

Mugimendu feministarekin

Mugimendu feministak aurtengo martxoaren 8rako antolatu duen gaiari ere heldu diote. Hala esan du EH Bilduko idazkari feminista Oihana Etxebarrietak: «Zaintzak ez dira pertsonalak, politikoak baizik. Emakumeengan utzitako ardura politikoa, kolektiboa eta gizartearena dela azpimarratu nahi dugu eta horri esker aberastu diren gizonena eta enpresena bereziki». Eta mugimendu feministarekin bat egiten dutela nabarmendu du: «Martxoaren 8an kaleak hartuko ditugu. Kezko hesien aurrean, bandera moreak airean jarriko ditugu, denon bizitzak erdigunean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.